Irakasleok ikasten

Urtero, udako oporrak bukatzean, era askotako lanekin topo egiten dugu ikastolara itzultzen garenean. Gainera, beti ustekabe ugarirekin topo egiten dugunez, zaila izaten da ikaslerik gabe gauden egun horiei nahiko genukeen etekina ateratzea.

Aurten, bereziki “mugitua” izan da gure hasiera eta era askotako aldaketekin topatu gara. Nolanahi ere, hasiera gorabeheratsu honi etekina ateratzeko gai izan gara gure lanketan ezarri ditugun berrikuntza batzuei esker. Handiena, zalantzarik gabe, gure lanean “Diseinuzko Pentsamendua“ren metodologia erabiltzearena izan da. Iaz, 3. eta 5. mailako ikasleekin landutako metodologia horrek dakarzkigun onurak ikusita, gure arteko lanean txertatzea otu zitzaigun eta, lehen hurbilketa izan arren, oso balorazio positiboa egiten dugu.

diseinuzko_pentsamendua_txiki

Hasi besterik egin ez dugun arren, gure zereginaren nondik norakoa hobeto identifikatzeko, helburuak zehazteko, ideia berriak proposatzeko… balio izan du. Astelehenean hasiko den ikasturterako antolaketa berri bat adostu dugu, lan egiteko era berriak finkatu ditugu, Lehen Hezkuntzarako proposamen zehatzak adostu eta landu ditugu, zereginak esleitu ditugu, lan-taldeak finkatu ditugu…

Betiko bilerekin etekin eskasa eta jendearen nekea eragiten besterik ez zen lortzen. Eskema edo dinamika horretatik atera gara eta gure lanari etekin handiagoa ateratzen ikasten ari gara. Gainera, praktika hauekin ikasten duguna gure geletara eramateko oso lagungarria egingo zaigu. Beraz, etekin bikoitza guztiontzat.

Jarraian, egun hauetako saioetan hartutako irudi batzuk.

arbelan

horma-luze

mapa

Bukatzeko, egun hauetan ere Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzari buruzko formazio saioak burutu ditugu. Irakasle askorentzat metodologia honi lehen hurbilketa egiteko baliagarria izan da eta beste metodologietan murgiltzearen beharraz jabetzeko oso lagungarria suertatu da. Gainera, oker ez banago, metodologia berrietan murgiltzeari diogun beldurra uxatzen hasteko ere balio izan duela iruditzen zait.

POI_lg

Orain, ikasleak gurekin hasten direnean, honek guztia jarraipena izango du eta, poliki-poliki, sortuko diren proposamenen eta hartuko diren erabakien berri izango duzue. Aldaketa geldiezina da eta guztiok antzemango dugu.

2014-2015 ikasturte zoriontsua izan dezagun!!!