Amesten nuen ikastola

2009ko maiatzean jarraian doakizuen “ideia jasa” burutu nuen bat batean bururatzen zitzaizkidan ideiak idatziz. Ideia jasa horren gaia hauxe zen: “Amesten dudan ikastola” eta, bertan, gure ikastolak, epe motz-ertainean, egin beharko lukeena zaharkituta ez gelditzeko eta gustura aritzeko jasotzen nuen.

Gaur, datorren ikasturtean erabiliko ditugun baliabideak berrikusten ari nintzelarik, berriro horrekin topo egitean, lau urte baino gehiago igaro diren arren, oraindik ere hortxe agertzen diren gai gehienek amets izaten jarraitzen dutela ohartu naiz.

Zalantzarik gabe, berriro beste bat egingo banu, beste gauza asko sartuko nituzke eta hortxe agertzen diren gauza batzuei “ukitu” bat emango nieke, baina funtsean, hortxe agertzen den guztiarekin bat egiteko arazo berezirik ez daukat. Ea zuei zer iruditzen zaizuen nik amesten nuen ikastola.

Bukatzeko, Suedian dagoen Vittra eskolako Telefonplan ikastetxeko irudiekin osatu dudan bideoa uzten dizuet. Hori ikusita, beste eskola eredu bat ez al da posible?

By |2013-08-26T12:52:48+02:0025 abuztua, 2013|Hezkuntza|0 Comments

Aurkezpen digitalak ekoizteko aholkuak

aurkezpena
Zer moduz doa maketa hori? Seguru sekulako lanak egiten ari zaretela eta denok liluratuta utziko gaituzuela zuen sormenarekin.

Tira, esan genizuen bezala, eginiko lanaren prozesua dokumentatu egin behar duzue eta, horretarako, aukera bikoitza eman genizuen. Txostena egiteko asmoa baduzue, mezu honek ez dizue asko lagunduko, baina aurkezpen digitala egiteko asmoa baduzue, ez ahaztu jarraian doazen aholkuak eta txertatu dugun aurkezpenean agertzen dena.

1.- Sinplea

Aurkezpen batean dena ez da sartu behar. Garrantzitsuena bakarrik jarri. “Gutxiago gehiago da”

2.- Puntuen (bulletak) eta testuaren erabilera mugatu.

Diapositiba bat horrelakoekin beteta ez da oso praktikoa eta entzuleen arreta mantentzeko ez dute askorik laguntzen.

3.- Efektuak eta animazioak mugatu

Badakigu efektu eta animazio horiek gustuko dituzuela, baina aurkezpen baten helburua ez da marrazki bizidunetako saio bat eskaintzea. Beraz, horrelakoak beste baterako uztea aholkatzen dizuegu.

4.- Kalitatezko irudiak erabili

Goiko aurkezpenean agertzen den bezala, kalitatezko irudiak erabiltzeak egundoko garrantzia du. Horretarako, irudi gardenak edo orrialde osoa hartzen dutenak erabiltzea aholkatzen dizuegu. Irudi libreak eta kalitatezkoak bilatzeko jarraian doazen helbideak erabil ditzakezue:

5.- Diseinu erakargarri bat hautatu

Zalantzarik gabe, gure azalpenak testuinguru atsegin batean kokatzen baditugu, emaitza eraaginkorragoa izango da. Horregatik, diseinatu aurkezpen arakargarri bat sortze oso garrantzitsua izango da. Askok, programak berak dituen diseinuak hautatzen ditu. Hori EZ EGIN INOIZ! Hobe da zure diseinu propioa sortzea, zure kolore konbinazioa erabiliz, elementuen kokapena zuk erabakitako tokian jarriz…

6.- Grafiko argiak erabili

Hainbat lanetan, grafiko batzuk erakustea derrigorrezkoa izaten da. Hori bai, kontuz ibili hautatzen duzun grafikoarekin. Izan ere, grafikoan agertzen diren datuak modu argian ikusten ez badira, grafikoaren eraginkortasuna galdu egiten da eta nahasmenerako besterik ez luke balioko. Horregatik, diapositiba bakoitzean grafiko bat baino gehiago jartzea, kasu askotan, oso arrikustsua izan daiteke. zalantza izanez gero, hobe grafiko bat baino gehiago ez jartzea diapositiba bakoitzean.

7.- Koloreak ongi erabili

Goialdean jarri dizuegun aurkezpenean, kontrastearen inguruan mintzatzen gara, baina hori ez ezik, kolore konbinazio erakargarriak erabiltzea garrantzitsua izango da. Interneten tresna ezberdinak daude kolore sortak aukeratzeko eta horietako batzuk jartzen dizkizuegu:

8.- Letra erakargarriak hautatu

Programa gehienetan, “Times New Roman” bezalako iturriak datoz defektuz. Bada, guk horrelakoak ez erabiltzea aholkatzen dizuegu. Milaka letra mota ezberdinak daude eta estilo guztietakoak. Bilatu ondoen egokitzen dena zure diapositiben diseinuari, zure mezuari… eta hori erabili. Ez erabili letra mota asko aurkezpen batean. Bestalde, goiko aurkezpenean ikus dezakezuen bezala, letraren neurria HANDIA EDO OSO HANDIA erabili. Horrela, inor ez da ikusi gabe geldituko eta zuen mezua modu argi batean iritsiko da. Kolore eta irudiekin gertatzen den bezala, letra libreak eta dohain deskargatzeko (gero instalatu egin behar da) toki asko dago Interneten. Horra hor horietako batzuk:

9.- Denbora eskaini

Aurkezpen on batek, gauza gehienekin gertatzen den bezala, bere denbora behar dute. Prestakuntzarekin hasten zarenean, gidoi edo eskema labur bat egiteak asko lagunduko dizu. Erabaki diapositiba bakoitzean zer jarriko duzun eta, horren arabera, bakoitzean jarriko duzun mezua eta irudia. Gero, poliki-poliki egiten hasi eta letrak, koloreak… fintzen joango zara. Bukatzeko, ez ahaztu gero jendaurrean aurkeztu beharko duzula. Beraz, entseguak egin eta praktikatu, praktikatu, praktikatu…

Bueno, honekin, gure ustez, nahikoa izango duzue eta aurkezpen bikain bat egiteko gai izango zarete. Ondorengo mezuetan, txostena idazteko aholkuak eta jendaurreko aurkezpena egiteko aholkuekin segituko dugu. Ondo ibili eta kontuz eguzkiarekin!!!

Bonus track: bideo honetan, aurkezpen on bat egiteko aholkuak eta adibideak ikusi ahal izango dituzue. Gazteleraz dago, baina irudiekin ez dut uste inongo arazorik izango duzuenik ondo ulertzeko.

By |2015-09-12T20:40:27+02:0029 ekaina, 2012|Albisteak|1 Comment