Tagged: berrikuntza Toggle Comment Threads | Keyboard Shortcuts

  • metxarri 19:49 on 2013/04/08 Permalink | Reply
    Tags: , berrikuntza, ikasi,   

    Zein da ikasten ikasteko gogorik ez duena? 

    irakasle_gaiztoa
    Ikastolako IKTeroak blogean mezu hau irakurri dudanean eta bideoa ikusi ondoren, izenburuko galdera etorri zait burura.

    Nik erantzun bat dudala pentsatzen badut ere, zuen esku utzi nahiko nuke galdera horren erantzuna. Bideoa, ikusi beharreko horietako bat da eta erantzuna ematen lagunduko dizuena.

     
  • metxarri 01:15 on 2013/04/05 Permalink | Reply
    Tags: , berrikuntza   

    Ez arriskatzearen arriskua (igarkizunen erantzuna) 

    arriskua

    Aurrekoan igarkizunak proposatu nizkizuen eta ez nekien oso ondo erantzuna nola eman. Ideia desberdinak nituen baina, Iñazio Irizarren mezu hau irakurtzean konturatu naiz hortxe nuela behar nuena igarkizunen mezuarekin lotzeko.

    Nik testu pare bat luzatu nituen esan gabe nondik atera nituen. Jendeak asmatu behar zuen nondik atera nituen testu horiek. Bada, Jolausek iruzkinean esaten duen bezala, lehen testua Curriculumetik (2007 – PDF) aterata zegoen eta bigarrena gure ikastolako Hezkuntza Proiektutik (1994 – PDF).

    Eta nola lotzen dut nik igarkizunen mezua Iñazioren mezuarekin? Bada, berak irakurri duen Xesco Espar-ek idatzitako “JUGAR CON EL CORAZON: LA EXCELENCIA NO ES SUFICIENTE” liburuaren inguruko iruzkinak egiten ditu eta oso deigarria egin zait liburu horren aurkibidea:

    1- Bikaintasuna ez da nahikoa,
    2- Bihotzarekin jokatu,
    3- Ez arriskatzearen arriskua,
    4- Ikusteko sinetsi,
    5- Mugak apurtu,
    6- Nor bihurtzen zaren,
    7- Taldean nola egin lan,
    8- Lidergoa eta zuzendaritza taldean, eta
    9- Zure bizitza orain da.

    Ikusten duzuen bezala, aurkibide horretan puntu batzuk nabarmendu ditut. Gehiago ere nabarmendu nitzakeen, baina gehiegi ez luzatzearren, lau horietan zentratuko naiz.

    Bikaintasuna ez da nahikoa: gure ikastolak ibilbide luze eta emankor egin zuen bikaintasunaren eremuan, baina bide horrek berak erakutsi zigun hori ez zela nahikoa. Horrenbeste ahalegin egin eta gero, kosta egiten da berriro beste planteamendu berritzaile batekin hastea, baina ahalegin ezberdinak egin genituen formula berriak topatzeko. Universitat Politecnica de Catalunya-ko irakasle honek kontatzen duen egoera honetara iritsi baino lehen, aldatu egin genuen eta aldaketa horren arrakasta zenbaterainokoa den jakiteko denbora beharko dugu.

    Bihotzarekin jokatu: beharbada, bikaintasunaren esparruan hartutako ohitura batzuk direla medio, esparru emozionala gure erabakietatik nahiko urrun gelditu zen. Neurtzen genituen adierazleak ziren gure erabaki nagusienen motorra. Hori, ezagutzarekin eta pertsonekin lan egiten duen erakunde batentzat arriskutsu samar izan daiteke. Izan ere, pertsonok eta ezagutzak zenbaki edo adierazle hutsekin neurtu ezin daitezkeen erpin ugari ditugu.

    Ez arriskatzearen arriskua: ikastolok, tradizionalki, arrisku handiak hartzen zituzten erakundeak izan gara. Ezarritako arauak, legeak, tradizioak… hautsi eta gurasoen (gizartearen) borondatea erantzutera zetorren eredu berritzaile bat proposatzen zuten. Zoritxarrez, denborarekin, espiritu hori galtzen joan da eta burgestu egin gara. Instituzionalizazioak eremu administratiboan onurak ekarri dituen bezala, eremu pedagogikoan enpresaren ikuspegia nagusitu da eta negozio eredua arriskuan ez jartzearren, oso arrisku gutxi hartzen ditugu. “Adituek jakingo dute” edo “Nor naiz ni aditu horien proposamena zalantzan jartzeko” bezalako esaldiak maiz entzuten dira gure ikastoletan. Arriskuak hartzeari diogun beldurraren eta kontserbadorismoaren adibide garbiak.

    Mugak apurtu: arriskuak hartzeari beldurra dion erakunde batek, nekez apurtuko ditu mugak. Erakunde “iraultzaileak” izatetik erakunde kontserbadoreak izatera pasa gara.

    Igarkizunen mezura bueltatuz, jarritako testuak irakurtzen baditugu, ohartuko gara, urte dezente igaro eta gero, urruti samar gaudela 1994an gure ikastolak planteatzen zuen Hezkuntza Proiektuan esaten ziren gauza askotatik eta 2007tik indarrean dagoen Curriculum Dekretuak dioen horretatik.

    Hezkuntza Proiektutik ateratako esaldi batzuk
    :

    • Pertsona bakoitzaren egoeratik abiatzen da bere garapena eta heldutasuna lortzeko. Nola lor daiteke hori gure proiektu guztien abiapuntua testu-liburuak direnean?
    • Ikerketa gune da, bertan metodologia desberdinetan oinarritutako pentsamendu zientifikoa lantzen da. Benetan sinesten dugu gure ikastolak ikerketa guneak direla? Paketeetan bildutako ezagutza batzuen transmisoreak ez al gara bihurtu?
    • Irakaslearen zeregina, ikasleen jakin-mina piztea eta gai guztietako zaletasuna bultzatzea da, horretarako behar diren interes zentroak landuz. Errealitatean, irakasleok paketeetan datozen edukien kudeatzaileak ez al gara?
    • Globaltasuna bultzatzen du, diziplina desberdinen arteko lotura bilatuz. Hori HHn eta LHn balio al du bakarrik?
    • Ikasleak ikasten duena, bere bizitzarako baliagarria izan behar du, eta ikaste hori, esanguratsuak diren prozesu eta ikasketen bidez eraikitzen dugu. XXI. mendeko ikasleek izango dituzten beharrak, eskaintzen diegunarekin asetzen al ditugu?
    • Hezkuntza prozesua, bere osotasunean ebaluatzen da, ikasle bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontutan izanik. Oraindik ere, azterketak eta kontrolak jaun eta jabe diren erresuman bizi gara.
    • Ahaleginak egiten ditu hezkuntzaren barnean irudimen, sentsibilitate eta sormena lantzeko. Gehienetan, edukiei ematen zaien garrantzia dela eta, ezinezkoa egiten da egungo gizartean geroz eta balio handiagoa duten balio horiek aintzat hartzea.
    • Ikasleen helburu propioak garatzea ahalbideratu. Helburuak goitik behera ezarrita datoz: Administrazioak → Ikastolen Elkarteak → Ikastolak→Irakasleak → Ikasleak. Honela, ikasleek nekez ezarriko dituzte euren helburuak.
    • Ikasleen interesak ezagutu eta aldi berean abiapuntutzat hartu. Aurrekoari paketeetan datozen edukiak gehitzen badizkiogu, ulertuko dugu ikasleen interesak non gelditzen diren.
    • Ikasleek espiritu kritikoa izan dezaten bultzatu. Emandakoaren aurrean zeresan eskasa daukazunean, espiritu kritikoa pizten da erreakzio gisa egoera hori salatzeko, ez erakundeak bultzatzen duelako.
    • Ahaleginak eta zailtasunak baloratuz prestakuntza autonomoa garatu. Ezarritakoari erantzutera bultzatzen den eredu honekin, ikasleen eta irakasleen prestakuntza autonomoa utopia bilakatu da.
    • Gurasoek, irakasleek, ikasleek eta pertsona ez dozenteak gestioan parte hartzea lortu eta euren artean komunikazioa ziurtatzeko bideak jarri. Ikasleen partaidetza erreala non gelditu da? Eta gurasoen partaidetza esparru pedagogikoan?
    • Irakasleriaren artean talde lana bultzatu eta beraien arteko hausnarketa komunaren bidez, jardueren etengabeko azterketa egin. Zoritxarrez, paketeetan jasotakoaren eta emandakoaren jarraipenerako besterik ez da talde lan hori ematen. Ia inoiz ez da hori ematen gure jardunaren inguruko hausnarketa serio bat egiteko eta, are gutxiago, berrikuntza esanguratsuak edo aldaketa sakonak gauzatzeko.

    Tontxu Camposen 2007ko Curriculum Dekretutik ateratako pasarte labur bat:

    Hezkuntza hobetzeko xedea du berrikuntza horrek, eta curriculumaren plangintzari, aplikazioari eta ebaluazioari eragiten dio. Hala, curriculum berri hau aplikatzeko, aldaketa handiak egin behar dira, bai metodologian, bai antolakuntzan, bai irakasleen pentsaeran eta prestakuntzan, bai eta beste alderdi askotan ere.

    Gure tradizioan begi onez ikusita zegoen administraziotik zetozen inposaketen aurrean, jarrera kritikoa azaltzea eta bide propioak urratzea. Baina, kasu honetan, nekez ulertuko litzateke hori guk bultzatutako eta gureganatutako Euskal Curriculumak (PDF) gauza bertsuak esaten dituenean.

    Hezkuntzaren funtzioa ez da bakarrik hizkuntza eta kultura transmitituz gizarteratzea; horrez gain, beste funtzio batzuk ere baditu: bizitzako eremu guztietarako prestatzea (familia, gizartea, lana…), ikasten ikasteko konpetentzia garatzea, gure giza izaera zein den ulertzea, pentsamendu kritikoa bultzatzea, sormen gaitasunak garatzea, gure ekintzen erantzule izaten laguntzea… Hezkuntzaren funtzio horiek eta beste batzuk ezin dira bata bestearengandik bereiztuta ulertu, hezkuntza prozesuaren baitan baizik. (…) Euskal Curriculumaren proposamenaren helburua, batetik, XXI. mendean euskal herritar unibertsal gisara bizi ahal izateko ezinbesteko eta oinarrizko konpetentzia komunak bermatzea da. Ikuspegi horretatik, proposamenak irekia izan behar du, curriculum dibertsifikazioak tokia izan dezan eta gizabanakoen desberdintasunak eta inguru bakoitzaren kultur elementuak kontuan hartzeko. (…) Curriculuma antolatzeko ardatzek ez dute izan behar kontzeptuzko “jakintza”k, pertsonaren dimentsio guztietan jarduteko behar diren konpetentziak baizik. (…) Jakin badakigu guk egindako proposamenak aldaketa sakona dakarrela “zertarako eta zer irakatsi eta ebaluatu” auzian, bai eta “nola irakatsi eta ebaluatu” auzian ere. Gure planteamenduaren arabera, irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta haien funtzioa ikasleak bizitzaren eremu guztietan modu egokian jarduteko prestatzea da. Irakasleen funtzioa ez da “haien” diziplina irakastea bakarrik; gainerako irakasleekin batera, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, egiten eta ekiten ere irakatsi behar baitute. Horrek guztiak hezkuntzari eta hezkuntzaren irakaskuntzari buruzko ikuspegi aldaketa dakar, eta pentsamenduan eta irakasleen jardunean aldaketak eta doitzeak behar ditu. Gai konplexuak eta zailak dira, eta planteamendu berriak beharko dira, bai irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzan, bai curriculumeko diziplinetan.

    Tira, bada, arestian aipatutako arriskatzeari hartu diogun beldurra dela eta, aspalditik esaten ditugun eta legeak eskatzen dizkigun gauzak betetzetik nahiko urrun gaude. Kontradikzio hori normaltzat hartu beharko genuke aldaketa prozesu batean, baina prozesu hori ia 20 urteetan luzatzen denean… Abiadura kontua dela esango dute batzuk, baina denboraren kontzeptu oso ezberdina izango dugu, nonbait.

    Baina hori ez da okerrena. Nire ustez, okerrena da beldur horrek gure erabakien gidari bilakatu dela, berrikuntzarako aukera bat egon daitekeen egoeretan arriskua besterik ez dugula ikusten eta aldaketa anekdotikoak direnak eta esanguratsuak ez diren horiek erabiltzen ditugula gure immobilismoa justifikatzeko eta benetako aldaketari diogun beldurra ezkutatzeko. Bestalde, horrek ere geure buruarengan konfiantza falta izugarria erakusten du. Nik berriz, ikastoletan sekulako altxorra dugula pentsatzen jarraitzen dut: pertsonak. Eta, zoritxarrez, langileen gaitasuna eta konpromisoa, ikasleen indarra eta irudimena, gurasoen inplikazioa eta interesa, ez zait iruditzen behar bezala aprobetxatzen direnik.

    Urte asko (gehiegi) pasa ditugu informazioa eta formazioa jasotzen, eztabaidatzen… eta aukera erreala dagoenean landutako guztia aurrera eramateko eta aldaketa esanguratsuak sustatzeko, beldurra agertzen da eta anekdota hutsa diren gauzei heltzen diegu berriro funtsezkoak diren aldaketei eta erronkei ez heltzeko. Noiz arte jarraituko dugu horrela?

    Duela gutxi arte, alderdi politikoak eta euren ordezkariak, Erret Familia, era guztietako iruzurgileak… zigorgabetasun sentsazio batekin bizi ziren. Baina jendearen amorruak #15M edo #occupy bezalako mugimenduetan eztanda egin zuten. Hezkuntzan horrelako zer edo zer gertatu arte egin beharreko aldaketak atzeratuz segituko dugu? Gure jolastokietan kanpaldiak antolatu beharko dituzte gure ikasleek eta gurasoek?

    Bai, ahal dugu!!!

    bai-ahal-dugu_baina-ez-dute-nahi

     
    • jolaus 07:24 on 2013/04/06 Permalink | Reply

      Sei urte pasa dira dekretua publikoa egin zenetik. Bitarte horretan, denbora aurrera doala etagzgaudela ari Curriculum biek planteatzen duen errealitate berrira egokitzen planteatu den bakoitzean, erantzuna beti berdina izan da: azkarregi joan nahi duzue, Elkartetik ikasturte honetarako urratsak ematen joateko konpromisoa hartuta dauka, itxaron.

      Urratsak eman diren edo ez, erabakiak haudiren edo ez eta hauek guztiak nahikoak izan diren edo ez, norberaren pertzepzioaren araberakoak izango dira.Baina ukaezina da curriculum bietan planteatzen diren egiturazko aldaketak ez duela inondik ageri eta, okerrena dena, ez direla aurrera eramango. Ikastolaren barne antolaketa, komunitatearekiko harremanak eta antzeko atalak alde batera utziz, irakasleriaren funtzio eta zeregin berriei dagokionez bakarrik, LOGSErekin gertatu zenaren berdina gertatzen ari da orain. Ikasmaterial berria aplikatzea entrenatuko ditugu irakasleak, materialak erabiltzen espezialistak bihurtuko ditugu, edukiak modu jakin batean aplikatzen trebeak bihurtuko dira… ulertu gabe zer den egoera bat definitzea, zer den sekuentzia bati forma ematea, non txertatu behar den ebaluazioa nola eta zertarako, nola komunikatu behar den hortik jasotakoa… Prtzepzio pertsonaietatik baina harago dagoena da, irakaslearen funtzioa erabat desbirtuatuta izaten jarraitzen duela eta jarraituko duela.

  • metxarri 22:51 on 2013/03/25 Permalink | Reply
    Tags: , berrikuntza   

    Oporretarako istorioa 

    masifikazioa_pertsonalizazioa
    Ander mutil alai eta jatorra da, ezer berezirik ez dauka. Mutiko arrunta da. Bere etxean, gurasoek denbora dezente pasatzen dute sukaldean. Izan ere, bertako produktuak erabiliz eta maitasun handiz prestatzen dituzte bere otorduak. Eta hori ez da kasualitatez gertatzen, aitzitik, kontzienteki hartutako erabaki bat da: eredu jasangarria da, bertako baserritarrak eta arrantzaleak laguntzen dituena eta, horren ondorioz, bertako ingurunea eta kulturari egundoko ekarpena egiten dion eredua da. Hori gutxi balitz, bere gurasoek beste guraso batzuekin elkartzen ziren errezetak partekatzeko menu anitzagoak, sormen handikoak eta, batzuetan, sofistikatuak ere lortuz. Kultura horrekin, trebetasun maila handia lortzen joan ziren eta goi mailako sukaldarien parean zeudela esaten zieten etxera gonbidatzen zituzten lagun guztiek.

    Hala ere, irudikatzen zituzten plater zoragarri horiek ez ziren beti ondo ateratzen. Batzuetan, gatz puntuak huts egiten zuen, besteetan, lehorrak ateratzen ziren eta beste batzuetan urtsuak… Baina hanka sartze horietatik, pazientzia eta maitasun handiz, ikasi egiten zuten eta beste gurasoekin zituzten harremanei esker, beti topatzen zuten baten bat egoera horretatik pasatutakoa edo trikimailuren bat ezagutzen zuena.

    Ander oso kontzientea zen bere gurasoen ahuldadez, hauek ez baitzituzten euren mugak ezkutatzen, baina are kontzienteagoa zen gurasoek jartzen zuten maitasunaz eta egiten zuten esfortzuaz orain gozatuko lukeen eta bere etorkizun osasuntsua bermatuko lukeen elikadura eta dieta zoragarri bat eskaintzeko.

    haurra_liburua_jatenJoseba, 6 anaietatik gazteena da. Adin tarte handia zegoen bere anai-arrebekin. Bere gurasoek seme-alaba zaharrekin, Anderren gurasoek egiten dutenaren berdina egiten omen zuten, baina denboraren poderioz, erosotasunean erortzen joan ziren eta Josebarekin aurrefabrikatutako elikagaiak erabiltzen hasi ziren. Berehala, leku ezberdinetako gurasoak elkartu ziren eta aurrefabrikatutako elikadura eskainiko lukeen “Zentral” bat sortu zuten. Honela, kalitatezko estandarrak errespetatuko lituzketen janariak izango zituzten. Urtetan, irtenbide bikaina zela ematen zuen eta jasotako sari eta errekonozimenduek inpresio hori berretsi besterik ez zuten egiten. Gainera, familia gehienen beharrak asetzen zituenez, denak oso lasai eta seguruak sentitzen ziren.

    Baina garbi dago gauzak ez direla betiko eta umeen artean eman zen kirol jardueren praktikaren hedapenarekin batera, lehen arazoak sortzen hasi ziren. Umeen elikadura beharrak aldatzen joan ziren eta Zentralak aspalditik ezarritako estandarretatik urruntzen joan ziren. Gurasoak kontzienteak ziren euren umeen beharrak aldatzen ari zirela eta elikadura ezberdin bat behar zutela, baina horrenbeste urte eginkizun hori Zentralaren esku delegatu eta gero, ez ziren gai sentitzen euren seme-alaben beharrak asetzeko behar zuten menua planifikatzeko, erosketak egiteko eta, are gutxiago, sukaldean prestatzeko. Guraso batzuk sukaldea kenduta zuten eta beste batzuk sukaldeko lanak egiteko behar den tresneria ere ez zuten. Gainera, euren bizitza planifikatuta zuten bezala, ez zuten inongo aukerarik ikusten berriro sukaldaritzako lan horietan hasteko. Ausartenak, edo kontzientzia arazoa zutenak, arrautza frijituekin ausartu ziren eta bakar batzuk patata tortillarekin ere animatu ziren. Horrekin, euren kontzientzia garbitzeaz gain, Zentralak eskaintzen zuen menu bakarrak zituen hutsune batzuk estaltzen zituzten. Okerrena, denek zekitela hori ez zela soluzioa. Egungo gabeziak etorkizuneko arazoak zirela eta euren seme-alaben etorkizunarekin jolasten ari zirela sentitzen zuten.

    Egoera horretan, normala den bezala, umeak ez ziren irla batean bizi eta horretaz ere elkarrekin hitz egiten zuten. Ander eta Joseba lagun-minak ziren eta Joseba Anderren etxera bazkaltzera joan zen egunean, zur eta lur geratu zen mahai gainean ikusi eta dastatu zuenarekin.

    • Zure etxean beti horrela bazkaltzen duzue? – galdetu zuen Josebak-
    • Bai, ze ba? – erantzun Anderrek, harrituta Josebak erakusten zuen aurpegiarekin-
    • Nire etxera Zentraletik ekartzen dugu jana eta prestatu beharrik ez dagoen arren, oso aspergarria da, ez dauka zaporerik eta, Atletismoan nabilenez, ez du asetzen nik ditudan beharrak eta beti lehertuta bukatzen dut. Baina desberdintasunik handiena ez da hori, etxe honetako janariari darion goxotasuna eta maitasuna baizik.
    • Eta zergatik ez diezu zure gurasoei esaten nire gurasoek egiten dutena egiten hasteko? Seguru nire gurasoak eta beste batzuk ere laguntzeko prest egongo liratekeela.
    • Esan diet! Baina beti esaten didate beraiek ez dakitela Zentralekoek dakiten bezain beste eta zerotik hasi beharko luketela eta horretarako orain ez duten denbora eta formazioa beharko luketela.
    • Baiiii??? Hori egiteko? -bota zuen harrituta Anderrek- Akaso Zentrala egin aurretik ez zuten beraiek egiten? Bada, poliki-poliki hasteko! Seguru gainontzeko gurasoen laguntzaz euren menua hobetzen joango dela eta euren esperientziak partekatzen badituzte, euren errezetak hobetzen eta osatzen joango dira. Nik ez dut horren zaila ikusten. Nik etxeko planifikazioan parte hartzen dut eta, behin baino gehiagotan, nire errezetak ere egin izan ditut. Ez dut uste zure gurasoak ni baino gutxiago direnik – bukatu zuen, Joseba hitzik gabe utziz-.

    liburuak_jatenBitartean, Zentraleko erabiltzailez osaturiko guraso talde txiki bat hasi zen Zentralari soluzioak eskatzen. Izan ere, euren gaitasun eza eta Zentralarekiko menpekotasuna zirela medio, soluzioa handik etorriko zela konbentzituta baitzeuden.

    Zentralean, kezkaren lehen zantzuak ikusi ziren eta arduradunek lehen neurria hartu zuten: euren platerak apainduko zituzten. Estetikoki irabazi zuten, baina funtsean ezer aldatu ez zutenez, arazoak bere horretan segitzen zuen. Erabaki sakonagoa hartu zuten orduan: munduko sukaldari ospetsuak ekarri zituzten eta euren errezetak erabiliz, menu anitzagoak eskaintzen hasi ziren. Zentralaren jarraitzaile sutsuenak oso pozik agertzen ziren eta Zentralaren erabakiak zalantzan jartzen ausartzen ziren gurasoei ezjakintasuna leporatzen zieten. Nola ausartzen dira kritikatzen munduko sukaldari ospetsuenetakoak egindako menu horiek? -esaten zuten harrotasunez-.

    Zalantzarik gabe, menuak hobeak ziren, baina biziraupena eta mozkinak bilatzen dituen enpresa logikari erantzuten jarraitzen zuten eta sukaldaritzan oso garrantzitsuak diren goxotasuna eta maitasuna falta zitzaien.

    Hori gertatzen ari zen bitartean, guraso batzuk, Zentralaren menuak alde batera utzi gabe, euren errezeta propioak prestatzeari ekin zioten urtetan pilatutako armiarma sareak hautsiz. Guraso horien seme-alabak pozik txoratzen zeuden euren etxean ikusten ari ziren aldaketarekin eta gainontzeko umeekin komentatzen hasi ziren. Logikoa den bezala, gainontzeko umeek inbidiaz ikusten zuten ume horien poza eta euren etxeetan gauza bera eskatzen hasi ziren. Guraso gehienek “traiziotzat” hartu zuten Zentralaren esklusibitatea hausten zuten guraso gutxi horien jokabidea. Izan ere, euren utzikeria nabarmen gelditzen ari zen euren seme-alaben aurrean eta ebidentziaren aurrean ezer gutxi zuten esateko. Horregatik, gozoki batzuk ematen hasi ziren seme-alaben haserrea leuntzeko eta euren lasaitasuna ez hausteko.

    liburuak_afaltzenZoritxarrez, beste guraso gutxi horiek etxean ekoiztutako platerekin lortutako arrakastarekiko interesa erakutsi ordez eta aukera bat ikusi beharrean, arrisku edo mehatxuzko egoera besterik ez zuten ikusi. Jakin, bazekiten, euren jokabidea desegokia zela eta arrakasta zuten beste formula horiek euren rola guraso gisa zalantzan jartzen zuela besterik ez zuten ikusten. Gainera, Zentralaren sorreran eta ibilbidean lanean aritutako gurasoek urte askotako eredua erortzeko arriskuan ikusten zuten eta ez zuten ulertzen horren sarituta izan zen proiektuarekiko sortzen ari zen mesfidantza. Horregatik, umeen beharren aldaketen aurrean beste motako erantzuna beharrezkoa zela garbi ikusten bazen ere, euren etxeetan menuak prestatzen zituzten guraso “afizionatuak” kritikatzen zituzten euren dohainak zalantzan jarriz eta Zentraleko “sukaldea” betetzen zuten adituekin alderatuz.

    Zentralaren inguruan bazegoen inguratzen zuen kalitatezko halo moduko bat bere kontra emandako argudio guztiengandik babesten zuena, nahiz eta hauek sendoak eta taxuzkoak izan. Fedeak mendiak mugiarazten omen ditu, bada, Zentralarekiko zegoen fedeak bere kontrako ekimen guztiak oztopatzen zituen eta bere oinarriak sekula ez ziren zalantzan jarri.

    Nolanahi ere, obesitate kasuak, anemiak eta nutrizio desegokiarekin lotutako beste osasun arazoak ugaltzen joan ziren, nahiz eta osasun estandarretan oinarritutako probetan agertzen ziren emaitzak kontrakoa esan. Zoritxarrez, proba estandar horien baliagarritasuna zalantzan jartzen zutenei ez zitzaien kasu handiegirik egiten. “Friki” batzuk besterik ez ziren.

    Hala ere, guraso batzuk osasun proben emaitzei garrantzia erlatiboa ematen zieten eta proba horiek neurtzen ez zituzten beste aldagaietan ikusten zuten koherentzia faltagatik, beste motako analisiak egiten hasi ziren. Emaitzak oso argigarriak izan ziren eta etxean egindako menuak askoz ere osasuntsuagoak zirela egiaztatzen zuten. Egia esan, analisi horien beharrik ez zuten, egunero ikusten baitzuten hori.

    Egoera oso bitxia zen; umeek beste motako elikadura eskatzen zuten, gero eta guraso gehiago egiaztatzen ari ziren Zentralak ekoiztutako elikadura industriala ez zela inongo panazearik eta Zentralarekiko distantziak areagotzen ari ziren. Gainera, guraso batzuk hasi ziren sukaldaritzako saioetara joaten eta bertan jasotzen zituzten gainontzeko gurasoen esperientziak, trukuak… Uholdea geldiezina zen. Zentralak eskaintzen zuen dieta uniformearekiko mesfidantza hedatzen joan zen eta familia gehienetara iristen hasi zen. Zentralak muzin egiten zion gurasoen eta familien aldarriari.

    Horregatik, uholdea tsunami bilakatu zenean, Zentrala gaindituta ikusi zuen bere burua eta urtetan eraikitako “inperioa” inpotentziaz erortzen ikusi zuten. Garai batean zutabe sendoak ziruditenak buztinez eginikoak bezala erortzen hasi ziren. Deskalabrua itzela izan zen eta, denbora gutxian, familia gutxi batzuk baino ez zuten hartzen han prestatutako jana. Zentralak bere ateak itxi egin behar izan zituen eta familia guztiak elkartu ziren sukaldaritzako saioak antolatuz.

    Gaur egun, gure herrian, guraso guztiek prestatzen dituzte euren menuak eta, partekatzen duten informazioari esker, hauek etengabe hobetzen jarraitzen dutenez eta bakoitzak dituen seme-alaben beharretara egokitzen direnez, seme-alaben osasun egoera nabarmen hobetu da eta, gainera, hemengo gurasoek lortu duten kultura gastronomikoak ez dauka parekorik mundu guztian. Erreferente bat bihurtu gara munduko beste gurasoentzat eta garapen jasangarria aldarrikatzen duten mugimenduko kide guztiek goraipatzen dute gure jokabidea.

    Hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila ikastolako plazan.

     
  • irakasleak 21:45 on 2013/03/23 Permalink | Reply
    Tags: , berrikuntza   

    Ikastetxeek hezkuntza 1.0 egiten dute; hezkuntza 2.0 egiten ari direla esanez, hezkuntza 3.0 planifikatzen egon behar duten unean 

    Artikulu hau irakurtzean, gure artean gertatzen ari denaren ispiluaren aurrean nengoela iruditu zait. Horregatik, bertatik ateratako pasarte batzuekin uzten zaituztet.

    Hezkuntza 1.0

    Ikastetxe gehienak hezkuntza 1.0 ereduan murgilduta daude. Ukatzen duten arren, euren plan gehienak, funtsean, irakaskuntzan eta ebaluazioan oinarritzen dira.

    Ikasketa planen oinarria betiko ikasgai tradizionalak dira, hala nola, matematika, natur-zientziak, historia, atzerriko hizkuntza, literatura… Irakasleak jardunaren ardatz dira. Irakasleek edo administraziokoek erabakitzen dute zer izango den garrantzitsua ikaslearentzat, baina honen interesak aintzat hartu gabe. Irakasleak errendimendu proben emaitzetan zentratzen dira aurrerapenak ebaluatzeko. Sistema honetan, ikasleak ilaratan esertzen dira, pasiboak dira eta irakasleak dioena entzun besterik ez dute egiten.

    Hezkuntza 1.0ren ezaugarriak lehen web orriek zituzten bezalakoak dira. Ikasleak [eskolara] doaz hezkuntza bat jasotzera [irakasleengandik], hauek informazioa eskaintzen diete errutina ezberdinak jarraituz: testu-liburuak, koadernoak, apunteak… Ikasleak, funtsean, baliabide horien kontsumitzaileak dira. Jarduera horien emaitzak ia inoiz berrerabiltzen dira gainontzeko ikasleen esku jartzeko eta euren informazio iturriak aberasteko.

    Hezkuntza 2.0

    Web 2.0n gertatzen den moduan, Hezkuntza 2.0n elkarreragina handiagoa ematen da bai ikasleen artean, bai ikasle eta irakasleen artean, bai ikasle eta edukien artean… Zenbait ikastetxetan aldaketa batzuk eman dira konexioak areagotzeko eta web 2.0ko baliabideen erabilera sortzailea ikusten da proiektu kooperatibo batzuetan, wikien erabileran, blogak… Baina 2013an hori salbuespena izan ordez, ohikoa izan beharko luke.

    Hezkuntza 3.0

    Hezkuntza 3.0 ezagutza librean, irisgarrian eta eskuragarrian oinarritzen da. Autogestionarioa da, ikasleen interes guneetatik abiatzen da eta problemen ebazpena, berrikuntza eta sormena ardatz bihurtzen dira.

    Hezkuntza 3.0ren ezaugarri nagusienetakoak elkarrekintza instituzionalak eta kulturartekoak dira. Ikasleek protagonismo handia dute ezagutza sortuz eta partekatuz non sare sozialek eta gizartean eragiteko ahalmenak garrantzia handia hartzen duten eta eskolako komunitatetik harago doazen. Espazio-denbora banaketa, objektu pertsonak eta prozesuen arteko mugak lausotu egiten dira. Bereziki, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetan eragiten da, baita horrek eskatzen dituen aldaketa instituzionaletan eta pentsamoldeetan ere. Izan ere, ikasle-irakasleen arteko mugak, arlo akademikoen arteko mugak, instituzioa eta gizartearen arteko mugak… desagertzean, eskola-instituzioan eman beharreko aldaketa sakonak eman ezean, egoera jasanezina bihurtzen baita.

    Hezkuntza 3.0n irakasleak, ikasleak, sareak, konexioak, baliabideak, tresnak… elkartzen dira ikasle guztien eta irakasleen interesak asetzeko, baita gizartearenak ere.

    educacion1a3
    edu1a3dn9

    Hezkuntza 3.0 planifikatzeko eta inplementatzeko beharrezkoak diren pieza guztiak askatasun osoz erabiltzeko eskura dauzkagu. Hala ere, 1.0 eredu horretatik atera ezinik gabiltza, oraindik ere. Zaharkituta, garestia eta errealitatetik at dagoen eredu horrekin jarraitzeko era guztietako aitzakiak bilatzen dira (formazio behar da, zaila da, adituek guk baino hobeto jakingo dute zer eta nola egin…), baina ni argitaletxeen interes ekonomikoak atzean daudelakoan nago. Noiz arte jarraituko dugu interes horien menpe?

    Hezkuntza 3.0 planifikatzeko epea pasatuta dagoen arren, ez legoke gaizki gaur bertan horretan jarriko bagina.

     
  • irakasleak 07:18 on 2013/03/07 Permalink | Reply
    Tags: , berrikuntza   

    Krisi garaian, zer egin? 

    imposible
    Ez, ez gaude krisi ekonomikoaz ari. Lasai, horretarako nahikoa dugu hedabide guztietan ematen diguten alamenarekin. Gu, hezkuntza munduan bizi den krisiaz mintzatzen ari gara eta “krisi” hitza aldaketa garaia bezala ulertuta.

    Izan ere, hezkuntzaren munduan urte asko pasa dira aldaketa esanguratsuak eman gabe eta gizartean ematen ari diren aldaketen aurrean egin beharreko derrigorrezko egokitzapen horren aurrean, oso jokabide ezberdinak agertzen ari dira.

    Horregatik, ekintzaile gazte batzuen esaldi borobil bat hona ekartzea erabaki dugu:

    «Krisi garai hauetan arriskutsuena arriskuak ez hartzea da»

    Horregatik, gure ikastolan eta beste ikastetxeetan harago joaten ausartzen diren irakasle horientzat jarraian doan bideoa eskaini nahi diegu eta, bide batez, eskerrak eman bidea zein izan daitekeen erakusteko egiten dituzten ahaleginengatik.

     
c
compose new post
j
next post/next comment
k
previous post/previous comment
r
reply
e
edit
o
show/hide comments
t
go to top
l
go to login
h
show/hide help
shift + esc
cancel