Irteera zoragarria Ataun aldera

Atzo, giro freskoa izan arren, primerako eguraldia izan genuen eman genuen buelta zoragarria emateko. Gure ekimenarekin bete-betean bat egiten duen irteera izanik, ez genuen aukera alferrik galdu eta orain arte uraren inguruan landutakoari, naturak eta gure eskualdeak dituzten beste aspektuak ere jorratu genituen. Hala nola, landaretza, ibaien ezaugarriak, harri eta mineralen izaera, kultur ondarea, ohiturak, garai bateko lanak… Eta, jakina, aspektu horiek guztiek elkarrekin eta elkarrekiko dituzten harremanak ere landu genituen.

Oso gustura ibiltzeaz gain, lan polita burutu ahal izan genuen eta, gainera, begiraleak zur eta lur utzi genituen talde-lanean aritzeko erakutsitako jarrerarekin eta erraztasunarekin. Gutxitan ikusten den horietakoa! -euren esanetan-. Nola ez gara pozik itzuliko horrelako gauza politak entzun eta gero? 😉

Jarraian, atzo hartutako irudiekin osatu dugun bideoa eta argazki bilduma. Gozatu!

Eta hemen ikasle batzuk ateratako argazki sorta:

By |2014-11-26T08:56:39+01:0019 azaroa, 2014|Albisteak|0 Comments

Curriculum guztiak zaharkituta daude?

Marc Prenskyren “The World Needs a New Curriculum” (PDF Ingelesez) izeneko dokumentua irakurrita (Liburu osoa hemen topa dezakezue), duela 7-8 urte onartu eta gurea egin genuen Euskal Curriculuma etorri zait burura. Gainetik bada ere, berriro irakurri ditut gure curriculum horrek dituen planteamendu nagusiak. Egia esan, hori irakurtzen dudan bakoitzean, gure Hezkuntza Proiektua (PDF 5,2 Mb) irakurtzen dudanean bezala, tristura jartzen zait. Izan ere, dokumentu ofizial horietan agertzen dena eta errealitatean ikusten denaren artean dagoen aldea hain da handia… Bestalde, administrazioak ezarritako curriculumarekin antzeko zerbait gertatzen zait. Batez ere, betiko edukien ebaluazioari ematen zaion garrantzia ikustean, ikasle guztiak zenbaki batez sailkatzera derrigortzen gaituztenean…

Horregatik, eta gure ikasleekin beste edukien lanketan zentratzen ari garelako eta, azken urteotan, ahalegin handi bat egiten ari garelako, oso interesgarria iruditu zait Prenskyren planteamendua eta pentsarazi dit egungo curriculum guztiak zaharkituta daudela.

Zein da hezkuntzaren xedea? Askok “ikastea” dela erantzungo dute. Egia esan, iturri ezberdinetatik iristen zaigun informazio gehiena ikaskuntzarekin loturikoa da, baina inoiz ez dugu ahaztu behar ikaskuntza ez dela helburua, bitartekoa baizik. Beraz, hezkuntzaren xedea ezin da ikastea izan, mundu hobe bat egiten lagunduko duen pertsona bat bihurtzea baizik.

Ikasleen etorkizunerako baliagarriak izango diren gauzak irakasten ari gara? Lortu nahi ditugun pertsona hobe horiek lortzeko, beharrezkoak diren edukiak euren esku jartzen al ditugu? Eduki horiek interesgarriak edo esanguratsuak dira eurentzat? Euren interesekin konexiorik ba al dute? Zoritxarrez, gure curriculumek proposatzen dizkiguten eduki gehienek ez dute inongo baliorik izango ikasleen bizitzan. Marc Prenskyrentzat, aldaketa ez da lortuko teknologiaren bitartez bakarrik, ezta ere metodologia berritzaileak erabiliz, soilik. Berarentzat, beharrezkoa litzateke arestian aipatutako bi aspektu horiei (teknologia eta metodologia berritzaileak), hirugarren aspektu bat gehitzea: zer irakasten dugun. Berak dioenez, hortxe dago kakoa gure ikasleek jakin dezaten moldatzen etorkizun aldakor, ezezagun, konplexu eta anbiguo baten aurrean. Une honetan ditugun curriculumek ez dute balio, izan ere, irakasten diren edukiek ikasle onak sustatzeko balio dute, baina inondik inora sustatzen dituzte mundua hobetzeko ahalmena izango duten pertsonak. Eta nik gehituko nioke, gaur egun, teknologiarik gabe eta metodologia berritzailerik gabe ezin dut imajinatu nola lor zitezkeen helburu horiek. Bi aspektu horiek “per se” ez dira nahikoak, baina curriculum aldaketa hutsalarekin ere ez da ezer lortzen eta hemen adibide garbia dugu. Faktore horietan guztietan eta beste batzuetan (ikastetxeen antolaketa, hezkuntza politika zentralistak, ebaluazio sistemak…) kokatuko nuke nik benetako aldaketaren giltza.

Mendeetako tradizio akademikoak pisu handia du. Hizkuntza, Matematika, Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak mundu osoko curriculumen protagonista nagusiak dira. Eta euren inguruan PISA edo Ebaluazio Diagnostikoa bezalako probak egiten dira. Proba horien emaitzekin gure ikasleek zer ikasten duten eta eskoletan zer egiten duten esaten digute eta euren fokua lau arlo horien ikaskuntzan jarrita dago. Irakaskuntza erakundeek denbora asko eta esfortzu handia eskaintzen diote proba horien emaitzei aztertzeari eta ia inoiz ez dugu erreparatzen gure ikasleak zer diren eta zer izatera irits daitezkeen, ikasle onak bihurtzea besterik ez dute espero. Arlo akademiko horiek ez dira kuestionatzen eta gai horiek hobeto irakasteko ahaleginak egiten dira eta esfortzuak horretara bideratzen dira. Baina nahikoa al da? Funtzionatzen ari da?

Prenskyren proposamena curriculum berri batean oinarritzen da. Berak proposatutako curriculum horren lehen planoan, mundu osoko ikasleek etorkizunean murgiltzeko eta mundu hobe bat eraikitzeko ahalmena izateko, beharko dituzten lau giltzarri azpimarratzen ditu: Pentsamendu Eraginkorra, Ekimen Eraginkorra, Harreman Eraginkorrak eta Helburuen Lorpena. Adibidez, Pentsamendu Eraginkorra lortzeko, proposatzen dituen osagaiak honako hauek lirateke: pentsamendu kritikoa, pentsamendu matematikoa, pentsamendu zientifikoa, pentsamendu sortzailea, problemen ebazpena, diseinuzko pentsamendua edo «design thinking»… Ekimen Eraginkorra lortzeko proposatzen dituenak hauek lirateke: oso eraginkorrak diren pertsonen ohiturak eta mentalitatea, erresilientzia, izaera sendoa, ekintzailetza, berrikuntza, inprobisazioa, proiektuen kudeaketa… Harreman Eraginkorrak sendotzeko, horra hor barnean sartuko liratekeenak: komunikazioa, kolaborazioa (maila eta testuinguru ezberdinetan), enpatia, etika, politika, negoziazioa, hiritartasuna, bitartekaritza, gatazken konponbidea… Testuinguru horretan, irakasleek, ikasleen beharren eta interesen araberako plan pertsonalizatuak diseinatzeko malgutasuna beharko lukete.

Gaur egun, eskolako ia jarduera guztiak diseinatuta daude estandar jakin batzuei erantzuteko, baina ez benetako problema errealei erantzuteko. Inguruan eragin errealik ez duten jarduerak dira eta ikasgelaren lau hormak zeharkatzeko ez dute balio. Alternatiba hori aurkeztuz, Prenskyk bere ale txikia jarri nahi izan du ikasleak benetan interesatzen zaizkien gaietara hurbiltzeko eta, bide batez, eskolatik ekarpen txiki bat egin dezaten mundu hobe bat eraikitzeko.

Zalantzarik gabe, inoiz curriculum akademizista baten beharra izan bada, gaur egun ez du tokirik. Behar-beharrezkoa da gaitasun sozio-emozionalak, enpatia, konpromisoa, erresilientzia, kooperazioa, partaidetza, ahalduntzea… ahalbideratuko eta sustatuko dituen curriculum bat. Ikasleen akatsak ikasteko aukera gisa identifikatuko dituen curriculum bat behar dugu, ahaleginari, eta ez arrakastari soilik, benetako balioa emango diona. Bukatzeko, gure eskolak, pertsonak bere osotasunean, garatzeko tokiak bihurtuko dituen curriculum bat eta ez probak gainditzeko toki bat.

By |2014-12-27T20:02:51+01:0016 azaroa, 2014|Hezkuntza|0 Comments

Uraren zikloa landuz

Lehen hiruhileko honetan, dakizuenez, gure proiektuan uraren gaia gure eskualdearekin uztartuta jorratzen ari gara.

Orain arte, gai ugari lantzen eta, zergatik ez, nahasten ari gara. Beharbada, harrituta egon zaitezkete orain arte ikasleek ukitu dituzten gai ezberdin ugarirekin, baina errealitatea horrelakoa da. Ez da estratifikatuta, sailkatuta edo antolatuta aurkezten, aitzitik, dena nahastuta, elkarreragiten, kontradikzioz beterik… aurkezten zaigu. Bada, gure lanketa horrekin, horixe eraman nahi izan dugu gelara.

eskola_bizitza

Tradizionalki, eskola-ordutegiek eta testuliburuek ikuspegi partziala eta estratifikatua eskaini dute eta ikasleei transmititzen zaien errealitatearen pertzepzioa ez da osoa edo okerra da. Horregatik, eta kaosa edo anabasa izatearen arriskua onartuz, buru-belarri murgiltzen gara eta hamaika “saltsa” batera kudeatzen ahalegintzen gara. Beti ez da erraza izaten eta esfortzu gehigarri bat eskatzen duen arren, oso garbi daukagu horixe dela jorratu beharreko bidea eta, are gehiago, ikasleen erreakzio bikaina ikusita.

Une honetan, ikasleek jaso dute eskualde batentzat lantegiek duten garrantzia eta hauek ingurunean duten eragina, uraren eta ibaien garrantzia herrien kokapena erabakitzeko, gure etxeetara iristen den uraren atzean dauden prozesu konplexu guztiak eta gure erantzukizuna bere erabilera arduratsuan, eskualde baten adierazpen artistikoetan ingurumenak duen eragina, “industria, zerbitzuak, bizi-kalitatea, garapena, gastronomia, natura, kultura…” bezalako ideien arteko harremana, proiektu baten planifikazioa, proiektu baten garapenerako beharrezkoak diren enpatia, elkarlana, erresilientzia… bezalako kontzeptuak bizi, gure eskualdeko herrien artean dauden ezberdintasunak eta berdintasunak… Eta, jakina, jasotzen ari diren hori guztia era ezberdinez adierazteko gaitasuna garatzen ari dira. Horretarako, narrazioak, argibide testuak, eskutitzak, testu editore digitalak, aurkezpen digitalak, mapa mentalak, eskemak, infografiak, jendaurreko aurkezpenak, grafikoak… jorratzen ari dira. Eta hori guztia egitean, gainera, ibai baten zatiak eta hauen ezaugarriak, uraren ziklo naturala eta uraren ziklo artifiziala, Euskal Herriko ur muga, Euskal Herriko ibai garrantzitsuenak, uraren egoera ezberdinak eta hauen aldaketak, eskualde baten ezaugarriak, Goierri eskualdearen kokapena, Gipuzkoako beste eskualdeak, gure klima eta paisaia, klimograma digitalak, uraren erabilerak, ura iragazteko sistemak, uraren kontsumoa eta kutsadura, esperientzia zientifiko sinpleak, eraikinen oinarrizko egiturak, zortziko txikia eta zortziko handia… bezalako edukiak barneratzen joan gara.

Beraz, nahasketa edo anabasaren atzean, errealitate sendo eta konplexu bat ezkutatzen da eta jarraian doazen ekoizpenekin erakutsi eta frogatu nahi dizuegu.

Momentuz, orain arte, uraren zikloaren inguruan eginiko ekoizpen batzuekin uzten zaituztegu, baina poliki-poliki joango gara beste ekoizpenak argitaratzen.

Uraren ziklo naturala landuz, ikasleek ekoiztu dituzten bideoak

Arriarango Urtegira eta Araztegira eginiko irteeraren bideoa eta argazki bilduma

By |2014-11-05T08:14:44+01:005 azaroa, 2014|Albisteak, Hezkuntza|0 Comments

Berrikuntza Hezkuntzan, oximoron bat?

Berrikuntzaz asko hitz egiten da azken urte hauetan eta garbi dago, hezkuntza ez dela “moda” horretatik kanpo geratu.

“Etengabeko hobekuntzan oinarritzen gara…”, “Berrikuntzen bila dihardugu…”, “Etengabeko hobekuntzaren bidez…”… bezalako esaldiak maiz irakur daitezke ikastetxe eta hezkuntza erakunde askoren proiektuetan eta beste dokumentu askotan. Baina sinesgarriak al dira printzipio horiek? Erakunde horien ekintzek hori sostengatzen al dute? Nik uste dut ezetz!

Askoren ustetan, ordea, etengabe ari gara gauzak berritzen eta gure egungo jardunak zerikusirik ez du orain dela urte batzuk egiten genuenarekin. Eta horretan arrazoia dute, noski. Baina horri BERRIKUNTZA dei diezaiokegu? Edo, aldaketa horiek gure ikastetxeetan BERRIKUNTZAREN KULTURA garatzen lagundu al dute? Nik, berriro, ezezko borobil batez erantzuten dut.

Izan ere, berrikuntzaren kultura pentsatzeko eta gauzak egiteko era bat da zeinek balioak ezartzen eta garatzen dituen eta gure ikastetxeetan aldaketak eta hobekuntzak sustatzen, gureganatzen eta dinamizatzen dituzten uste sendoak eta jarrerak ezartzen dituen; konbentzionalak edo tradizionalak diren jokabideekin haustea suposa dezakeen arren.

Eta zeintzuk dira, bada, sustatu eta garatu behar diren balioak eta egiteko era horiek?

  • Etengabeko ikaskuntza
  • Sormena
  • Bikaintasuna
  • Konfiantza
  • Malgutasuna
  • Ziurgabetasunarekin bizitzen jakitea
  • Komunikazio irekia
  • Gardentasuna
  • Kolaborazioa
  • Hezkuntzarekiko berotasuna

Horregatik, nik jarraitzen dut pentsatzen gure ikastetxeetan oso urruti gaudela gisa horretako KULTURA batetik. Eta baieztapen hori berrestera dator lankide baten eskutik iritsi zaidan “Innovación educativa vs. Simulacro: los 5 errores más comunes de las organizaciones educativas que intentan innovar” izeneko artikulu bikaina. Jarraian, bertatik ateratako ideia nagusienak.

[blockquote]1. No se comprende que la innovación parece muchas veces una herejía “Algunos colegios, institutos y universidades deberían comprender que hacen publicidad engañosa cuando dicen que tienen la innovación como valor, pero después amonestan a los profesores que se alejan de las prácticas educativas tradicionales.”

2. La innovación no consiste en utilizar nuevas tecnologías y ya “Profesores que utilizan nuevas tecnologías para dar la clase de siempre no están innovando.”

3. La innovación depende más de una cultura organizacional que de una decisión puntual “Las organizaciones educativas, sin embargo, pretenden ser innovadoras manteniendo estructuras jerárquicas piramidales y estilos de liderazgo autoritarios. La innovación no está reñida con la disciplina (generada asertivamente, empoderando a las personas), pero sí con el autoritarismo. Los valores no se cumplen porque lo repitamos mil veces, sino porque los vivamos en el día a día.”

4. La innovación lo es por aportar valor de una forma diferente a alguien “La innovación es un cambio, una forma nueva de hacer las cosas, una mezcla de cosas que no se había dado antes…que aporta valor al alumno, al proceso de aprendizaje, a la comunidad educativa, a la comunicación, a la organización, etc.

5. La innovación tiene que ver más con las personas que con los procesos “Las organizaciones educativas toman decisiones desde arriba y se limitan a informar hacia abajo del cambio, esperando que éste se produzca milagrosamente. Cuando no lo consiguen, diseñan cientos de procesos rígidos y se limitan a revisar que se cumplan, olvidando que lo importante son las personas que tienen que realizar esos procesos, y la convicción, el compromiso, el entusiasmo y el sentido con que los realizan.”
[/blockquote]

Hau guztia irakurrita, errazago ulertuko da zergatik aipatzen dudan oximoron hitza Hezkuntza-Berrikuntza binomioa definitzeko.

Norbaitek berrikuntzaren bat ezartzen duenean, hoberena izaten da “horrela ezin dugu jokatu, denok ildo beretik joan behar dugu…” eta antzekoak entzutea. Lehen puntuan esaten dena, kasu askotan, lankideengandik iristen baita. Ildo komun bat jarraitzea munduko gauzarik logikoena izanik, ni ez nator bat planteamendu horrekin. Batez ere, Euskal Curriculuma 2006-2007an onartu eta geurea egin genuenetik, ezertxo ere egin ez delako. Hortxe zegoen ildo komun bat denok batera aurrera egiteko, baina immobilismoak epe laburreko arazoak sortzen ez dituenez, jarrera pasiboa saritzen da. Eta baten batek ildo komunak (Euskal Curriculumak) markatutako norabide horretan urratsak ematen dituenean, orduan ildo komuna ez jarraitzea leporatzen zaio edota hegoak mozten zaizkio. Ez al da bitxia?

Irakurri gure Euskal Curriculumean eta Tontxu Camposen 2007ko Curriculum Dekretuan zetozen ondorengo aipamenak:

[blockquote]”Hezkuntzaren funtzioa ez da bakarrik hizkuntza eta kultura transmitituz gizarteratzea; horrez gain, beste funtzio batzuk ere baditu: bizitzako eremu guztietarako prestatzea (familia, gizartea, lana…), ikasten ikasteko konpetentzia garatzea, gure giza izaera zein den ulertzea, pentsamendu kritikoa bultzatzea, sormen gaitasunak garatzea, gure ekintzen erantzule izaten laguntzea… Hezkuntzaren funtzio horiek eta beste batzuk ezin dira bata bestearengandik bereiztuta ulertu, hezkuntza prozesuaren baitan baizik. (…) Euskal Curriculumaren proposamenaren helburua, batetik, XXI. mendean euskal herritar unibertsal gisara bizi ahal izateko ezinbesteko eta oinarrizko konpetentzia komunak bermatzea da. Ikuspegi horretatik, proposamenak irekia izan behar du, curriculum dibertsifikazioak tokia izan dezan eta gizabanakoen desberdintasunak eta inguru bakoitzaren kultur elementuak kontuan hartzeko. (…) Curriculuma antolatzeko ardatzek ez dute izan behar kontzeptuzko “jakintza”k, pertsonaren dimentsio guztietan jarduteko behar diren konpetentziak baizik. (…) Jakin badakigu guk egindako proposamenak aldaketa sakona dakarrela “zertarako eta zer irakatsi eta ebaluatu” auzian, bai eta “nola irakatsi eta ebaluatu” auzian ere. Gure planteamenduaren arabera, irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta haien funtzioa ikasleak bizitzaren eremu guztietan modu egokian jarduteko prestatzea da. Irakasleen funtzioa ez da “haien” diziplina irakastea bakarrik; gainerako irakasleekin batera, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, egiten eta ekiten ere irakatsi behar baitute. Horrek guztiak hezkuntzari eta hezkuntzaren irakaskuntzari buruzko ikuspegi aldaketa dakar, eta pentsamenduan eta irakasleen jardunean aldaketak eta doitzeak behar ditu. Gai konplexuak eta zailak dira, eta planteamendu berriak beharko dira, bai irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzan, bai curriculumeko diziplinetan.”[/blockquote]

[blockquote]”Hezkuntza hobetzeko xedea du berrikuntza horrek, eta curriculumaren plangintzari, aplikazioari eta ebaluazioari eragiten dio. Hala, curriculum berri hau aplikatzeko, aldaketa handiak egin behar dira, bai metodologian, bai antolakuntzan, bai irakasleen pentsaeran eta prestakuntzan, bai eta beste alderdi askotan ere.“[/blockquote]

“Ildo beretik joatea” burdinazko ezkutu gisan etengabe aipatzen dutenei galdetu nahi diet: zer arraio egin da azken 8 urteotan geurea egin genuen eta gure “ildo komuna” markatzen zuen curriculuma ezartzeko? Zein aldaketa metodologiko sakonak adostu dira? Zein aldaketak adostu dira ebaluazioa berritzeko? Zein aldaketak adostu dira antolakuntza berri bat izateko? Zein aldaketak adostu dira irakasleon formazioa aldatzeko?… Orduan, zeinek ez du betetzen adostutako ildo komuna? Zergatik hori betetzen ahaleginak egiten dituztenak seinalatuak izaten dira?

Erantzuna oso sinplea da: Berrikuntzaren Kultura ia ikastetxe guztietan falta delako.

By |2014-10-20T07:49:51+02:0018 urria, 2014|Hezkuntza|0 Comments