Metakognizioaz hitz egiten dugunean, norberaren ikas-prozesua auto-erregulatzeko gaitasunaz ari gara. Hau da, egoera bakoitzean erabili beharreko estrategiak planifikatzeaz, estrategia horiek aplikatzeaz, akatsak detektatzeko ebaluatzeaz eta, horren ondorioz, egoera berrietara transferitzeaz ari gara.

Horrek elkar loturiko bi dimentsio hartzen ditu:

  • Norberaren kognizioaren ezagutzak gure ikasteko eraren funtzionamenduaz jabetzea suposatzen du eta jarduera baten emaitza positibo edo negatiboen arrazoiak azaltzen dituzten faktoreak ulertzea. Adibidez, ikasle batek testu baten ideia nagusiak ateratzeak bere oroimena laguntzen duela edo ideia horiek mapa mental batean antolatzeak ideia horiek berreskuratzen laguntzen duela jakitea edo kontziente izatea. Honela, ikasle horrek estrategiagoriek erabil ditzake bere memoria hobetzeko. Hala ere, norberaren ezagutzaren ezagutzak beti ez dakar emaitza positiborik jarduera intelektualean, izan ere, ezagutza hori berreskuratu eta egoera zehatzetan aplikatu egin behar da, estrategiarik egokienak hautatuz kasu bakoitzean.
  • Ikasleak ikaskuntza prozesuan burutzen dituen jardueren kontrola eta erregulazioa. Dimentsio honek jarduera kognitiboen planifikazioa, prozesu intelektualaren kontrola eta emaitzen ebaluazioa bere baitan hartzen ditu.

Bi aspektu horiek elkar lotuta badaude ere, lehena, norberaren ezagutzaren ezagutza, erregulazioa eta kontrola baino beranduago ematen da.

Metkognizioaren harremana estrategiekin, ikas-trebetasunekin eta beste prozesu kognitiboekin eta ez kognitiboekin.

metakognizioa

Metakognizioaren eginkizuna edo rola hobeto ulertzeko, taldeko kirol batean erabiltzen diren estrategia eta trebetasunekin aztertuko ditugu: abiadura, koordinazioa, estiloa… jokalari bakoitzaren ezaugarri propioak dira eta honek ez du zertan egon behar beti bere mugimenduak aztertzen. Entrenatzaileak, berriz, jokalari bakoitzaren mugimendu eta estrategiak nolakoak diren ikusarazten eta jabetzen ahalegintzen da bere buruaren kontrola eta koordinazioa eskura dezan. Gure kasuan, ikasleak bi eginkizun horiek burutu beharko ditu (entrenatzailearena gehi jokalariarena). Lehenbizi, oinarrizko prozesuak (oinarrizko gaitasun kognitiboak) garatu eta hobetu beharko ditu ikas-tekniken laguntzaz. Ondoren, ikasleak ikasi beharreko edukien inguruko gutxieneko ezagutzak izan beharko ditu. Azkenik, prozesu bakoitzari ondoen egokitzen zaion estrategia edo teknika hautatzen eta erabiltzen jakin beharko du.

Ikasi beharreko edukiak ikasteko erabili beharreko teknikak, noiz, nola, zergatik eta zertarako planifikatzen, erregulatzen, ebaluatzen… jakiteak oso estrategikoa bihurtzen du ikaslea.