Curriculum berriak garrantzia handia ematen dio metodologiari, irakasleok ematen diogun bezalaxe.

Izan ere, konpetentzien lanketarako ezinbestekoa da eremu horri begira jartzea, eta, irakaskuntza-ikaskuntza jarduera hobetzez gerotan, hausnarketari ekitea: zertan egokitu irakasteko modua ikasleen ikasteko era hobetzeko? Beraz, nola izan aldi berean irakasle eta ikas-arazle?

Ikaskuntza Kooperatiboa ez da ikasleak lan-taldetan banatzea besterik gabe, ikasgela bat kooperazio-leku bilakatzeko beste elementu eta ezaugarriak behar dira eta: pauta zehatzak, prozesu ezagunak eta dinamikak (berdinen arteko komunikazioa, iritzi trukea, egitekoen banaketa eta errotazioa, ideiak eta ezagupenak elkarrekin eraikitzea, taldeko balorazioak…).

Ikasketa kooperatiboa ikasle talde txikien –osaketa heterogeneokoak gehienetan, errendimenduari eta ahalmenari dagokienez– erabilpen didaktikoa da eta, jardueraren egitura horren bitartez, honako hauek bilatzen dira: berdintasunezko parte-hartzea ahalik eta gehien ziurtatzea (taldekide guztiek parte hartzeko aukera berdinak izan ditzaten) eta berorien arteko aldibereko elkarreragina indartzea, taldean lan egiten ikasteaz gainera, taldekide guztiek proposatutako edukiak ikas ditzaten, norberaren ahalmenak neurri gorenera eramanik.

team-work-to-get-to-urinalZehaztu berri dugun definiziotik, ondorengo alderdiok nabarmen daitezke:
[styled_list icon=”fa-icon-arrow-right” color=”rgba(241,65,135,1)”]

  • Ikasketa kooperatiboko talde bateko kideek erantzukizun bikoitza dute: irakasleak irakatsitakoa norberak ikastea eta taldekideek ere ikas dezaten laguntzea.
  • Irakasleek, berriz, bi xedetarako erabiltzen dute ikasketa kooperatiboa: ikasleek eskolako edukiak ikas ditzaten eta, aldi berean, taldean lan egiten eta solidario izaten ikas dezaten, azken bi horiek eskolako eduki gisa hartuta. Alegia, ikasteko kooperatu eta kooperatzen ikasi…
  • Kontua ez da ikasgela bateko ikasleek, noizik behin, «talde-lan» bat egitea, baizik eta, era egonkorragoan, «lantaldeetan» antolatuta egotea, batik bat, elkarrekin ikasteko eta, aldian behin, hala egokitzen bada, guztien artean lan bat egiteko.
  • Ikasketa kooperatiboa ez da soilik eskolako edukiak hobeto ikasteko metodo edo baliabide bereziki baliagarri bat, baizik eta ikasleek ikasi beharreko curriculum eduki bat gehiago, hau da irakatsi behar zaien ikasgai bat.

[/styled_list]
Bestalde, ikasketa kooperatiboari eman diogun definiziotik ondorioztatzen da proposatutako jarduerak ikasleek taldean, guztien artean eta ez banaka lantzeko kontsigna hutsa ez dela, inondik ere, nahikoa. Eskuarki, hala jokatzen denean, ikasle bat aurreratu ohi da eta hark esaten die besteei zer eta nola egin behar den, kasurik onenean, eta, okerrenean, berriz, berak egiten du eta kopiatzen uzten die gainerakoei. Zerbait taldean egiteko eskatzen zaienean, ikasleek sarri erabili ohi duten beste estrategia bat lana ahalik eta modu orekatuenean banatzea izan ohi da eta, ondoren, nork bere zatia egitea.

Aurretik esan dugun bezala, «behartu» egin behar da, nolabait esanda, hitzaren zentzurik onenean, ikasle guztiek neurri berean parte har dezaten (berdintasunezko parte-hartzea) eta elkarreraginean aritu daitezen (aldibereko elkarreragina). Horretarako, hainbat «jardueraren egitura kooperatibo» beharko ditugu. Gogora dezagun aurrez zer esan dugun: jardueraren egitura kooperatiboak batzuek besteekin lan egitera, elkar aintzat hartzera eta elkarri laguntzera eramaten ditu ikasleak, jarduera garatzen ari diren bitartean. Jardueraren egitura indibidualistan, ordea, bakoitzak bereari begiratzen dio, gainerakoak aintzat hartu gabe; eta orobat jardueraren egitura lehiakorrean, ikasleak elkarren artean lehiatzen dira lana amaitzen lehenak izateko edo irakasleak irakatsitakoa ondoen dakiena izateko, beraz, ez diote elkarri laguntzen, baizik eta, kontrara, informazioa ezkutatzen diote elkarri, edo norberarentzat gordetzen dute galdera baten erantzuna edo buruketa bat ebazteko modua.

Jardueraren egitura kooperatibo hauek oso erabilgarriak dira eta ia ezinbestekoak, hainbat esperientziatan egiaztatu ahal izan dugun bezala, zeren eta ikasleek, taldean lan egitearen beharraz mentalizatu ditugun arren eta taldean antolatzen lagundu badiegu ere, egin behar dutena taldean, guztien artean egiteko besterik esaten ez badiegu, ez dute jakiten nola egin: batzuek beren ikuspuntua inposatu nahi izaten dute (gauzak euren ustez egin behar liratekeen bezala egin ezean, gaizki daudela irizten diote), beste batzuek, berriz, jardueraren emaitza koadernoan kopiatu besterik ez dute nahi izaten, eginda edukitzea, egiten jakitearekin nahastuz… Egitura kooperatibo bat erabiltzeak, nolabait ere, talde bateko kide guztiek, elkarrekin lanean ari direnean, elkarreraginean aritzea bermatzen du, eta guztiek aktiboki parte hartzea proposatutako jarduerak gauzatzeko orduan.