Jabekuntza, ahalduntze edo boteretze ingelesezko empowerment edo gaztelaniazko empoderamiento termino horren ordain gisa, euskaraz topatu ditugun adierak dira. Gehiengo handi batentzat ez dira oso ezagunak. Horregatik, gure ekimenaren berri ematen hasi baino lehenago, hitz horien esanahia argitu nahiko genuke.

Horra hor topatu dugun definizio bat:

“Erakundeko pertsona bakoitzak duen jakintza, esperientzia eta motibazioa kanporantz proiektatuz askatzea; prozesu horren bidez, pentsamolde aldaketa gertatzen da: kontrolatzean eta beste batek kontrolatua izatean oinarritutako pentsamoldea baztertu eta pertsona guztiek beren onena emateko aukera izango duten egoera bideratu nahi duen ikuspegia nagusitzen da.”

Eta beste hau Espainiako Wikipediatik hartu duguna:

“Empoderamiento o apoderamiento, se refiere al proceso por el cual las personas aumentan la fortaleza espiritual, política, social o económica de los individuos y las comunidades para impulsar cambios positivos de las situaciones en que viven. Generalmente implica el desarrollo en el beneficiario de una confianza en sus propias capacidades.”

Ahalduntze prozesua

ahalduntze_portfolioaAhalduntze prozesua jarraian doazen gaitasunez osatzen omen da:

  • Norberak erabakiak hartzeko ahalmena
  • Erabaki zuzena hartzeko, beharrezkoak diren baliabide eta informaziora eskuratzeko ahalmena.
  • Hautaketa egiteko aukera ezberdinak izatea.
  • Erabaki kolektiboak hartzerakoan, asertzioz jokatzeko trebetasuna.
  • Pentsamendu positiboa izan eta aldaketak eragiteko gaitasuna.
  • Norberaren ahalmena edo taldearena ikasteko eta hobetzeko trebetasuna.
  • Pertzepzioak, bide demokratikoak erabiliz, aldatzeko trebetasuna.
  • Autoestimua hobetzea eta estigmatizazioa gainditzea.
  • Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza barne-prozesu batean sartzea.

Bada, ikuspegi hori hezkuntzara eramanda, bizikidetza eraikitzeko beharrezkoak diren gaitasunak jorratzeaz gain, norbanakoen interesak eta interes kolektiboen uztarketarako estrategiak garatzen dituzte. Bestalde, egitura piramidalek sortarazten duten interes eta konpromiso faltarekin amaitzeko bide ezinhobea da. Izan ere, esparru berri bat eraikitzen da non ikasleek, aldaketaren eragile proaktiboak bilakatuz, euren autoestimua hobetzen duten eta euren eskolarekiko duten pertzepzioa aldatzen den.

Hori gertatzen denean, ikasleak eta taldea bera dira pixkanaka beraien prozesuez jabetzen direnak, ahalduntzen direnak; horrela, adierazpenak egiten dituzte, kokatu egiten dira, erronka eta bide berriak zehazten dituzte, parte hartzeko era berriak hartzen dituzte beraien gain, praktika berrietan aurrera egiteko beharrezkoak diren antolaera eta printzipioak ezartzen dituzte, beraien sormena erabiltzen dute eta erlazioetatik abiatuta elkarrekin eraikitzeko gaitasunean sakondu egiten dute; etengabe eraberritzen dute beraien izaera eta eginkizuna.

aldaketa

Prozesu hau erlazionatuta dago identitate malgu berriak sortzearekin, etengabeko bilakaera dutenekin, eta ekitate-eraikuntzan (hainbat alderditan: generoa, interkultura, gizabanakoen eta taldeen arteko botere-harremanak…) botere mota berri bat eratzen du: “botere identitarioa”, eta botere iturri berri horretatik aurre egiten die indarrean dauden botere harremanei.

Hori gertatzen denean, berrikuntzak beste esanahi bat hartzen du: taldean egindako gizaki eraikuntza da, gure bizitza eta bizi ditugun giza prozesuak gaitzeko ahaleginarekin zerikusia daukana, gero eta askatasun handiagoko praktika erabiltzearekin erlazionatua, “izana”ren hedatzeari lotua.