Adimen Anitzen teoriak, adimen bakar eta unibertsalaren ideia baztertuz, dimentsio anitzeko izaera aitortu dio kontzeptuari. Teoria honen arabera, pertsona guztiok ez dugu pentsamendua modu berean egituratzen, eta adimena arazoei irtenbidea eman eta produktuak ekoizteko gaitasuna bada, adimen- mota desberdinak daudela onartzen da. Gardnerrek, denok garatzen ditugun zortzi adimen-mota bereizten ditu; hauek elkarreraginean egon arren, pertsonaren arabera, modu berezian konbinatzen dira, eta, ondorioz, pertsona bakoitzaren adimenen garapena oso bestelakoa izaten da.

Aipatu beharra dago, bestalde, ikaskuntza-prozesua eraikitzeko unean, bakoitzak garatuago duen adimen hori azalarazi beharra dagoela; modu honetan, sendotasunetatik abiatuz, ahulagoak ditugun beste adimenak indartzea ahalbidetzen da.

Adimen anizkunak (Howard Gardner)

testuliburuak_negozioaHoward Gardnerrek 1983 urtetik aurrera argitaratu dituen liburuetan inteligentzia hainbat alorretan banatuta dagoela defendatu du, burmuineko hainbat gunetako neuronak inplikaturik daudelarik. Zortzi inteligentziak edo inteligentziaren zortzi kategoria edo dimentsio sailkatu ditu:

Norberaren gorputza menperatzeko inteligentzia edo inteligentzia kinesikoa

Bere gorputza oso ondo menperatzen duten pertsonek, yogako adituak, kirolariak, dantzariak dira inteligentzia hau neurtuko balitz emaitza onena aterako luketenak. Inteligentzi hau oso garaturik daukaten pertsonek bere gorputza mugitzearekin zerikusia daukaten kontuak ikasteko gaitasun handia erakutsiko dute.

Pertsonen arteko harremanetarako inteligentzia

Enpatia handiko pertsonek, besteekiko harremanetarako erraztasun handia daukaten pertsonak oso garatuta daukaten inteligentzia mota hau. Giza harremanak oinarri dituzten lanbideetakoek, esaterako saltzaileak, politikariak, psikologoak, irakasleak, enpresa arduradunak, inteligentzia mota hau garatzen ahalegindu behar dira bereziki.

Giza hizkuntzetarako inteligentzia

Ahoz ondo komunikatzeko gaitasunari lotuta dago batez ere. Kultura idatzia ere badakaten inguruetan, idatziz ondo komunikatzeko gaitasunari ere egingo dio erreferentzia.

Inteligentzia logiko-matematikoa

Logika eta matematikaren laguntza behar duten problemak ebazteko behar den adimena.

Norberaren burua ezagutzeko eta kudeatzeko inteligentzia

Sokratesek aldarrikatzen zuen adimena “ezagutu ezazu zeure burua”. Norberaren burua ezagutzea sentimenduak identifikatzea, sentimenduak bideratzen jakitea… Ikus Daniel Goleman, Emotional Intelligence.

Espazio-ikuste inteligentzia

Espazioaren dimentsioak irudikatzeko adimena. Espazioaren hiru dimentsioak, mugimenduak, lastertasunak, espazioan mugimenduan dauden hainbat elementuren arteko erlazioak-eta irudikatzeko adimena.

Musikarako inteligentzia

Doinuak eta erritmoak identifikatzeko, erreproduzitzeko, sortzeko behar den adimena. Historiako musikaririk handienek erakutsi zuten adimena.

Naturarekiko inteligentzia

Howard Gardnerrek zerrendatu zuen azkena. Naturan dauden elementuekin (izaki bizidunekin batez ere) harreman onak lortzeko adimena. Naturan dauden harreman sareak ulertzeko adimena.

Adimen paleta baten adibidea (Ordiziako Azoka)

Linguistikoa: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue (guk, hiru horietatik bat hautatzea eskatu genien).

1.- Ordiziako perian kokaturiko ipuin bat idatzi (ez ahaztu tokien eta pertsonaien deskribapenak txertatzea eta, jakina, testua antolatzeko ezagutu ditugun testu antolatzaileak)
2.- Gure azoka honen gainbehera azalduko duen azalpen testu bat idazteko, mapa mentala (ikusi beheko bideoa eta gure blogean gai horren inguruan jarrita daukaguna) taldean prestatu eta, ondoren, norberaren koadernoan bakoitzak bere azalpen testua idatziko du.

[youtube url=”http://youtube.com/watch?v=UgG3Cd0–Bs” width=”853″ height=”480″ rel=”0″ showsearch=”0″]

3.- Jarraian doan irudia, gure ikastolako ikasleek egin zuten infografia bat da (bertan agertzen diren datuak hobeto ikusteko bere gainean klik egin beharko duzue). Bada, hortxe agertzen den informazioaz baliatuko zarete, jendaurreko ahozko azalpen bat prestatzeko eta burutzeko. Lan hau taldean burutu beharko duzuenez, lan kooperatiboko egituraren bat erabiltzea aholkatzen dizuegu. Ez baduzue garbi ikusten zein erabili, irakasleari laguntza eskatu eta denon artean erabakiko dugu.

testuliburuak_negozioa

Espaziala: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Gure herriko azokarentzat originala izango den logo eta lelo bat asmatu, diseinatu, egin eta aurkeztu beharko dituzue.
2.- Kartoia eta plastilina erabiliz, azokaren maketa bat eraiki beharko duzue.
3.- Azokara egingo dugun irteeraren egunean, esanguratsuenak diren elementuen argazkiak atera beharko dituzue. Lortutako argazkiekin, horma-irudi erraldoi bat prestatuko duzue pasilloan jartzeko.

Pertsonartekoa: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Azokara egingo dugun irteeraren egunean, baserritar eta erosle ezberdinei elkarrizketa bat egingo diezue. Elkarrizketa bideoz grabatuko duzue.
2.- Norberak, aiton-amona batekin solasalditxo bat izan beharko du garai bateko azoka nolakoa zen jakiteko eta egungo azokarekin alderaketak egin ahal izateko. Bildutako informazioarekin, aurkezpen bat prestatu beharko duzue jendaurrean azaltzeko.
3.- Atsedenak aprobetxatuko dituzue 5. mailako ikasleekin gai honi buruz hitz egiteko. Saiatu behar duzue Ordiziako azokari buruz ahalik eta informazio gehien ateratzen eta euren laguntza lortzen.

Logiko-matematikoa: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Salneurriak argitaratuta dauden web orrira joan eta azken azokan izandako prezioekin taula bat prestatu (ez da beharrezkoa produktu guztiak jartzea. Atal bakoitzeko esanguratsuenak aukeratuz gero, nahikoa da).
2.- Ardi-gazta eta arkumea gure azokaren ikurrak dira. Bada, web orri horretan agertzen diren datuak erabiliz, azken urteotako prezioen eboluzioa irudikatuko duen grafiko bat prestatu beharko duzue.
3.- Bazkari eder bat prestatu behar dugu 12 lagunentzat eta, nola ez, goi mailako kalitatea duten produktuak erabili nahi ditugunez, Ordiziako azken azokan erosi ditugu ondorengo produktuak: larreko arrautzak (2 dozena), azak (3 buru), babarrun beltzak (3 Kg), ardi-gazta (2,5 Kg), pipermina (1 Kg), porruak (2 sorta), baratxuriak (3 buru), tipulina (3 sorta) eta arkume (5 Kg). Zenbat diru gastatuko dugu azokan? Azokan erositakoaz gain, beste produktuetan eta edarietan 212,25 € gastatu baditugu, bakoitzari zenbaten aterako zaio bazkaria?

Kinestesikoa: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Jarraian ikus dezakezuen elkarrizketa gure herriko perian entzun daitekeen horietako bat da. Ikus dezakezuen bezala, pertsonaiek darabilten hizkera Goierriko euskara da. Bada, zuek ere antzeko elkarrizketa bat prestatu beharko duzue gelakideen aurrean antzezteko. Ondo prestatu gidoia eta ikuskizun laburra, baina zoragarria eskainiko duzue.

2. Ordiziako periaren inguruko jolas bat asmatu beharko duzue. Erabat finkatuta duzuenean, gainontzeko ikaskideei erakutsiko diezue eta elkarrekin jolasean aritzeko gonbitea luzatuko diezue.

3. Ordiziako periaren publizitatea egiteko telebistarako iragarki bat prestatu eta grabatu beharko duzue. Gogoan izan publizitatea oso garestia dela eta telebistek segundo bakoitzeko kobratzen dutela. Horregatik, iragarki gehienak 20 segundo ingurukoak dira. Ondo pentsatu, ideia original bat bilatu eta denbora tarte horrekin mezu eraginkorra eta harrigarria luzatzea lortzen duzuen.

Musikala: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Zuek aukeratutako abesti ospetsu baten doinua erabiliz, letra egokitu beharko duzue Ordiziako azokari buruz kanta bat bihurtzeko. Jakina, erabat eginda daukazuenean, abestia kantatu eta grabatuko duzue.
2.- Jarraian doan istorioa (gure mailako mutil baten aitak kontatuta) gaitzat hartuta, bertso bat edo bi kopla idatzi beharko duzue.

Aralarko Azak, Jose Antonio Irastortza

Enirio-Aralarko mendizainak gogoratu du liburu batean irakurritakoa. Iztueta dantzariak kontatutako bitxikeria da. Honela dio: XIX. mendearen lehen erdialdean, Zaldibiako Miranda baserriko etxekoandreak, artzain baten andreak, Ordiziako azokan asteazken batean erositako aza landareak zaldiaren zestoan utzi zituen ahaztuta.

Arratsaldean bere tresnak zestoetan sartu eta Aralarko bere saroira joan zen artzaina. Hara iritsi eta landareak ikusi ondoren, probetxua ateratzea erabaki eta landatu egin zituen. Aste batzuk ondoren, ale ederrak bildu zituen. Ondoko urteetan berdin egin zuen, baita inguruko beste artzainek ere.

Horrela hasi ziren Aralarko artzainak euren baratzak lantzen. Eta ez bakarrik norberaren kontsumorako, baita negozioa egiteko ere, izan ere aza baten salmentarekin 400 erreal (100 pezeta edo 6 euro) lortu ohi zituzten. Hain ziren ederrak!

3.- Euskal doinu ezagunak erabiliz, Ordiziako azoka, bere pertsonaiak, produktuak… irudikatuko dituen koreografia bat asmatu eta interpretatu beharko duzue.

Intrapersonala: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Baserritar baten tokian jarriko zara. Hausnarketa bat egin Ordiziako azokara produktuak eraman ahal izateko egin behar duzun lanari buruz, gastatu behar izan duzun diruari buruz, ordainetan jasotzen duzunari buruz, zure lanak naturan duen eraginari buruz… Gogoeta horretatik ateratzen dituzun ondorioak idatzi beharko dituzu.
2.- Azken urteotan Ordiziako perira datozen baserritarrak eta bertara doazen erosleak etengabe jaisten ari dira. Gaiari buruz erreflexionatu eta SCAMPER teknika erabiliz, zeure buruari galderak egin eta saiatu soluziobide bat proposatzen.
3.- Asteazkeneko azokaz gain, urtean zehar beste azoka bereziak egiten dira. Orain egiten diren azoka horiek aztertu eta bakoitzak dituen ezaugarriak aintzat hartuz, mapa mental bat osatuko duzue. Behin hori egin eta gero, zuen ustez kendu daitekeen/daitezkeen azoka/k adierazi eta arrazoitu eta, zuek egingo zenuketen beste azoka bat proposatu beharko duzue.

Naturalista: Ondorengo hiru jarduerak burutu beharko dituzue.

1.- Garaian garaiko produktuak erabiliz, gelako baratza muntatu eta zaindu beharko duzue. Gogoan izan, behin martxan jarri eta gero, zuen ezagutzak beste kideekin partekatu beharko dituzuela eta ardurak banatu beharko dituzuela. Jarraian doazen esteketan, urtaro bakoitzean baratza batean landatu daitezkeen produktuen inguruko informazioa topa dezakezue:
Baratza udan
Baratza udaberrian
Baratza udazkenean
Baratza neguan
2.- Ordiziako paisaia eta baliabide naturalak jasoko dituen bideo bat muntatu beharko duzue. Horretarako, oso inportantea izango da orain arte ezagutzen ez dituzuen txokoak bisitatzea eta ikuspegi esanguratsuak topatzea. Bideoa muntatzeko, irakaslearen laguntza izango duzue.
3.- Perian saltzen diren bertako produktu guztiak aztertuko dituzue eta bertako ekosistemaren ezaugarri nagusiak ondorioztatuko dituzue. Datu horiekin, bertako ekosistema irudikatzeko horma-irudi erraldoi bat diseinatuko duzue eta ekarri beharreko elementuak (hostoak, loreak…) biltzeko irteera bat burutuko duzue.