Askatu?

Atala: Pertsonala Egilea:

askatu

Atzo argitaratu nuen mezuan, etapa berri honen atzean zeuden arrazoiak azaltzen saiatu nintzen, baina blogari eman diodan izen berriaren arrazoia ez nuen azaldu.

Bada, horretarako ere arrazoi pare bat izan ditut. Alde batetik, atzo azaldu nuen arrazoi pertsonala dago. Hau da, neure burua askatu nahi nuen hezkuntzaren mundutik harago joan nahi nuelako eta lan egiten dudan ikastola blog honetatik at uzteko. Eta, beste aldetik, ikastolen munduan mezu askatzaile bat zabaldu nahi dudalako.

Zergatik mezu askatzaile bat?

Ikastola barruan daramat. Sorreratik, ikastolek izan duten filosofiarekin bat egiten dut. Ikastolen mugimenduak gure herriari eginiko ekarpena aitortu eta miresten dut.

Nolanahi ere, ikastolen munduan gertatzen ari diren gauza guztiekin ez nator bat eta, blog honen bitartez, nire ale xumea jarri nahiko nuke gauza horiek hobetzeko. Ikastolak osatzen ditugun guztiok, ahalmen handiko komunitate indartsu bat gara eta potentzialtasun horretan sinesten dudalako, nire ekarpenak egitera ausartuko naiz.

Ikastolak sortzeko, herritarrak mugitzen zituzten printzipio batzuk, urteen poderioz, atzean geratzen ari dira.

Ikastolak sortzeko, herritarrak mugitzen zituzten printzipio batzuk, urteen poderioz, atzean geratzen ari direlakoan nago. Ikastolen mugimendua Frankismoan gorpuztu eta garatu zen. Testuinguru ilun eta gordin hartan, oztopo guztien gainetik, euskararen aldeko mugimendu itzela martxan jartzea lortu zuten haiek, hezkuntzak eta kulturak duten balio askatzaileak mahai gainean jarri zituzten, herri aske bat nekez lortu baitaiteke herritar aske eta ahaldunduaz osaturik ez badago.

Une honetan ez gaude ageriko diktadura baten menpe, baina mendebaldeko lurraldetan liberalismo basatiak hartu du bere lekua eta “merkatuen diktadura” nagusitzen ari den honetan, ez zait iruditzen ikastolok bete beharko genukeen funtzio askatzailea betetzen ari garenik.

El Mundo egunkariak argitaratzen duen ranking klasista eta deitoragarrian azaltzeagatik harro dauden ikastolak, hedabideetan agertzeagatik ikasleekin lehiaz lehia dabiltzan ikastolak (jakina, irabazten dutenean, ahalik eta oihartzunik handiena lortzen saiatzen dira) hezkuntza merkantzia bailitzan salduz, ezagutzaren eta kulturaren pribatizazioa eta merkantilizazioa sustatzen duten ANELE edo CEDRO bezalako erakunde “susmagarri” (zerbait suabe esateagatik) horiengandik Euskal Wikipediarengandik baino gertuago egotea… dira, beste batzuen artean, gustatzen ez zaizkidan gauzak eta, ahal dudan neurrian, nire aletxoa jarri nahiko nuke ikastolak horrelakoengandik askatzeko.

Orain arte, horrelako zerbait aipatu dudan bakoitzean, komunitateko kide batzuk erasotzat hartu izan dute eta horrek atzera bota nau. Izan ere, nire asmoa beti ikuspegi eraikitzaile batean oinarritu da eta ikastolak kaltetzea ez dut nahi. Baina gure ikastoletan, gizartearen beste esparrutan bezala, iragazi den pentsamendu eta praktika neoliberalen aurrean, isilik geratuko banintz, kalte handiagoa egingo niekeela pentsatzen dut. Horregatik, nire ausardia eta ikastolaaskatu izenpean ireki dudan blog honen etapa berri hau.

Ea gai ote naizen zer edo zer lortzeko. Eztabaidarako abiapuntua izatearekin gustura geratuko nintzateke.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Pertsonala

Etapa berria

Urte berriari ongi etorria eman aurretik, blog honen itxura eta xedea aldatzea
Igo Gora