Etapa berria

Atala: Pertsonala Egilea:

Urte berriari ongi etorria eman aurretik, blog honen itxura eta xedea aldatzea erabaki dut. Egia esan, aspalditik egiteko asmoa nuen, baina ez nuen astirik hartzen egin beharreko doikuntzak egiteko.

Orain arte, blog honen ardatz hezkuntza izan bada ere, hemendik aurrera, beste esparrutara ere zabalduko da. Kate guztiak kendu nahi dizkiot nire buruari eta interesatzen zaizkit gai guztiei buruz askatasun osoz mintzatu nahi dut. Ez dakit lortuko ote dudan, baina horixe da nire asmoa.

Aldaketa honen arrazoiak

Aldaketarako inongo justifikazio eman beharrik ez badut ere, aldaketa hau ematera eraman nauten arrazoiak komentatzeko gogoa daukat.

Komunitatearen partaidetza sustatzea zen helburu garrantzitsuenetako bat, baina hori ez dut lortu.

Blog hau martxan jarri nuenean, martxan jarri edo parte hartu dudan beste ekimenetan bezala, komunitatearen partaidetza sustatzea zen helburu garrantzitsuenetako bat. Bada, aitortu beharra daukat hori ez dudala lortu.

Bestalde, lankideen inplikazioa ere bilatu nahi nuen, baina hori ere ez dut lortu. Egiari zor, horren erruduna ni neu izan naiz, ez baitut asmatu ekimen honen garrantzia ikusarazten eta, behin baino gehiagotan, besteentzat espazioa irekitzen.

Horretaz gain, ikasleentzat tresna ahaltsu bat izatea espero nuen, baina errealitateak erakutsi dit ikasleen interesak oso urruti daudela eta blog honek ez ziela ezer berezirik eskaintzen.

Aldaketa honetan arrazoi horiek pisu handia izan badute ere, ez dira bakarrak izan eta nire ingurune hurbileko arrazoi horietaz gain, ondorengo hauek ere bere pisua izan dute.

Blog honen gai bakarra hezkuntza izateak eta lan egiten dudan ikastolarekin lotura zuzena izateak, gizartean gertatzen ari diren gertaerei heltzeko muga handiak jartzen zizkidan eta, okerrena, hezkuntzaren inguruan gertatzen ari diren gauza asko ulertzeko oztopo bat bilakatzen ari ziren. Adibidez, nire ustez, hezkuntzan gertatzen ari den pribatizazio eta merkantilizazio basatia salatu beharreko zerbait izanik, eskuak lotuta nituen hori salatzeko hezkuntzaren ikuspegi isolatu batetik. Politikan, ekonomian, hedabideetan… ematen ari diren urratsak eta egungo hezkuntza politiketan eta praktiketan egundoko eragina dutenak, ezin dira ulertu ikastola baten “burbuila” horretatik irten gabe eta lur labainkorretan sartu gabe.

Hezkuntzan gertatzen ari den pribatizazio eta merkantilizazio basatia salatu beharreko zerbait izanik, eskuak lotuta nituen.

Bukatzeko, aldaketa hau ematera eraman nauen beste arrazoi bat ere aipatu nahiko nuke. Orain dela hamar bat urte, blogen munduan hasi nintzenetik, nire ideiak edo ekarpenak egitera ohitu nintzen. Urte horietan guztietan, etapa ezberdinak igaro ditut eta, une honetan, burutik pasatzen zaizkidan mila gauza jendearekin partekatzeko gogoa daukat. Sare sozialetan parte hartu izan dut euren sorreratik, baina ez naiz eroso sentitzen, ez zaizkit gustatzen eta ez zait iruditzen esan nahi ditudan gauzak esateko biderik egokiena denik. Horregatik, Twitter erabiltzen jarraituko dudan arren, gune hau nire espresio bide naturala izatea nahiko nuke.

Jarraian, Hertzainak taldearen “Sigarrillos Amariyos” abestiaren Ruper Ordorikaren bertsioarekin uzten zaituztet. Abestiak dioenarekin ez dut ezer nahi, edo bai, baina une honetan horixe jartzea gogoa neukan eta hortxe doakizue. Beharbada, nire gustuko bi gauza elkartzen dituen bertsioa delako izan daiteke hemen jartzearen arrazoia, baina ez dakit. On egin!

Oharra: hemendik aurrera, blog honen edukiak dezente aldatuko diren arren, orain arte argitaratutakoa ez ezabatzea erabaki dut.

2 Iruzkin

  1. […] argitaratu nuen mezuan, etapa berri honen atzean zeuden arrazoiak azaltzen saiatu nintzen, baina blogari eman diodan izen […]

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Pertsonala

Askatu?

Atzo argitaratu nuen mezuan, etapa berri honen atzean zeuden arrazoiak azaltzen saiatu
Igo Gora