Oraingo honetan 4.C gelako ikasleek irakasle edo monitore papera hartu dute. Oporretara joan aurretik lehen sorospeneko ikastaro labur bat jaso zuten aste kulturalean eta oporretatik bueltatu ondoren, lan horri jarraipena eman nahian, ikastaroan jasotakoa gogoratzeko, taldean idazten hasi ziren geratu zitzaizkien ideiarik garrantzitsuenak. Horren ondoren, beraiek eskatuta, LHko beste mailako ikasleei erakusteko, aurkezpen batzuk prestatu zituzten.

Beste mailetan egindako aurkezpenen balorazioa oso ona izan zen eta irakasle eta ikasleek asko ikasi zutela esan ziguten. Horregatik, ikasleek gaiaren garrantziaz jabetuta, euren gurasoei ikastaroa egitea proposatu zuten. Eta, jakina, guk ezin ezetz esan ikasleek lanerako erakutsitako grinari.

Horregatik, seme-alabak irakasle papera hartuz eta gurasoak ikasle paperean jarriz, arratsalde bikaina pasa genuen. Gurasoek asko ikasi zutela garbi geratu zen bukaeran eginiko azterketa bikain egin baitzuten.

Beraz, egindako balorazioa oso ona izan da autonomia osoz aritu direlako lanean eta beraiek baino zaharragoak diren ikasleen edo gurasoen aurrean oso aurkezpen onak egin zituztelako.