Kooperazioa prozesu sortzailean

Atala: Lanean Egilea:

Gure ekimenarekin hasi ginenean, oso garbi utzi genuen Curriculum Ofizialetik at dauden beste gai batzuk ere jorratuko genituzkeela, beti ere, ikasleekin garatu nahi ditugun alderdiekin lerrokatuta. Hau da, ikasleen ekimena, sormena, kooperazioa… garatzen lagunduko dizkiguten ekimen ezberdinak burutuko genituela.

Testuinguru horretan kokatzen da zubien eraikuntzaren inguruan burutu genuen ekimena. Orian Barrenan egiten ari ziren ibilbidean arazo batekin topo egin zuten (ibaiak zubi bat erauntsi zuen) eta irtenbide bat topatu behar zuten.

Planteatutako arazoari irtenbidea emateko eta ikasleen abiapuntua hobeto zehazteko, “Zer dakigu – Zer jakin / ikasi behar dugu” izeneko zerrenda osatu genuen. Jarraian, proiektuaren nondik-norakoak, ebaluatzeko errubrika eta osatu behar zuten jarraipen txostena ezagutu zuten.

Horrekin guztiarekin, ikasleak prest zeuden egituren inguruko oinarrizko informazioa jasotzen hasteko eta beraiek eraikitako egituren prototipoekin probak egiten hasteko. Horretarako, egituren inguruko oinarrizko informazioa bildu eta gero, plastilina eta txotxak erabiliz, euren egitura ezberdinak eraikitzeari ekin zioten. Prototipo horiekin, egitura sendoenak eta arinenak aurkitu behar zituzten.

plastilina_txotxak

Prototipado fase horretan ikasitakoarekin, ikasle bakoitzak bere zubiaren krokisa marraztu zuen. Jarraian, 1-2-4 izeneko egitura kooperatiboa erabiliz, talde bakoitzak eraikiko zuen zubia erabaki behar zuen. Eta erabakia hartu bezain azkar, zereginak eta ardurak banatu zituzten.

Batek planoa marrazten zuen bitartean, beste batek eskalaren kontzeptua lantzen zuen neurri guztiak zehaztu ahal izateko. Eta beste biak, aurreikusita zituzten lehen piezen txotxak kolatzen hasi ziren. Lehen saiotan den-dena oso ondo joan zen eta talde guztien dinamika eredugarria izan zen. Ikasleen artean sortu zen lan-giro zoragarria izan zen eta euren artean sustatu nahi dugun kooperazioa gauzatzeko hamaika aukera izan zuten.

Dena den, arazoak berehala iritsi ziren. Talde batek diseinatutako zubia eraikitzeko txotxen neurria luzeegia zen eta moztu beharra zegoenez, marketeriako zerrak eraman genituen gelara. A ze lana! Zaila eta gogorra egin zitzaien, baina kementsu aritu ziren denak.

Talde horrek, azkenean, beste motako arazoak izan zituen eta, horrenbeste eskatzen diegun sormena erabiliz, planifikatuta zuten zubiaren oholtzarra aldatzea erabaki zuten. Zituzten baliabideekin eta izan zuten arazoekin, beharbada, euren soluzioa ez zen horren txarra, baina ez genuen uste beste taldeengan halako eragina izango zuenik. Izan ere, beste talde batek, soluzio hori ikusita, euren zubiarentzat “adoptatu” zuen. Eraikitzeko samurragoa zen eta, jakina, azkarrago ikusiko zuten euren zubia bukatuta.

Tentazioa handiegia izan zen eta, gure desesperaziorako, gainontzeko taldeek ere planoan eta taldean aurrez zehaztuta zutena alde batera utzi eta sistema berriari heldu zioten. Hori egin ez zezaten ahaleginak egin genituen arren, erabakia eurena zen eta errespetatu beharra zegoen.

Ondorioa ikusteko ez genuen denbora asko itxaron behar izan. Zutabe sendoak baina oholtzar ahulak zituzten zubiak bukatuta zeuden eta kargaren probak gaindituko ote zituzten egiaztatu beharra zegoen.

Bideoan ikus dezakezuen bezala, zubi guztiak hautsi edo erori ziren karga oholtzarraren erdian jarri genuenean. A ze frustrazioa! Ia prozesu osoan zehar lan handia eta txukuna egin ondoren, azken uneko erabaki oker batek dena zapuztu zuen.

Nolanahi ere, ez genuen oso gaizki hartu eta, beti gelan esaten dugun bezala, “gaizki egitea ez dago gaizki” baldin eta “akatsetatik ikasten badugu”. Horregatik, portfoliorako egin genuen gogoetan oso garbi geratu ziren bi ikaskuntza hauek:

1.- Aurreikusitako planak aurrera eraman behar ditugu, baldin eta guk aurkitutako arrazoi edo arazo sendo batek gure plana aldarazten ez badigu.
2.- Besteengandik ikastea oso ondo dago, baina besteek egiten dutena kopiatzeak, besterik gabe, ez du zentzurik. Batez ere, hori egitera eraman dituen arrazoia edo arazoa ez dugunean.

Gure balorazioari dagokionez, bukaerako emaitza guri gustatuko litzaigukeena izan ez bazen ere, oso gustura geratu ginen ikasleek prozesu osoan zehar erakutsi zuten jarrerarekin, kooperazioan eman zituzten urrats sendoekin eta eginiko akatsetatik atera zituzten ondorioekin. Zalantzarik gabe, gisa honetako erronkekin jarraituko dugu eta aurki horren inguruko albiste gehiago izango duzue. Ea pertsona solidarioagoak, enpatikoagoak, asertibotasun handiagokoak, erresilientzia handiagokoak, ahaldunagoak, sortzaileagoak, arduratsuagoak… izateko bide horretan esku bat bota diezaiekegun.

Bukatzeko, prozesuan grabatutako bideo batekin eta irudi sorta batekin uzten zaituztegu.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Lanean

Hiru bideo

Egun hauetan gauza asko egiten ari gara eta horra hor gaurko hiru

A gelakoak Plastikan

Asteazkenean, 4A gelan sartu ginen Plastikako saio batean eta bertan hartutako irudiekin

Elikadura landuz

Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolak gonbidatuta, Ordiziako Eroskin izan ginen saio interesgarriak burutuz.

Paperezko aulkiak

Tarteka, gure ikasleei erronka ezberdinak planteatzen dizkiegu euren sormena aktibatzeko, antolatzeko eta

Goierri areagotua

[tabs_framed multiply=”3″] [tab title=”Arama-(4A)”] Arratsalde batean hitzordua genuen alkatearekin eta, zorionez, eguraldi
Igo Gora