Arrautza hegalariak

Atala: Albisteak/Lanean Egilea:

Zalantzarik gabe, 4. mailan gaudenok oso garbi dugu ikasleen sormena garatzeak garrantzia handia duela eta, horregatik, gure ekimenetan beti leku pribilegiatu bat eskaintzen diogu.

Gaur, berriki burutu dugun ekimen baten berri eman nahi dizuegu, baina horrekin hasi baino lehenago, HikHasi aldizkarian argitaratutako mezu honetatik ateratako pasarte hau jarri nahi dizuegu, sormenak duen garrantzia eta eskatzen dituen baldintzak hobeto uler ditzazuen.

Sormena laguntzeko oinarriak

Sormena laguntzeko, oinarri hauek jarrai ditzakegu:
1.- Pentsamenduaren oinarrizko trebetasunak eraiki. Hori, oinarrizkoa da sormenaren garapen potentzialerako.
2.- Eremu zehatzetan oinarrizko ezagutza lortzera bultzatu. Sormena ez da beti ezagutzaren ondorio zuzena, baina ezagutza nolabait, bada sormena bultzatzeko baldintza.
3.- Jakin-mina eta esplorazioa piztu eta saritu. Haur sortzaileak, sortzaileak ez direnak baino jostalariagoak izaten dira. Haur sortzaileek azalpenak eskatzen dituzte eta eszeptizismoz hartzen dituzte “jakinak” edo “begi bistakoak” diren erantzunak.
4.- Sormenerako beharrezkoak diren motibazio baldintzak sortu. Motibaziorik ez bada, norberaren sormen potentziala garatzeko aukera gutxiago dute.
5.- Konfiantza eta arriskua bere gain hartzeko gogoa bultzatu. Askotan ikasle zail moduan ikusten dira, inkonformistak direlako, baina horrek lotura zuzena du izaera sortzailearekin.
6.- Sormenak motibazioa eta ahalegina bultzatzen ditu, eta ideia hori bultzatu behar da. Ahaleginik egin ezean, ez dute berritzailea den ezer egingo.
7.- Aukeratzeko eta aurkitzeko aukera eman. Sormena duten ikasleek gogo handiagoz hartzen dituzte haiek aukeratu dituzten jarduerak, irakasleak edo beste norbaitek agindutakoak baino.
8.- Trebetasun metakognitiboak garatu. Buruaren auto-gobernuak norberaren baliabide kognitiboen zuzendari aktibo bihurtzea dakar.
9.- Ekintza sortzaileak egiteko teknikak eta estrategiak irakatsi. Ikasleei pentsatzen laguntzeko eta arazoak konpontzen laguntzeko teknika asko daude.
10.- Oreka eskaini. Haurrek haien sorkuntza ikasgelan azaltzeko gogoa izaten dute.

Irakaskuntza sortzailearen oinarriak

Gurasoek eta irakasleek haurrak estimulatzeko moduak ikas ditzakete haiek jakin-mina izan dezaten, arriskuak har ditzaten, arrisku eta erronkekin goza dezaten eta irudimena erabil dezaten. Estimulazio horrek giro lasaia eskatzen du eta giro hori lortzeko, ez litzateke sormena alde batera utzi behar, eskola curriculumak eskatzen dituen erantzunak emateko.
Eskola informalagoa izatea proposatzen dugu. Haurrei imajinatzeko, sortzeko eta haien kabuz azaltzeko aukera gehiago eman behar zaizkie.
Irakaskuntza sortzaileak, lehenago aipatu dugun moduan, irudimena, malgutasuna, originaltasuna eta egokitzeko gaitasuna eskatzen ditu eta baita curriculumaren barnean ematen diren arazoak konpontzeko erabiltzea ere. Beharrezkoa da, beraz, irakaskuntza sortzailea egiten duen pertsonak horri buruzko zenbait printzipio kontuan hartzea:
1.- Irakaskuntza sortzaileak izaera malgua du. Aurkikuntzen bidez ikasten da, eta ezaugarri nagusiak hauek dira: inprobisatzeko gaitasuna, aldaketarako gaitasuna eta ikasle bakoitzaren ezaugarrien arabera formazioa egokitzea.
2.- Zeharkako ikaskuntza metodoen arabera zehazten da. Motibazioak, simulazioak, kontsultak eta aurkikuntzak irakaskuntza metodo horien oinarria zehazten dute eta haien ezaugarri nagusiak naturaltasuna, autonomia eta ulermena dira.
3.- Irudimenezkoa da. Sormenaren trebetasunak erabiltzen direnean irakaskuntza prozesuaren alde lan egiten da.
4.- Materialak eta ideiak era berrian erabiltzea bultzatzen du. Materialak, ideiak edo metodoak hainbat eratara konbinatzea.
5.- Harremanei laguntzen die.
6.- Auto-norabidea indartzen du. Ikaslea da ikasteko ardura duena, eta irakaslea laguntzailea da. Giro horretan, jakin-mina, ikerketa, esperimentazioa… bultzatzen dira.
7.- Auto-balorazioa eskatzen du; irakasleak amaierarako uzten baitu bere epaia.
8.- Arriskuak ditu, baina sariak ere ematen ditu.

Irakaskuntza sormen prozesu bihurtzen da, norbanakoak baldintza hauek betetzen dituenean:

– Irakaskuntza teknikak eta estrategiak hobetzeko beharra ikusten duenean.
– Arazoak konpontzeko aukerak aztertzen dituenean.
– Arazoei irtenbidea aurkitzeko iraganeko esperientzia eta ezagupen eta ikuspegi berriak erabiltzen dituenean.
– Zientifikoki garatutako irakaskuntza sortzailearen printzipioak erabiltzeko asmoa duenean.
– Hezkuntza bizipenetan ikasitakoa erabiltzen duenean.

Bada, hori garbi utzi ondoren, goazen aztertzera gure ikasleek burutu duten lana.

Gure proposamena Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta langileek urtero burutzen duten ekimen honetan oinarritu da.

Arau berdinak jarri genizkien eta taldeak osatzeko askatasuna eman genien. Baldintza zen 4ko taldeak baino handiagoak ez izatea eta inor bakarrik ez uztea.

Denbora luze utzi genien, lehen zirriborroak eta prototipoak orduz kanpoko tarteetan eraikitzen hasteko, eta ikastolan bi saio besterik ez dizkiegu eskaini. Horrekin, euren autonomia eta elkarlana burutzeko gaitasunak garatu nahi genituen, sormen prozesua erabateko askatasunez gara zezaten.

Ikustekoa izan da talde batzuek burutu duten lana. Zirriborroak, prototipoak, probak, hobekuntzak, proba gehiago, zuzenketak, zerotik berriro hasi, prototipo berriak, proba berriak… Azken finean, sortzaile guztiek bizi dutena lehen eskutik bizitzeko aukera izan dute.

Eta horixe izan da, hain zuzen ere, esperientzia honek eskaini dien altxorrik preziatuena. Emaitzak alde batera utzita, prozesuan bizi izandako guztia eta ikasitako guztia euren altxortegira eraman baitute eta, ziur gaude, hemendik aurrera planteatuko zaizkien erronkei aurre egiteko oso lagungarria gertatutako zaiela.

Dena den, emaitzetan erreparatuz, harrituta utzi zituzten bertan zeuden ikusle guztiak. Izan ere, jaurtitako 26 tramankuluetatik arrautza bakarra puskatu zen eta beste batek pitzadura txiki bat besterik ez zuen izan. Gainontzeko arrautza guztiak oso-osorik iritsi ziren lurrera. Hori bai, eskatzen zitzaien hegaldiaren luzera ez zen oso ona izan.

Zoritxarrez, gure ikasleek hezur-muinetaraino barneratuta dute porrotaren beldurra. Gaizki egiteari eta porrotari, oraindik ere, beldurra diete, nahiz eta hamaika aldiz kontrakoa demostratzen ahalegintzen garen. Horregatik, arrautza ez puskatzea jarri zuten euren lehentasun gisa eta ez ziren arriskatu prozesuan zehar diseinatu zituzten beste prototipo ausartagoekin eta hegaldi luzeak egiteko aproposagoekin. Emaitza; ia talde guztiek paraxut baten egitura errepikatzen zuen diseinua aukeratu zuten. Horrekin, bazekiten distantzia luzea ez zutela lortuko, baina arrautza ez puskatzea hobeto bermatzen zuten.

Dena den, esperientzia oso aberasgarria suertatu da guztiontzat eta datorren ikasturterako bigarren edizioa aurreikusi dugu, baina ikastolako ikasle guztientzat irekia eta puntuazio sisteman doikuntza oso garrantzitsuak eginda, hegaldi luzeei lehentasuna emateko. Ea ekintza hau errotzea lortzen dugun eta, bide batez, ikasleen sormena garatzen jarraitzen dugun.

Ekitaldiaren bideoa

Prototipoak prestatzen

Argazki bilduma

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Albisteak

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako

Lehen sorospenak erakusten

Oraingo honetan 4.C gelako ikasleek irakasle edo monitore papera hartu dute. Oporretara

Karaokea

Gaur arratsaldean primeran pasa dugu gure Karaokean abesten eta dantza egiten. Ez

A gelakoak Plastikan

Asteazkenean, 4A gelan sartu ginen Plastikako saio batean eta bertan hartutako irudiekin
Igo Gora