Curriculum guztiak zaharkituta daude?

Atala: Hezkuntza Egilea:

Marc Prenskyren “The World Needs a New Curriculum” (PDF Ingelesez) izeneko dokumentua irakurrita (Liburu osoa hemen topa dezakezue), duela 7-8 urte onartu eta gurea egin genuen Euskal Curriculuma etorri zait burura. Gainetik bada ere, berriro irakurri ditut gure curriculum horrek dituen planteamendu nagusiak. Egia esan, hori irakurtzen dudan bakoitzean, gure Hezkuntza Proiektua (PDF 5,2 Mb) irakurtzen dudanean bezala, tristura jartzen zait. Izan ere, dokumentu ofizial horietan agertzen dena eta errealitatean ikusten denaren artean dagoen aldea hain da handia… Bestalde, administrazioak ezarritako curriculumarekin antzeko zerbait gertatzen zait. Batez ere, betiko edukien ebaluazioari ematen zaion garrantzia ikustean, ikasle guztiak zenbaki batez sailkatzera derrigortzen gaituztenean…

Horregatik, eta gure ikasleekin beste edukien lanketan zentratzen ari garelako eta, azken urteotan, ahalegin handi bat egiten ari garelako, oso interesgarria iruditu zait Prenskyren planteamendua eta pentsarazi dit egungo curriculum guztiak zaharkituta daudela.

Zein da hezkuntzaren xedea? Askok “ikastea” dela erantzungo dute. Egia esan, iturri ezberdinetatik iristen zaigun informazio gehiena ikaskuntzarekin loturikoa da, baina inoiz ez dugu ahaztu behar ikaskuntza ez dela helburua, bitartekoa baizik. Beraz, hezkuntzaren xedea ezin da ikastea izan, mundu hobe bat egiten lagunduko duen pertsona bat bihurtzea baizik.

Ikasleen etorkizunerako baliagarriak izango diren gauzak irakasten ari gara? Lortu nahi ditugun pertsona hobe horiek lortzeko, beharrezkoak diren edukiak euren esku jartzen al ditugu? Eduki horiek interesgarriak edo esanguratsuak dira eurentzat? Euren interesekin konexiorik ba al dute? Zoritxarrez, gure curriculumek proposatzen dizkiguten eduki gehienek ez dute inongo baliorik izango ikasleen bizitzan. Marc Prenskyrentzat, aldaketa ez da lortuko teknologiaren bitartez bakarrik, ezta ere metodologia berritzaileak erabiliz, soilik. Berarentzat, beharrezkoa litzateke arestian aipatutako bi aspektu horiei (teknologia eta metodologia berritzaileak), hirugarren aspektu bat gehitzea: zer irakasten dugun. Berak dioenez, hortxe dago kakoa gure ikasleek jakin dezaten moldatzen etorkizun aldakor, ezezagun, konplexu eta anbiguo baten aurrean. Une honetan ditugun curriculumek ez dute balio, izan ere, irakasten diren edukiek ikasle onak sustatzeko balio dute, baina inondik inora sustatzen dituzte mundua hobetzeko ahalmena izango duten pertsonak. Eta nik gehituko nioke, gaur egun, teknologiarik gabe eta metodologia berritzailerik gabe ezin dut imajinatu nola lor zitezkeen helburu horiek. Bi aspektu horiek “per se” ez dira nahikoak, baina curriculum aldaketa hutsalarekin ere ez da ezer lortzen eta hemen adibide garbia dugu. Faktore horietan guztietan eta beste batzuetan (ikastetxeen antolaketa, hezkuntza politika zentralistak, ebaluazio sistemak…) kokatuko nuke nik benetako aldaketaren giltza.

Mendeetako tradizio akademikoak pisu handia du. Hizkuntza, Matematika, Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak mundu osoko curriculumen protagonista nagusiak dira. Eta euren inguruan PISA edo Ebaluazio Diagnostikoa bezalako probak egiten dira. Proba horien emaitzekin gure ikasleek zer ikasten duten eta eskoletan zer egiten duten esaten digute eta euren fokua lau arlo horien ikaskuntzan jarrita dago. Irakaskuntza erakundeek denbora asko eta esfortzu handia eskaintzen diote proba horien emaitzei aztertzeari eta ia inoiz ez dugu erreparatzen gure ikasleak zer diren eta zer izatera irits daitezkeen, ikasle onak bihurtzea besterik ez dute espero. Arlo akademiko horiek ez dira kuestionatzen eta gai horiek hobeto irakasteko ahaleginak egiten dira eta esfortzuak horretara bideratzen dira. Baina nahikoa al da? Funtzionatzen ari da?

Prenskyren proposamena curriculum berri batean oinarritzen da. Berak proposatutako curriculum horren lehen planoan, mundu osoko ikasleek etorkizunean murgiltzeko eta mundu hobe bat eraikitzeko ahalmena izateko, beharko dituzten lau giltzarri azpimarratzen ditu: Pentsamendu Eraginkorra, Ekimen Eraginkorra, Harreman Eraginkorrak eta Helburuen Lorpena. Adibidez, Pentsamendu Eraginkorra lortzeko, proposatzen dituen osagaiak honako hauek lirateke: pentsamendu kritikoa, pentsamendu matematikoa, pentsamendu zientifikoa, pentsamendu sortzailea, problemen ebazpena, diseinuzko pentsamendua edo «design thinking»… Ekimen Eraginkorra lortzeko proposatzen dituenak hauek lirateke: oso eraginkorrak diren pertsonen ohiturak eta mentalitatea, erresilientzia, izaera sendoa, ekintzailetza, berrikuntza, inprobisazioa, proiektuen kudeaketa… Harreman Eraginkorrak sendotzeko, horra hor barnean sartuko liratekeenak: komunikazioa, kolaborazioa (maila eta testuinguru ezberdinetan), enpatia, etika, politika, negoziazioa, hiritartasuna, bitartekaritza, gatazken konponbidea… Testuinguru horretan, irakasleek, ikasleen beharren eta interesen araberako plan pertsonalizatuak diseinatzeko malgutasuna beharko lukete.

Gaur egun, eskolako ia jarduera guztiak diseinatuta daude estandar jakin batzuei erantzuteko, baina ez benetako problema errealei erantzuteko. Inguruan eragin errealik ez duten jarduerak dira eta ikasgelaren lau hormak zeharkatzeko ez dute balio. Alternatiba hori aurkeztuz, Prenskyk bere ale txikia jarri nahi izan du ikasleak benetan interesatzen zaizkien gaietara hurbiltzeko eta, bide batez, eskolatik ekarpen txiki bat egin dezaten mundu hobe bat eraikitzeko.

Zalantzarik gabe, inoiz curriculum akademizista baten beharra izan bada, gaur egun ez du tokirik. Behar-beharrezkoa da gaitasun sozio-emozionalak, enpatia, konpromisoa, erresilientzia, kooperazioa, partaidetza, ahalduntzea… ahalbideratuko eta sustatuko dituen curriculum bat. Ikasleen akatsak ikasteko aukera gisa identifikatuko dituen curriculum bat behar dugu, ahaleginari, eta ez arrakastari soilik, benetako balioa emango diona. Bukatzeko, gure eskolak, pertsonak bere osotasunean, garatzeko tokiak bihurtuko dituen curriculum bat eta ez probak gainditzeko toki bat.

Tags:

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*