2014-2015 ikasturtea abian

Atala: Albisteak Egilea:

Urrian gaude eta, urtero legez, ikasturtea hasi ondoren, lehen bilera izan dugu gurasoekin ikasturtearen nondik-norakoak komentatzeko.

Jarraian, bileran erabilitako aurkezpenarekin batera, eskainitako informazioaren laburpena eta aurkezpenean doazen irudiak eta beste batzuk ere jarri dizkizuegu, gure ekimena zertan oinarritzen den hobeto uler dezagun.

Goazen, bada, bileraren laburpenarekin.

AURKEZPENA

LABURPENA

Bileraren hasieran, gure taldeak ikasturtearen lehen aste hauetan nola ikusten ditugun komentatzen aritu ginen eta azpimarratu genuen aldaketa antzematen dela, batez ere, lanean jartzen direnean. Izan ere, kontzentrazio eta autonomia handiagoz aritzen baitira. Hori bai, oraindik ere, zenbait unetan, egoera horretara iristea kosta egiten ari zaigu. Nolanahi ere, itxaropentsu eta ilusionatuta gaude eta ikasturte oparoa biziko dugulakoan gaude.

Jarraian, ikasturte honetarako Lehen Hezkuntzako irakasleok adostutako berrikuntzen inguruan aritu ginen. Goazen bada, horiek komentatzera.

Irakurketa: Lehen Hezkuntzako irakasleok irakurzaletasuna sustatzearen beharraz jabetuta, ekintza ezberdinak burutuko ditugu ikasturte osoan zehar eta jarraian laburtzen dizkizuegu.

  • Irakurketa partekatua era sistematikoagoan burutuko dugu
  • Tertulia dialogikoak antolatuko ditugu
  • Irakurketa ingurune ezberdinetan burutuko dugu: liburutegi berrian, naturan, parkean…
  • Egunerokotasuna dituzten albisteak egunero irakurtzea (egunkarietatik, aldizkarietatik, Internetetik…)

Gelatik irten: aspektu hau indartu nahi dugu eta, bereziki, azpimarratu dugu naturara egingo ditugun irteeren gaia. Ikasleek, oro har, naturarekin duten harreman eskasa indartu nahi dugu eta hiru asteaz behin, gutxienez, naturarekin harremanetan jarriko dituen ekintzaren bat antolatuko dugu: hostoak bildu, baserriren bat bisitatu, inguruko zuhaitzen azterketa, naturan jolastera joan…

Gelako Batzarrak: astero, bi saio burutzea adostu genuen. Lehena, astearen hasieran astearen planifikazioa burutzeko eta bigarrena, astean zehar eginikoaren jarraipena burutzeko. Horretaz gain, ikasleek ardura hartzeko baliabide bat bezala erabiliko dugu batzarra. Izan ere, eurak izango dira batzarra gidatuko dutenak eta adostutakoaren jarraipena burutzeaz arduratuko direnak. Gainera, batzarraren barnean, ikasleen protagonismoa azpimarratuko duten bestelako ekimenak ere burutuko dira, hala nola, “…ren astea”, ikasleen iradokizunak, bizikidetzaren inguruko gaiak…

Aberaste txokoa: guztiok pertsona ezberdinak bagara, errezeta homogeneoek ez dute balio. Zoritxarrez, eguneroko lanetan oso zaila da aniztasunari ondo erantzutea, baina proiektuen lanketak aukera errealagoak eskaintzen ditu hori horrela izateko. Dena den, eta ikasle guztien jakin-mina, interesak, beharrak… asetu nahian, abian jarri dugu “Aberaste Txokoa”. Bertan, euren trebetasunei erronka planteatuko dien materialak eta gai ezberdinetan sakontzeko materialak eskura izango dituzte. Astero, tarte bat, gutxienez, eskainiko diogu bere erabilerari. Ikasturtea aurrera egin ahala, adimen anitzekin ere lotu nahi dugu eta adimen guztien garapenerako aukerak egon daitezen materialak ekartzea proposatuko diegu.

Ebaluazioa – Portfolioa: beharbada, hauxe izan zen guraso gehienentzat aldaketarik handiena edo, ezezagunena. Horregatik, hemen ere ahaleginduko gara zer egin behar dugun azaltzen. Hasteko, gure portfolioak izango dituen atalak aipatuko ditugu:

  • Esparru pertsonala: bertan, ikasle bakoitzak bere bizitzaren inguruko aipamenak jasoko ditu (biografia, erretratua, denbora-lerroa…)
  • Adimen anizkunak: gelan burututako lanen erregistro bat izango da. Lan horiek ohiko ikasgaien bidez antolatu beharrean, adimenen arabera antolatuko dituzte horren kontzientzia har dezaten. Hori bai, lanaren bat hor sartzea erabakitzen dutenean, horretarako prestatuta duten orrietan euren erabakia arrazoituko dute, beti ere, lan horrek euren ikaskuntza prozesuan eskaini diena aipatuz.
  • Hausnarketak: ikasleen ikas egunerokoan jasotako hausnarketak, burututako auto-ebaluazioak, eginiko lorpenen inguruko gogoetak, hobetu beharreko aspektuak… jasoko dituzte bertan. Esan, ikasleek burutuko dituzten gogoeta guztiak ez direla “libreak” izango eta guk eskatutako batzuk ere burutu beharko dituztela.
  • Proiektuak: proiektuetan sortutako dokumentazio interesgarria (planak, helburuak, horien lorpen maila, baliabideak, produktuak, ondorioak…) jasoko dute bertan.

Ikasleek eta irakasleok etengabeko ebaluazio prozesuan murgilduta arituko gara era ezberdinetako tresnak erabiliz: errubrikak, autoebaluazio jarduerak, koebaluazio jarduerak, hausnarketak, debateak, kontrolak, kontrol zerrendak… Horrek ez du esan nahi uneoro ebaluatzen arituko garenik, baizik eta aurrez ezarri ditugun uneetan burutuko ditugula ekintza horiek.

Ebaluazioaren komunikazioari dagokionez, aldaketa sakon bezain interesgarria planteatu dugu ikasturte honetarako. Ikasleak baldin badira ikas prozesuaren jabe eta ebaluazio prozesuan ardurarik handiena euren esku baldin badago, ez dugu ulertzen komunikazioa burutzeko unean protagonismo guztia galtzea. Nork esplika ditzake ondoen izandako zailtasunak eta bizi izandako lorpenak edo prozesu horretan bizi izandako emozioak? Horregatik, ikasleak izango dira, tutorearekin talde bat osatuz, komunikazioaren ardura hartuko dutenak.

Aldaketa sakona da, dudarik gabe, eta guztiontzat esfortzu handia eskatuko duena. Garbi dago abenduaren hasierarako oso zaila zela hau guztia behar bezala burutzea eta, gainera, ikasturtean horrelako hiru informe izatea ikaragarrizko presioa izan zitekeela ikasleentzat. Horregatik, bi informe izatea planteatu genuen. Azkenean, gure proposamena onartu zen eta horixe izango da egingo duguna. Lehen informea urtarrilaren bukaeran eta otsailaren hasieran izango da eta bigarrena ikasturtearen amaieran. Ea dena ondo ateratzen den eta ikasleak euren ikas prozesuaren benetako protagonistak bihurtzen diren. Eskainitako aurkezpenean, jarraian doakizuen bideoa txertatu genuen, portfolioa zer den eta ebaluazioaren komunikazioa nolakoa izango den ideia bat egin dezazuen.

Bideo horretan ikusten dena ondorengo bideo hauetatik ateratako irudiekin osatu genuen:

Etxerako lanak: atal honetan etxean finkatu nahi ditugun ohituren inguruan (tarte bat gorde eta finkatu lanerako, posible denean leku bat jarri horretarako, gurasoak jarraipena egin, baina ikasleen lana ez egin…) aritu ginen. Bidaliko ditugun lan motaren inguruan ere aritu ginen eta, batzuetan, ohiko lanak izango diren arren, beste era batekoak ere izango dira, hala nola: adimena eta sormena garatzeko jarduerak, ardurak indartzeko proposamenak, herrian garatzeko jarduerak…

Irteerak: ikasturte honetarako aurreikusita ditugun irteera garrantzitsuenak:

  • Goierriko herrietara (gela bakoitzak bi herri ezberdinak)
  • Arriarango urtegira
  • Ibaien inguruko hitzaldia
  • D’elikatuz museora
  • Lizarrusti-Ataun
  • Elikadura (Eroski)
  • Eureka Zientzia Museora
  • Sastarrain 3 eguneko egonaldia

Oharrak: Lehen Hezkuntzako irakasleok adostu dugunaren arabera, hemendik aurrera, irteera bat dugunean, ikasleek agendan idatzita eramango dute zuen sinadura jasotzeko. Honela, gurasoek baimena ematen duzuela eta jakinaren gainean zaudetela ziurtatuta izango dugu. Bestalde, baimenak, medikuarengana joateko… eta gisa horretako abisuak agendan ekartzea eskatzen da.

Eskola Agenda 21: ikasturte honetan Elikadura jasangarria izango da Ordiziako ikastetxeetan jorratuko dugun gaia. Guk, gure bigarren hiruhileko proiektuan elikadura osasungarriaren gaia jorratuko dugula aprobetxatuz, bertan txertatu dugu lanketa eta, dagoeneko proposamen batzuk luzatu ditugu. Jakina, ikasleek ere euren proposamenak egingo dituztenez, guztiontzat aberasgarria izango delakoan gaude.

Ildo pedagogikoak: gai hauek, oso garbi utzi genuen “guraso eskola” batean lantzeko gaiak direla eta horrelako bilera batean ez dagoela denborarik behar den bezala azaltzeko. Horregatik, oso gainetik komentatu genuen hau guztia.

porrot_arrakasta

Irudi horrekin islatu nahi izan genuen gure filosofiaren oinarria zein den.

Jarraian, gure ardatz aipatu genituen: Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza, Adimen Anizkunak eta Diseinuzko Pentsamendua. Gai berriak ez diren arren ondorengo irudiak erabiliz saiatu ginen horien inguruan gure lanaren nondik norakoa azaltzen.

POI ezaugarriak
Ohikoa_VS_PBL
ADIMENAK_JARDUERAK
DESIGN_THINKING
bloo_taxonomia_kit_irakasleentzat_txikia

Eta horrekin zer da sustatu nahi duguna? Bada, iritzi kritikoa duten pertsonak izatea, arazoei aurre egiterakoan betiko ereduetatik at murgiltzeko beldurrik ez duten pertsonak izatea eta pentsamendu sortzaileari ateak ez ixtea, inguruan gertatzen diren arazoen aurrean ikusle gisa gelditzen ez diren eta konponbideak topatzen ahalegintzen diren pertsonak izatea, euren ametsak betetze aldera iniziatiba hartzen duten pertsonak izatea, euren buruarengan konfiantza duten pertsonak izatea, gauzak aldatzeko ahalmena dutela eta mundu hobe bat eraikitzea posible dela sinesten duten pertsonak izatea… Eta hori guztia elkarrekin lan eginez, kooperazioa erabiliz eta gure inguruan ditugun eragile ezberdinekin kolaboratuz.

Eta horraino, gutxi gorabehera, bileretan adierazi genuena. Jarraian, gai hauetan sakondu nahi duenarentzat, informazio osagarria eta baliabide ezberdinak eskaintzen dizkizuegu.

GURASO ESKOLA

Ikusita portfolioaren gaiak interes eta jakin-min handia piztu zituela, jarraian jarri dizkizuegun estekatan, horren inguruko informazio ugari topa dezakezue:

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Albisteak

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako

Lehen sorospenak erakusten

Oraingo honetan 4.C gelako ikasleek irakasle edo monitore papera hartu dute. Oporretara

Karaokea

Gaur arratsaldean primeran pasa dugu gure Karaokean abesten eta dantza egiten. Ez

A gelakoak Plastikan

Asteazkenean, 4A gelan sartu ginen Plastikako saio batean eta bertan hartutako irudiekin
Igo Gora