2020ko Hezkuntzarako giltzarriak

Atala: Hezkuntza Egilea:

Fundacion Telefonicak antolatutako Hezkuntzari buruzko VII. Nazioarteko Topaketetan izaera eta jatorri anitzeko munduko lurralde ezberdinetako adituak bildu ziren XXI. mendeko Hezkuntzak nolakoa izan beharko lukeen irudikatzeko. Guk, azaroan, mezu honetan horren berri eman genizuen. Esan bezala, bertan parte hartu zutenen aniztasunak nolabaiteko bermea ematen die amaieran argitaratutako ondorioei. Ondorio horiek laburbiltzen dituen eta jarraian jarri dizuegun infografia bat argitaratu dute eta 20 klabe azpimarratu dituzte. 20 puntu horiek dira jarraian komentatzen dizkizuegunak:

infografia_20_claves_educativas_para_2020Jatorrizko neurrian ikusteko, klikatu irudiaren gainean

1.- Eskolak XXI. mendeko hiritarra hezi behar du: XXI. mendeko gizarteak hiritar sortzaileak, ekintzaileak, iritzi kritiko dutenak, digitalki konpetenteak, trebetasun sozial handiak dituztenak eta testuinguru ezberdinetara egokitzeko ahalmen handia izango dutenak behar ditu.

2.- Inklusio soziala ardatz: ezinbestekoak egiten dira administrazio publikoaren politikak garapen iraunkorra eta hiritar guztien inklusioa bermatzeko.

3.- Lidergo instituzionala behar da: kultura digitalak urteak daramatza gizartean. Hezkuntza erakundeak ezin dira alde batean gelditu, horregatik, ezinbestekoa da lidergo sendo bat komunitate indartsuak eraikitzeko IKTen laguntzaz eta hauek pedagogiaren eta eskola curriculumaren mesedean jarrita.

4.- Adimen kolektiboa erabili: gizarte konplexu honetan aurrera ateratzeko beharrezkoa egiten zaigu, behin baino gehiagotan, irudimen kolektiboaren erabilera. Izaki sozialak izanik, gizarte digital honek zabaldu dizkigun ate guztiei etekina ateratzen jakin behar dugu.

5.- Edukiak + Pedagogia + Teknologia: hiru elementu horien elkarreragina ezinbestekoa da IKTak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan txertatzeko: edukien ezagutza sendoa, konpetentzia pedagogikoak ondo menperatu eta tresna teknologiko anitzen erabilera eta euren balizko aplikazioen ezagutza. Teknologiak ez du pedagogia asmatzen, bere aukerak zabaldu besterik ez du egiten.

6.- Ebaluazio era berriak: IKTen laguntzaz ikasteak metodologia berriak eskatzen ditu eta oso ezberdinak edukiak barneratzea soilik bilatzen den metodologiekin alderatuz. Horregatik, ikaskuntza horien ebaluazioa ezberdina izan behar da eta ezin da inolaz ere edukien lorpenean zentratu, XXI. mendeko konpetentzien lorpenean baizik.

7.- Natibo digitalen mitoarekin amaitu beharra dago: gazte guztiak ez dira natibo digitalak eta ez dakite IKTak erabiltzen XXI. mendeko konpetentzien mesederako.

8.- Sormena sustatu behar da: sormena ito egiten duen eskola ereduarekin amaitzea geroz eta beharrezkoagoa ikusten da. Hau da, kontrolean oinarritutako eskola eredua lurperatu eta ahalduntze prozesuak sustatu. Pertsonak sortzaileak gara jaiotzez eta hezkuntza sistemak sormen ahalmen hori garatzeko baldintza egokiak eskaini behar ditu.

9.- Hezkuntza Emozionalaren garrantzia: hezkuntzaren xede nagusia pertsonen ongizate soziala eta emozionala lortzen laguntzea bada, garbi dago eskolak garrantzia handiagoa eman beharko liokeela hezkuntza emozionalari. Horretarako, irakasleen formazio plan guztietan arreta handiagoa eman beharko zaio konpetentzia horiei.

10.- Familia, eskola eta komunitatearen arteko elkarlana: hezkuntzaren ardura ez da eskolarena soilik, ikaskuntza gizartearen esparru guztietan gertatzen baita. Horregatik, eskola, familiak eta komunitatearen arteko konexioa ezinbestekoa da. Hezkuntza gizarte osoaren ardura da.

11.- Burokraziarik gabeko lidergoa: Hezkuntza erakunde baten lidergoaren helburua ikasleen hobekuntza izan behar denez, lidergoa pedagogian zentratu behar da eta burokraziatik aldendu. Komunitateko kide guztiak inplikatu behar dira ikastetxearen helburuen lorpenean.

12.- Helburua: konpetentzien lorpena. Hezkuntza sisteman ematen diren aldaketek ikasleen konpetentzien hobekuntza izan behar dute helburu. Gizarte digitalak eskatzen dituen konpetentziak eskolak garatu behar ditu (autonomia, informazioaren kudeaketa, desikasteko ahalmena…). Unitate didaktiko sinpleagoak eta konpetentzia horietan oinarrituta behar dira.

13.- Ikasleen interesetan oinarrituta: ikaskuntza modu naturalean gertatu behar da, ikasleen interesetatik abiatuta, aurrezagutzak aintzat hartuz, praktiketan oinarrituta, akatsak onartuz eta ikasteko baliatuz.

14.- Irakaslearen rol eta formazio berriak: edukien transmisio hutsetik ikasleen orientaziora eta laguntzara; ikaslea, era aktibo eta esperimentalean, bere ezagutza eraikitzen joan dadin, baldintza egokiak sortuz. Jakina, horrek eskatzen du irakasleen formazioaren birkonfigurazio bat non ingurune digitalen erabilera pedagogikoa aintzat hartzen den.

15.- Ikaskuntzaren ekologia berria: hezkuntza goitik behera eraldatzen ari den ekologia berri bat dugu gaur egun. Berriz ere, hezkuntzaren kontzepzio zabalena eta hezkuntza erakundeetatik harago doana da aintzat hartzen dena.

16.- Hezitzaileak eta hezigarriak diren esparru guztiak aintzat hartu: hezkuntza sisteman disrupzio baten beharra sumatzen da gizartetik isolaturik dagoen eskola ereduarekin amaitzeko. Esparru formaletan nahiz informaletan ematen den ikaskuntzen hazkundea hain da handia, ezen esparru horietan guztietan ematen diren ikaskuntzak aintzat hartu beharko diren, ezinbestean.

17.- Edukien arteko elkarreragina: ikaskuntza ez da edukietan kokatzen, euren artean sortzen diren elkarreraginetan baizik. Sarean emandako ikaskuntza pertsonen eta ezagutzen arteko elkarreraginen bidez gertatzen da eta edukien konbinazioa, berreraikuntza, praktika… ardatz dira.

18.- Eskakizunei egokitutako formazioa: gizarteak eskatzen dituen profilen araberako curriculumaren eraikuntza gizarte eragile guztien esku egon behar da. Gizartea eta eskola kolaboratu beharko dute formazioa egokitzeko eta XXI. mendeko beharretara erantzuteko.

19.- Hiritarrak hezi behar ditu, ez profesionalak soilik: gizartean errotuta eta komunitateari irekita dagoen hezkuntza sistema, gizarte osoa inplikatzen duten ikaskuntza kooperatiboak oinarri dituelarik. Eskolaren xedea ez da “merkatuarentzat” baliagarriak diren profesionalak heztea, esparru sozial guztietan trebetasunez eta erantzukizunez murgilduko diren hiritarrak heztea baizik.

20.- Antsietate digitala saihestu: teknologiaren aurrerapenaren abiadura ikaragarriak ezinezkoa bihurtzen du etorkizun hurbilean izango dugun teknologia aurreikustea. Gizarteak, berriz, XXI. mendeko hezkuntza eredua diseinatu beharko du, aldamenean izango den teknologia edozein delarik ere.

Tags:

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora