Hezkuntza neur daiteke?

Atala: Hezkuntza Egilea:

Jarraian doakizuen artikulua Peter Gray-en “Can You Measure an Education? Can You Define Life’s Meaning?” izenburuko mezu batean oinarrituta dago.

Gure gizarte moderno honetan obsesionatuta gaude dena neurtu beharrarekin. Ematen du gure leloa hauxe dela: “Ezin baduzu zenbatu, ez du balio“. Eta, bereziki, gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatea neurtzearekin itsututa gaude. Ebaluazio Diagnostikoak, PISA, LOMCE Legeak ezarritako kanpo-ebaluazioak (errebalidak)… bezalako ebaluazioek gure seme-alabak gurasoen, irakasleen, ikastetxeen eta lurraldeen arteko lehia baten txotxongiloak bihurtu dituzte. Gure seme-alabek askatasunean jolasteko eta esploratzeko, amesteko… duten eskubidea kentzen ari gara. Beste hitzetan, euren haurtzaroa lapurtzen ari gara emaitza hobeak lortzearen truke.

Heldu da garaia pertsona gisa etenaldi bat egiteko, arnasa sakon hartzeko eta sen onera itzultzeko. Zer da, benetan, hezkuntza? Zein da haren xedea? Neur daiteke hori? Eta, neurgarria bada, zentzuzkoa ote da irizpide berdinak guztientzat ezartzea?

Eskolaren jatorria, gaur egun ezagutzen dugun bezala, Erreforma Protestantean aurki dezakegu. Garai hartako erreformatzaileen iritziz, kristauen betebehar bat zen euren seme-alabei irakurtzen erakustea Biblia uler zezaten. Horretaz gain, sinesmen batzuk irakatsi nahi zituzten: esanekotasuna asko baloratzen zuten eta oso garbi transmititu nahi zuten infernua zain zegoela jokabide desegokia zutenentzat. Garai hartako hezkuntzaren xedea oso garbi zegoen: umeak bekatutik urrun mantentzea, autoritateari beldurra ezartzea eta Bibliaren pasarteak buruz ikastea beldurra eta obedientzia eragin nahi zituen mezu moralista igorriz.

Hezkuntza sistema horren xedea hori izanik, nahiko erraza zen arrakasta neurtzea. Ikasleak esanekoak baziren, irakasleak nahi zuen bezala jarraitzen bazituzten bere lezioak eta helduek esandakoa ihardetsi egiten ez bazuten, orduan arrakasta lortzen zuten. Benetan garrantzia zuena otzantasunez men egitea zen. Baten bat errebelatzen zenean, jipoiak eta umiliazioak tarteko, bere eskola-porrota nabarmena zen.

Garai hartako hezkuntza sistemak ez zuen hezkuntzaren esparru zabal bat bere barnean hartu nahi. Eta eskola hark, beldurgarria izan arren, umearen bizitzaren zati txiki bat besterik ez zuen betetzen. Denboraren poderioz, gobernuak ikastetxeen kontrolarekin egin ziren eta umeek ikastetxeetan pasatzen zuten ordu eta egun kopurua hazten joan zen, baita ikasgaien kopurua ere. Jende gehienarentzat, eskolatzea eta hezkuntza gauza bera izatera pasatu ziren.

Industria Iraultzarekin eskolek lantegien eredua erreplikatu zuten. Ikasleak muntaia-katean kokatzen zituzten eta, horrela, mailaz-maila igarotzen zuten. Puntu bakoitzean irakasle berri batek “produktuari” ezagutza eta trebetasun berriak “txertatzen” zizkion. Orduan, katearen azken etapan, “produktua” kate horretatik ateratzen zen ematen zitzaion ziurtagiri batez. Sistema honek, gure hezkuntza sisteman bizirik dirau, nahiz eta industria iraultzaren beste aspektu guztiak aspalditik gaindituta ditugun gizartearen gainontzeko esparrutan.

Hezkuntza hori bada, neurtzeko era nahiko erraza da. Ikasleak aztertzen ditugu katearen puntu bakoitzean eta hurrengo puntura pasatzeko nahiko ezagutzak eta trebetasunak eskuratu dituzten egiaztatzen ditugu. Nolanahi ere, sistema industrial horretan gabezi bat gertatu zen. Irakasle bakoitzak egiten zuenari edo ikasleen aurrerapena neurtzeko zuen moduari buruzko kontrol bertikala ez zen erabatekoa eta irakasle batzuk pentsatzen zuten ikasleak ezberdinak zirela, denbora gehiago behar zutela jolasteko, esploratzeko, euren interesak eta pasioak garatzeko… Hori dela eta, eskola batetik bestera eta irakasle batetik bestera sekulako aldeak antzematen ziren “arrakasta” zehazteko orduan. Horregatik, eta kontrol bertikala ez galtzeko, guztientzat berdinak ziren estandarrak zehaztu zituzten. Industriaren “kalitate irizpideak” nagusitu ziren. Produktuak aurrez finkatutako ezaugarriak izan behar zituen; izan ezean, ezin izango zuen katearen hurrengo puntura igaro. Produktu estandar eta sendoa lortu nahi zen. “Kalitate frogak” Matematikan, Hizkuntzan eta, neurri txikiagoan, Zientzian oinarritzen zirenez, gainontzeko ikasgaien garrantzia galtzen joan zen. “Mariak” sortu ziren.

Ikus dezakezuen bezala, eredu hori gaurdaino iristeko gai izan da, indartsu gainera. Hezkuntzarekin zerikusirik duten eragile guztiek (irakasleek, gurasoek, ikasleek, ikastetxeek, administrazioek…) eredu hori barne-muinetaraino sartuta dute eta oso zaila egiten du beste eredu berritzaileak eta egungo errealitateari erantzungo diotenak iskanbilarik gabe planteatzea. Horregatik, arestian esan dudan bezala, bizi dugun eroaldia aldi baterako atzean utz dezagun eta har dezagun tarte bat hausnarketarako.

Hezkuntzaren xedea irakurtzen eta oinarrizko eragiketa matematikoak egiten ikastera mugatuta ere, gaizki arituko ginateke industrializazioaren garaiko eredu honekin. Izan ere, umeek azkarrago eta hobeto ikasten dute irakurtzen edo beste edozein gauza hori egin nahi dutenean. Hitz gakoa “GOGOA” da. Umeak nahi izan behar du. Baina behartutako “muntai-katea” jarraituz, ume gehienek irakurketari gorroto hartzen diote, Matematika mamu bat bihurtzen zaie, inguruko fenomenoak aztertzeko edota ulertzeko berezko jakin-mina galtzen dute, ideia propioak modu sortzailean garatzeko berezko jokabidea desagertzen zaie (ideiak bakarrik testuliburuek eta irakasleek ematen dituzte), esperimentatzeko gogoa murrizten doa zigortzen den hanka-sartzeari hartzen dioten beldurraren poderioz… Inork ez du irakurtzeagatik irakurri nahi, edo matematika-eragiketak egiteagatik egin nahi. Informazioa lortzeko edo istorioez gozatzeko irakurri nahi dute, eta matematika-eragiketak egin nahi dituzte matematikari lotutako benetako problema interesgarriak ebazteko. Horrela ikasten du jendeak benetako bizitzan, eta horrela ikasten dute haurrek eskola demokratikoetan, non norberaren hezkuntza beren gain hartzen duten. Gure eskoletan, berriz, egin nahi badute, katearen hurrengo puntura igarotzeko da. Hau da, berezko motibazioa “produkzio katean” aurrera egitearekin ordezkatu dute. Hots, ikasleek azterketak gainditzeko ikasten dute eta azterketak igaro bezain pronto, landutakoa ahaztu egiten dute.

berezko_motibazioaIrudia jatorrizko neurrian ikusteko, klikatu gainean

Horregatik, gai honi seriotasunez heltzeko unea heldu da. Zein izan beharko litzateke hezkuntzaren xedea? Edo beste era batean esanda, gure seme-alaben garapenean zeintzuk dira helburuak?

hezkuntza_ez_da

[blockquote cite=”Dr. Mario Alonso Puig”]Educar quiere decir SACAR DE DENTRO, no meter de fuera.

No somos cubos vacíos que hay que llenar. Somos fuegos que hay que encender.
[/blockquote]

Gaur egun, jende gehienak ez du nahi seme-alabek autoritateak esandakoa itsu-itsuan betetzea. Baina oraindik indarrean dugun eredu hori jarraituta, ikusi dugu umeentzat infernua den errealitate batera garamatzala. Eta ez dut uste hezkuntza sistemak “¿Sabes más que un niño de primaria?” bezalako programen eredua jarraitzea onena dela pentsatzen dugunik. Jakin badakigu Lehen Hezkuntzako ikasleek ikasten dituzten erantzunek zerikusirik ez dutela errealitatearekin eta are gutxiago arrakastarekin. Orduan, zer nahi dugu? edo beste era batean planteatuta, zer nahi duzu ZUK? zer nahi dut NIK? Baliteke zuk eta nik bizitzaren esanahiaren inguruko ikuspegi ezberdinak izatea eta gure seme-alabentzat gauza ezberdinak nahi izatea. Horregatik, nik nire seme-alabentzat (seme-alaba gazteak izango banitu) zer nahiko nukeen esan nahi dut.

Euren bizitzaren jabe direla eta sentitzen dutela haztea nahiko nuke. Zoriontsuak izatea nahiko nuke, baina besteen zoriontasunaz kezka duten pertsonak izanik. Egungo estresari eta bizitzak ematen dizkigun dezepzioei aurre egiteko emozionalki indartsuak izatea nahiko nuke. Euren buruarengan konfiantza izatea nahiko nuke. Oso azkar eta etengabe aldatzen ari den mundu honetan bizitza osoan zehar ikasteko eta “des”ikasteko gai izatea nahiko nuke. Euren pasioak eta euren helburuak izatea nahiko nuke. Pentsatzeko, iritzi kritikoa izateko eta euren helburuak lortzeko erabaki propioak hartzeko gai izatea nahiko nuke. Giza eskubideekin lerrotutako printzipio etikoak izatea eta horiekin kontsekuentea izatea nahiko nuke.

Eta hortxe dago koska! Aipatu ditudan gauza horiek ez dira ikasten egungo eredua jarraitzen duten ikastetxeetan, gure ikastetxeetan, hain zuzen ere. Gauza horiek guztiak aktibo eta aldaketa prozesuan dagoen ume batek aurkitu eta sortu behar ditu; eta hori egiteko, umeek denbora asko behar dute jolasean aritzeko, esploratzeko eta aurkitzeko. Egin dezakegun gauzarik hoberena eredu on bat eta giro sanoa, estimulatzailea eta etikoa eskaintzea da, non umeek bilatzen dutena aurkitzeko aukera duten eta euren burua ikuspegi ezberdinetatik ikusteko aukera izango duten eta ez euren ikuspegitik soilik. Azken finean, hezkuntzaren xedea bizitzaren esanahia aurkitzea da eta pertsona bakoitzak bere kaxa aurkitu behar du.

Gauzak horrela, hezkuntza neur daiteke? Bizitzaren esanahia defini dezakezu?

Beharbada, gizabanakoak bere hezkuntza neur dezake berarentzat zentzuzkoa den modu batean, bere aurrerapena bere bizitzari esanahia aurkitzean oinarrituz, bere helburuak ezarriz eta helburu horiek betetzen saiatuz. Baina ziur naiz gutako inork ezin duela beste edonoren hezkuntza neurtu.

Bukatzeko, “Si Tienes Un Sueño, Realizalo” eta “Por Qué Odio La Escuela Pero Amo La Educación” izeneko bideoak jartzen dizkizuet hausnarketarekin jarrai dezazuen.

Tags:

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora