Testulibururik ez!!! (3)

Atala: Hezkuntza Egilea:

Orain, nire bizipenetan eta nire inguruko lankide batzuengandik ikasitako gauzatan oinarrituz saiatuko naiz azaltzen testuliburuen inguruan dudan iritzia. Irakaskuntzan hasi nintzenetik, testuliburuaz inguratuta aritu izan naiz, baina gai honek beti kezkatu nau, sekula ez bainaiz gustura sentitu jokabide horrekin. Ohitura, testuinguruaren presioa, erakundeen presioa… izan dira “artaldean” mantendu nautenak, baina azken urteotan sarean ikasitako guztiari eta ezagututako esperientziei esker, “planto” egitera ausartu naiz. Orain, saiatuko naiz nire arrazoiak azaltzen.

Lehenik eta behin, eta sarrera gisan, oso garbi adierazi nahi dut testuliburuen erabileraren aurka nagoela. Hala ere, horrek ez du esan nahi gure inguruko zenbait ikastetxetan aurrera eramaten den testulibururik gabeko metodoaren alde nagoenik. Izan ere, ikastetxe horietan originalen ordez, testuliburuen fotokopiak dira nagusi. Aldaketa hori bada, originalak nahiago. Eta hau esaten badut, nire iloben esperientzia, nire lagun batzuen seme-alaben esperientzia eta ikastetxe horietan lan egiten duten irakasle batzuen esperientziak ezagutzen ditudalako da.

Sarrera honekin jarraituz, oso garbi utzi nahi dut testuliburuak aipatzen ditudanean, paperezkoak eta digitalak ez ditudala bereizten. Biak ala biak kaltegarriak iruditzen baitzaizkit. Argitaletxe gehienek egundoko berrikuntza bezala saltzen dizkigute euren testuliburu digitalak, baina oso garbi esan beharra dago paperezkoen bertsio aberastu bat besterik ez direla, kasurik onenean, eta, kasu gehienetan, paperezko liburuaren PDF bertsioa esteka sorta batekin besterik ez direla. Hori bai, kasu guztietan, paperezko liburuek dituzten ezaugarri berdintsuak dituztenez, praktika, rol eta ikaskuntzaren eredu berdinak erreproduzitzen dituzte.

Eta sarrera honekin bukatzeko, ez nuke nire burua testuliburuen aurkako talibantzat hartu nahiko. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, dena ez da beltza edo zuria. Kolore gama zabala dago eta seguru nago aspektu batzuetan gris ilunak dauden bezala, beste batzuetan gris argiagoak ere egon badaudela. Beraz, testuliburuen erabileraren aurka egoteak ez du esan nahi testuliburuak erabiliz, pedagogiaren aurkako praktikak besterik egiten ez direnik edo praktika zoragarriak egin ezin daitezkeenik. Hori bai, nire esperientziak oso garbi erakusten dit, testuliburuen erabileraren ondorioz, praktika on horiek, denborarekin, desagertu egiten direla eta argitaletxeek markatutako errutinan erortzen garela.

Haur txiki askok ez dute asmatzen euren toallarik gabe edo pelutxerik gabe. Euren makulua da. Hori gabe segurtasun falta dute. Bada, irakasleentzat antzekoa da testuliburua. Irakasle gehienen makulua da. Erantzun zuzena bertan topatuko dutelakoan daude, ikasleei zereginak agintzeko aukera ugari ematen die, curriculumak agintzen duena beteko dutela sinetsita daude, lan gehigarria ematen duten beste praktiketatik libratuko dira… Azken finean, irakasle baten ikuspegitik begiratuta, ez da harritzekoa hori horrela izatea. Kontua da, zer gertatzen da ikasleekin? Hezkuntzaren erdigunea ez al dira ikasleak? Horrela bada, zergatik nagusitzen da beti irakaslearen ikuspegia eta ez gure Hezkuntza Proiektuetan eta Curriculumean izar nagusiak diren ikasleen ikuspegia? Eta gurasoena?

segurola_600

Garai batean, testuliburuen gaiaz mintzatzen ginenean, beti ateratzen ziren irakasle batzuk segurtasunaren gaia aipatuz. Alegia, testuliburuak erabiltzeak segurtasuna ematen ziela. Aitortu beharra daukat hasieran argudio horren aurrean ez nuela ezer esaten, baina denborarekin horixe izaten da gehien mintzen nauen argudioa eta gehien eztabaidatzen dudana. Beti gogorarazten diet gure lanaren xedea ez garela gu, ikasleak baizik eta gu seguru sentitzea inportantea izanik, askoz ere garrantzitsuagoa dela ikasleen ikaskuntza eta garapen integrala, eta horretan, testuliburuak gehienetan erabiltzen ditugun bezala erabilita, mesede eskasa egiten diegula ikasleei. Baina azken urteotan argudio horri beste bat gehitu diot eta horrekin, gauzak diren bezala, irakasle guztiek arrazoia ematen didate. Zein da bigarren argudio hori? Bada, oso sinplea: testuliburuen erabileraren ondorioz, irakasleok argitaletxeek aurrez “egositako” materialen gestore akritikoak bilakatu garela eta gure konpetentzia pedagogikoa zapuztu besterik ez dugula egin. Eta adibide ezberdinak jartzen dizkiet beti: gure formazioaren portzentaje handia testuliburu horien ingurukoa da, hau da, ez da ezer egiten irakasleok metodologia berritzaileen inguruan trebatzen joateko, baizik eta ikasmaterial horien erabilera “uniformeagoa” izateko. Beste adibide bat da ikuskariak planteatzen dizkigun galderen aurrean erakusten dugun urduritasuna, ezjakintasuna ez esatearren. Beste bat, gurasoen galderei diegun beldurra da. Ez gara gai gure jardunaren oinarri pedagogikoak azaltzeko edo gure erabaki pedagogikoen arrazoiak justifikatzeko. Laburtuz, testuliburuen erabileraren ondorioz, irakasleon desprofesionalizazioa ikaragarria da!

Eta horren guztiaren erantzukizuna testuliburuena al da?

Seguru asko ez, baina hezkuntza eredu atzerakoiaren engranajean testuliburua pieza garrantzitsua da.

Eredu horretan, administrazioak, hezkuntza erakundeak, ikastetxeetako aginte organoak, irakasleak, argitaletxeak… ez dira aseptikoak. Denek rol garrantzitsu bat jokatzen dute, non administrazioak guztientzat uniformea den eta ikasgaietan artifizialki banatuta dagoen curriculum bat ezarri eta betearazi nahi duen, hezkuntza erakundeek eta ikastetxeetako aginte organoek ezarritako curriculum horrekin, ahalik eta emaitzarik onenak lortu nahian, betearazten duten… eta irakasleek zer egin dezakete? Bada, argitaletxeen testuliburuak erabili goitik ezartzen zaien presio horri erantzuteko.

Makineria horrek, ia aldaketarik gabe, urteetan funtzionatu egin du. Eta eskola “lantegi” gisa ulertu izan da inolako lotsarik gabe, jarraian doakizuen paragrafoak oso garbi erakusten duen bezala:

[blockquote cite=”Ellwood P. Cubberley – Stanford Unibertsitatea”]Nuestras escuelas son, en cierto sentido, las fábricas, en las que las materias primas (los niños) deben ser moldeados y formados / transformados en productos para satisfacer las diversas demandas de la vida. Las especificaciones para la fabricación provienen de las exigencias de la civilización del siglo XX, y la escuela es la empresa para construir los alumnos de acuerdo con las especificaciones establecidas.[/blockquote]

Jakina, nagusitzen zen pentsamendu horren aurka pedagogok, irakaslek eta ikastetxe ugarik lan-prestakuntzatik harago zihoan beste eskola eredu bat aldarrikatzen zuten. Horien artean kokatu beharko genuke ikastolen sorrera. Denok ezagutzen ditugun helburuekin sortu ziren ikastolak, baina atzean zituzten oinarri pedagogikoak oso urruti zeuden “eskola/lantegi” eredu horretatik. Euskal Herriko hezkuntza-abangoardia ziren.

Urteetan, lan itzela egin zuten, baina euskaraz ekoiztutako materialik apenas zegoenez eta irakasle bakoitzak material propioak sortzen hartzen zuen lan eskerga arindu nahian, indarrak batzeko beharra ikusi zen. Ikastolen ikasmaterial propioak sortzea zen asmoa eta, nire ustez, bete-betean asmatu zuten. Garai hartan irakasleek zuten behar handi horri erantzun indartsu eta on bat eman nahi zen. Indar metaketa horrekin, gainera, kalitatezko materialak ekoiztea bermatu nahi zen. Zoritxarrez, garai hartako beharrei ondo erantzuten zuen eredu hori, errealitatea goitik-behera aldatu den garai berri hauetaraino ia aldaketarik gabe iritsi da. Nik esango nuke okerrera egin duela. Materialen kalitatea ez dut zalantzan jartzen, niretzat hoberenak izaten jarraitzen baitute, baina argitaletxe guztien jokabidea errepikatu besterik ez dute egiten: testuliburuak “pack” batean saltzen dira, ikasleen lanak bertan egin behar dira berrerabiltzeko aukerak oztopatuz edo ukatuz, ikasleen errealitatetik urrun dauden edukiak nagusitzen dira… Beste aspektuak ez dira ahaztu, baina negozio-ikuspegia gailendu da.

Gure ikasleen errealitatea goitik-behera aldatu bada, eskolak eman beharko lieken erantzunak ere aldatu beharko luke. Eta horren ondorioz, irakasleok garai hartan genituen beharrek zerikusirik ez dute gaur egun ditugun beharrekin. Ikasmateriala berriak sortzeari eta euren erabileraren inguruko formazioari mugatzen den erantzunak, jada, ez du balio. XXI. menderako beharrezkoan diren konpetentziak eskuratzeko, metodologiak, antolaketak, lan egiteko erak… dira aldatu behar direnak, eta irakasleok esparru horien inguruan dugun gaikuntza eskasa gainditzeko inongo laguntzarik ez zaigu eskaintzen.

Hori dela eta, nire ustez, Ikastolen Elkarteak argitaletxe baten mentalitatearekin jarraitzeak mesede eskasa egiten dio ikastolon komunitateari. Nik uste dut, une honetan, egitura aldaketa sakon bat beharko luketela ideia-laborategi bat bihurtzeko, gailentzen ari diren metodologiak ikertzeko, abangoardiako metodologietan formazioa eskaintzeko, Internetek eskaintzen dizkigun aukerak baliatu komunitateko sareak ehuntzeko, beste hezkuntza edo bestelako komunitateekin ezagutzak eta esperientziak partekatzeko, ateak irekitzeko, beste hizkuntzatan dauden kalitatezko baliabide askeak euskaratzeko… Noizbait iritsiko ote da hori?

Zorionez, geroz eta gehiago gara testuliburuen ohiturarekin amaitzearen alde eta gure profesionaltasuna berreskuratzearen alde gaudenok. Eta oso garbi dago honek ez duela atzera bueltarik, errealitateak kontrakoa esaten ez badu, behintzat. Eta horretarako, mundua gelditu beharko litzateke.

Bukatzeko, testuliburuen erabilerarekin lotutako ohar batzuk:

Curriculuma: Beti saldu zaigu testuliburuak curriculuma betetzeko berme bat direla. Egia esan, testuliburu batzuekin zalantza serioak ditugu, baina curriculumarekin ondo lerrokatzen diren testuliburuak izanik ere, badira beste aukera batzuk curriculuma aberasteaz gain, erakargarriagoa bihurtzen dutenak eta errealitatearekin hobeto konektatzen dutenak, hala nola; aldizkariak, egunkariak, argitalpen espezializatuak…

Irakurlezaletasuna: Faktore bakarra ez badira ere, errealitateak oso garbi erakusten digu ikasle gehienen irakurzaletasunak behera egiten duela urtetik urtera. Testuliburuek ordezkatu egiten dituzte “benetako liburuak” eta ikasleei aukera hori kentzen diegu. Zergatik ez ditugu zientzialariek, soziologoek, idazleek, filosofoek… idatzitako liburu originalak ikasleen esku jartzen? eta zergatik ekoizle horiek idatzitakoaz, auskalo zein ikuspegia erabiliz, mintzatzen diren testuliburuak erostarazten dizkiegu ikasle guztiei?

Teknologia: Etengabeko aldaketa bizkorren testuinguruan murgilduta dago gure gizartea, eta aldaketa horien abiadura etengabe azeleratzen ari den testuinguru horretan, testuliburuek ezagutza zerbait finkoa eta iraunkorra dela transmititzen digute. Justu, errealitateak esaten digunaren kontrakoa. Teknologiek, berriz, aukera paregabea eskaintzen digute errealitate berri horretara egokitzeko edo aurre egiteko. Kalitatezko eduki askeak guztion esku jarrita daude erabiltzeko, eraldatzeko, egokitzeko…, komunitate ugari dago esparru ezberdinetan lanean era guztietako baliabide askeak ekoiztuz, irakasle ugari dago kalitatezko materialak sortzen eta partekatzen, ezagutza esparru guztiak jorratzeko aplikazioak etengabe sortzen ari dira… Zer arraio egiten dugu oraindik ere fitxak betearazten eta testuliburuaren orri berdinarekin lan eginarazten?

Ikuspegia: Historia garaileek idazten dute. Testuliburuek jasotzen duten ikuspegia horixe da, irabazleen ikuspegia. Ikuspegi ezberdinak izateko aukera lapurtzen diegu ikasleei, ezagutzak iturri bakar batetik eskura daitezkeela transmititzen duten eta benetako liburuen suzedaneoa diren testuliburuak eskainiz. Gertaeren ikuspegi poliedrikoa, iritzi kritikoa, informazioaren kudeaketa… nekez lor daitezke testuliburuak gure jardunaren oinarri izaten jarraitzen duten bitartean.

Aniztasuna: Ikasle eta irakasleok anitzak garela ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik. Testuliburuak, berriz, uniformetasunaren paradigma dira. Garai berean, ordu berean, leku ezberdinetako ikasle guztiak gauza berdintsuak lantzen, eskakizun berdinekin, testuingurua eta errealitatea aintzat hartu gabe. Ba al dago ankerkeria handiagorik? Bada, horixe da egunero gure ikasgeletan gertatzen ari dena testuliburuak zabaltzen ditugun bakoitzean, nahiz eta irakasleok, geure burua zuritzeko, esperientzia pertsonalizatuak bilatzen ditugula eta metodologia anitzak erabiltzen ditugula esan.

Artikulu honen lehen zatia

Artikulu honen bigarren zatia

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora