Testulibururik ez!!! (1)

Atala: Hezkuntza Egilea:

Edo, hobeto esanda, testuliburuak gure jardunaren ardatz izateari EZ, irakasleak testuliburuak erabiltzera derrigortzeari EZ, urtero testuliburu berriak erosteari EZ, testuliburuek guztioi (irakasleoi, ikasleei eta gurasoei) ezartzen diguten presioari EZ…

Urte sasoi honetan berriro hizpide ditugu ditxosozko testuliburuak. Hedabide gehienetan hauen kostuaz, berrerabiltzeko zailtasunaz, doakotasunaz… hitz egiten da eta nik ere artikulu honetan hitz egin nuen testuliburuen atzean dagoen negozioaz, baina ia inon ez dira mahai gainean jartzen testuliburuen erabilerak dituen ondorioak, onak eta txarrak (gehienetan), ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan. Mezu honen izenburua irakurrita, garbi dago nire jarrera pertsonala zein den, baina ezazue pentsa ideia hau bat batean etorri zaidanik. Urte asko daramazkit irakaskuntzan eta urte horietan bizi izandakoak hori pentsatzera eraman nau.

Horregatik, opor hauetan, denbora tarte bat eskaini diot gai honek sorrarazten didan kezkaren inguruko “lanketa” txiki bat egiteari. Jarraian irakurriko duzuena, oporretan egin ditudan irakurketa batzuetatik ateratako “pot-pourri” bat da eta, nire ustez, arestian aipatu dudan testuliburuek duten eragina zein den argitzeko lagungarria izan daitekeena. Testua luzeegia atera zaidanez, hiru zatitan banatzea pentsatu dut. Gaurkoan, Euskal Herriko bi pertsonen iritzia eta testuliburuen erabilerak dituen ondorioen inguruko ikerketa batetik ateratako ideiak jaso ditut. Bihar, bigarren zatia eta iritzi artikulu ezberdinetatik ateratako ideia sorta argitaratuko dut. Etzi, gai honen inguruan dudan iritzia ematen ahaleginduko naiz.

Hasteko, aurreko artikuluan ere jarri nuen Euskal Herriak Bere Eskola taldeko kidea den Aiora Iturmendik Berrian argitaratutako mezutik ateratako laburpena:

Euskal Herriko ikastetxe gehienetan eta irakasgai gehienetan testuliburuek dute nagusitasuna, ikaste-irakaste prozesuan gehien erabiltzen den baliabide pedagogikoa da, horrek dakartzan ondorio negatibo guztiekin. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu testuliburu bat argitaratzeko, saltzeko edo irakaskuntzan erabiltzeko, administrazioaren baimena behar dela. Alegia, filtroa pasatu beharra dago, subjektiboa den eta talde politiko hegemonikoek jarri duten filtroa. Beraz, testuliburuak tresna politiko gisa ulertu behar ditugu, horien erabilerarekin ezagutza eta balio jakin batzuk ezagutza arrunt eta unibertsal bezala planteatu eta irakasten baitira. Edukien aukeraketak, adierazteko erak, kalitateak eta esanahiak izaki baten mundu-ikuskeran eragina duten faktoreak dira; faktore horiek mugatuko dute izaki horren mundua, hau da, nola ikusiko eta nola sentituko duen errealitate hori. Testuliburuetan eduki batzuk agertuz eta beste batzuk aipatu gabe utziz, ideologia transmititzen da; iragana ezagutzen da, orainaldi «bat» komunikatzen da eta etorkizunerako esperantza eraikitzen. Eta, horretarako, beste errealitateak desitxuratu behar dira hainbat estrategia baliatuz.

(…)Euskal Herrian, hezkuntza euskaldun eta askatzailea praktikan gauzatzeko helburuaz, esperientzia pedagogiko aberatsak garatu dira, baina kapital pedagogiko hori kinka larrian dago. Denboraren eta, gehienbat, inertziaren poderioz, aipatu esperientzia horiek guztiak zimelduz joan dira, euskal pedagogi jarduera pobretzen joan da, hezkuntza prozesu osoa testuliburu bakar bat lantzera murriztuz. Baina irakasleriaren aldetik izandako utzikeria izan dela esan al daiteke? Izan ere, langileriaren lana kontrolatzeko era erraza da testuliburuak erabiltzea. Testuliburuak eredu estandar batera egokitzen diren neurrian, ikasleen lan-prozedurak estandarizatzeaz gain, irakasleen lan-prozedurak ere estandarizatzen dira. Horrek guztiak dakarren deskualifikazio profesional eta laborala aipatzea ahaztu gabe. Testuliburuen erabilpen nagusiak langileria espezializatuaren beharrizana gutxitzen du: ikasgeletan irakasleak irakasten du testuan datorrena. Espezializazio handiagorik ez da behar lan hori burutzeko. Beraz, argi geratzen da testuliburuen gehiegizko erabilerak irakasleengan sortzen dituen kalteak. – Berria (2006) ,http://paperekoa.berria.info/iritzia/2006-05-16/004/004/ikastetxeetako_liburutegiak_indartu.htm

Jarraian, Ainhoa Ezeizak artikulu honetan dioena:

EUSKAL KULTURAREN EUSKARRI ONA?

Honetaz Euskal Herrian eztabaidatzen dudanean, argumentu honek ematen du jauzi elkarrizketara: Testuliburuen salmentak euskarazko liburuen negozioa bideragarri egiten du. Euskal kulturaren ekoizpen defizitarioa salbatzen omen dute testuliburuek. Alegia, gurasook behartuta gaude sistema txar bat erabiltzera, derrigorrezko “crowdfunding” moduko zerbait, euskal kultura salbatzeko…

Nire semea D ereduko institutu publikoko batera doa. Bere aurtengo liburu zerrendan honakoak topatu ditut: MacMillan, Edebé, Editex, Almadraba, SGEL, Vicens Vives, Santillana, Oxford… susmatzen dut ezer gutxi ekarriko diodala euskal kulturari nire 110 euro horien (eta Eusko Jaurlaritzak jarritako dirulaguntzaren) truke. Hortaz, argumentu ahula.

Baina liburu guztiak euskal argitaletxeenak izanik ere, testuliburuek ematen duten jakintzaren ikuspegi prefabrikatu, hotz eta enlatatuak ez dirudi euskal kulturarekiko zaletasuna sustatzeko biderik onena denik. Idazleak eta ikasleak hurbiltzea, euskal autoreen hurbiltasun geografikoa baliatzea, irakurzaletasunari eta euskarazko ekoizpenari lotutako proiektuak garatzea… segur aski esanguratsuagoa izango da, horretaz ikerketa zehatzik egin ez bada ere (nik dakidala behintzat…).

Familiak euskal argitaletxeak diruz laguntzera behartzea euskal kulturarentzat interesgarritzat edo estrategikotzat jotzen bada, logikoagoa da zuzenean autoreen ekoizpenak erostera behartzea, ezta? Literatura obrak, saiakerak, ipuinak, natura edo geografia liburuak, edo historikoak… baina jakintzaren iturrira jotzea, autoreak eta ikertzaileak. Askotan uste izaten da ikasleak ez direla gai izango ulertzeko… eta beren adimen gaitasuna gutxiesten da.

Errazenera jotzen da baina horrek kalte egiten die bai ikasleei, bai irakasleei eta bai euskal kulturaren ekoizpenari. Garestiegi.

zein burutan kabitzen da Euskal Herri osoan aste berean landu behar dela Egiptori buruzko proiektu bera? Berdin dio non ari zaren lanean, zein ikasle edo familia mota dituzun, edo zer gertatzen ari den zure inguruan. Tokatzen dena tokatzen da, eta kitto. Hain da zentzugabea… (…) irakasle ez-aktiboa saritzen dela testuliburuen eta kurtsokako formazio ereduen bitartez. Alferrik da. Normalean ez du inork bizitza konplikatu nahi eta errazenera jotzen da, baina sarreran diodan bezala, errazenak irakasleen ahalmena galarazten du, baita ikasleen pentsamendu kritikorako gaitasuna, autonomia, ikasten ikasteko gaitasuna… “Empowerment” famatuaren kontrakoak dira testuliburuak. Dena oso garbia, oso aseptikoa eta oso txukuna… bizitza ez da horrelakoa!

Jarraian, testuliburuen eragina aztertu duen ikerketa honetatik ateratako ideia sorta:

Testuliburuen erabilera ez da erabaki hutsala irakaskuntzan. Euren erabilerak irakasleen desprofesionalizazioa sustatzen duten faktoreak baitakartza. Izan ere, testuliburuak irakaslearen erabakitzeko eskumen batzuk murrizten ditu, hala nola, edukien hautaketa eta esleipena, jardueren izaera, dinamiken inplementazioa… Irakasleek testuliburuen erabakiak ez dituzte zalantzan jartzen, aitzitik, segurtasuna eta zeregin profesionala ondo betetzeko bermea topatzen dute.

Edukiei dagokienez, objektibotasuna eta zehaztasuna bilatzen denez, ezagutza zerbait bukatuta, objektiboa eta kritikatzen ez dena kontzepzio teknikora zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta balio handiagoa ematen zaie. Edukiak ez dira interpretatzen edo komunitatean sortzen, baizik eta aurrez prestatuta daude eta transmititu beharreko zerbait dira. Testuliburuei, nagusiki, edukien transmisioan lagungarriak izatea besterik ez zaie eskatzen. Testuliburua ezagutzaren sintesi gisan eta programazio erreferente on bat eskaintzen duen baliabide gisan ulertzen da, zalantzan jartzen ez diren oinarri batzuk bermatzen dituelako. Kontzepzio honetatik, testuliburuak zailtasun maila eta erritmoa markatzen ditu eta ikaslearen autoebaluaziorako erabiltzen da. Irakasle askorentzat, testuliburuek zailtasun maila markatu behar dute, programazio didaktiko on baten gainetik.

Edukien ikuspegitik, erreprodukzio sozio-kulturalaren zerbitzura dagoen tresna bat da. Ikas-jarduerak oso garrantzitsuak dira, gelaren bizitza erregulatzen dutelako. Irakaslearen lehen eginkizuna curriculum ezkutuaren atal honetan erreparatzea da. Baina testuliburuek eskaintzen dituzten jarduerak aplikatzera mugatzen bada, bere zereginaren oinarrizko eskakizuna betetzen duela ziurtasuna du. Aurrez zehaztutako soluzio horren aplikazioak irakaslea testuinguru batean kokatzen du non irakaskuntza aurrez zehaztutako arau eta ezagutza batzuen aplikazio tekniko bat bezala ulertzen den. Testuliburuari ezagutzen transmisioa eskatzen zaio. Irakasleak, testuliburu bat erabiltzean, transmisio lan hori onartu eta berea egiten du, nahiz eta horrek bere desprofesionalizazioa sustatzen duen eta bere zeregina aspektu mekanikoetara, errepikakorretara eta testuingurutik kanpokoetara mugatzen duen.

Ingurunea aintzat hartu gabe irakasteak desprofesionalizazioa dakar. Testuliburuek ez dute ingurunearekin harreman hori errazten, aitzitik, testuingurutik kanpoko irakaskuntza uniformatzailea planteatuz, zaildu egiten dute. Gehienetan, testuliburuak oso itxiak dira eta ez dute uzten konektatzen ikasgelatik kanpo egiten diren ikas-esperientziekin eta ez dute sustatzen ikasleen eguneroko bizitzarekin lotura zuzena duten arazo praktikoekin konektatzea.

Irakasle gehienak testuliburuen erabilerak dituen desabantailaz jabetzen diren arren, ez dute hori desprofesionalizazio bat bezala ikusten eta saiatzen dira aurre egiten bi jokabide hauen bitartez: alde batetik, bere burua justifikatzen saiatzen dira curriculumaren lanketa bermatzen dutela esanez eta, bestetik, irakasleen autonomia eta erabakitzeko ahalmena testuliburuen aurrean aldarrikatzen dute.

Nolanahi ere, irakaslearen eginkizuna testuliburuen menpe jartzeak, hamaika aldiz esan dugun bezala, desprofesionalizazioa dakar. Irakasleek pentsatzen eta esaten dute testuliburuak irakaskuntzaren planifikazio tresnen mesedean egon behar dutela (curriculum proiektua, programazioak…), baina gero ia denek aitortzen dute testuliburua dela gelaren jarduna gidatzen duen elementurik nagusiena. Horrek, irakasle askorengan kontraesan eta sosegu eza sorrarazten ditu kontzienteak direlako gauzak ez direla gertatzen gertatu beharko luketen bezala. Askotan, irakasleek testuliburuen inguruan hitz egiten dutenean, kontraesan ugari izaten dituzte: dohain batzuk dituztela esaten dute, baina gero aitortzen dute dohain horiek ez direla errealak, irakasle idealari eskatzen zaionaren antzeko zerbait eskatzen diete, beste baldintzetan lan egingo balute ez lituzketela erabiliko aitortzen dute… Nik uste dut adierazpen horien guztien atzean irakasleek duten intuizio bat ezkutatzen dela: testuliburuek irakasleen profesionaltasuna mugatzen eta baldintzatzen dute eta, euren erabilera justifikatzeko, abantailak bilatzen saiatzen dira edo, lan baldintzak direla eta, ezinbestekotzat jotzen dute euren erabilera.

Irakasle askok onartzen dute testuliburu asko inongo hausnarketa kritikorik gabe erabiltzen dituztela. Ohituraren poderioz edo hezkuntza erakundeen presioaren eraginez, tresna hori onartzen da izan ditzakeen ondorioak bat ere kuestionatu gabe. Onarpen akritiko hori irakasleen desprofesionalizazio beste adierazle bat baino ez da.

LABURTUZ:

  • Testuliburuen erabileraren ondorioz, irakasleek duten autonomia profesionalaren zatirik handiena galdu egiten da.
  • Testuliburuak irakaskuntza ikuspegi tekniko-mekaniko baterantz garamatza: aurrez hautatutako jarduerak aplikatzen dira, norabide bakarreko transmisioan oinarritutako irakaskuntza sustatzen dute eta testuingurua ez da aintzat hartzen, ez planifikazio prozesuan ez irakaskuntzaren garapenean. Are gehiago, planifikazioa kuestionatzen ez diren edo kontraesanez beteriko aitzakiak erabiliz justifikatzen diren testuliburuengatik ordezkatua izaten da.
  • Erabileraren ondorioz, profesionaltasuna ere ikuspegi tekniko horretan ulertu behar da. Hau da, aurrez planteatutako arazoei soluzioak bilatzeko gaitasunera mugatzen da.
  • Curriculuma estandarizatzen den eta aurrefabrikatutakoa bihurtzen den heinean, irakasleen profesionaltasuna murrizten doa. Testuliburuak, aurrefabrikatutako curriculuma eta proposamena eskaintzean, desprofesionalizazio prozesu horretan eragile nagusia bilakatzen da. Benetako autonomia profesionala bakarrik norbanakoaren arduraz eta erantzukizunaz mugatu beharko genuke.
  • Irakasleek laguntza eta babesa bilatzen dute testuliburuen erabileran, baina euren ezaugarriak direla eta, emaitza oso bestelakoa izaten da: irakasle-autonomia galdu eta, ondorioz, desprofesionalizazioa.
  • Ondorio horiek irakurrita, galdera batzuk datozkit burura: zein da gaur egun testuliburuek irakaskuntzaren garapenean jokatzen duten rola? Rol hori aldatu al da azken hamarkadetan? Etorkizuneko irakaskuntzan desagertzera doaz edo rol garrantzitsu bat jokatuko dute? Egungo teknologiek eskaintzen dituzten aukerek eragina izango dute? Testuliburuen prezioa, doakotasuna, berrerabilpena… izan beharko genukeen benetako debatea al da? Administrazioak eta hezkuntza erakundeek gai honen inguruan zein rola jokatzen dute? Zer egin beharko lukete?…

Artikulu honen bigarren zatia

Artikulu honen hirugarren zatia

3 Iruzkin

  1. […] erabilerak, artikulu honetan azaldu genuen bezala, irakasleen desprofesionalizazioa indartu du. Horretaz gain, dinamika bat […]

  2. Kaixo,

    Izugarri gustatzen zaizkit zure ekarpenak, izugarri! Hori bai, ikastolako langilea izanda, ederra egurra “gure” argitaletxeari ere ematen diozuna.

    Nire ustez, zuk ongi esan duzunez, testuliburuek desprofesionalizatu egiten gaituzte. Gai al gara testuliburuekin lan egitera oso ohituta gauden irakasleok dispositibo didaktikoak diseinatzeko? Tristea da esatea, baina ehuneko handi batean ezetz esango nuke, ez garela gai. Testuliburuak izanda, zer behar dugu helburu didaktikoez, ebaluazio-irizpide eta -adierazleez, ebaluazio-ereduez… hausnartzeko.

    Ikuspegi aldetik, Integrazioaren Pedagogiak proposatzen duen eredua gustatzen zait niri, baina onena eredu edo eskema hori geure egin eta dispositibo didaktikoak guk geuk, irakasleok, diseinatu, inplementatu eta ebaluatzea litzateke onena.

    Segi horrelaxe, guk gustura irakurtzen ditugu eta!

    Aritz

  3. Kaixo Aritz!

    Mila esker zure iruzkinarengatik. Aspaldi honetan ohitura hori galtzen hasita baitago eta iruzkinak jasotzeak bloga bizirik dagoela gogorarazten digu.

    Egurra ez dakit ematen diodan, baina oso garbi daukat ez dela “gure” argitaletxea. Gurea balitz, erabakiak hartzeko ahalmena izango genuke eta ez ginateke handik zer iritsiko zain egongo.

    Ez nator bat zurekin esaten duzunean irakasleen ehuneko handi batek ez duela gaitasunik dispositibo didaktikoak diseinatzeko. Zergatik duela ez urte asko eta baliabide gutxiagorekin gai ginen geure materialak sortzeko? Urte batzuk ditugunok, oso ondo gogoratzen dugu ikastoletako irakasleek material originalak sortzen eta euskaratzen eginiko lan paregabea. Garai hartan gai baginen, gaur ditugun baliabideekin eta elkarlanean aritzeko aukerekin, zergatik ez da posible? Ez da izango “adituek” bakarrik egin dezaketela lan hori sinestarazi nahi digutela? Ez da izango testu-liburuen erosotasunean erori garela eta, lan hori ez egitearren, aitzakiatzat lelo hori erabiltzen dugula? Nik uste dut baietz.

    Zuk bezala pentsatzen zuten irakasleak ditut nire inguruan, baina elkarlanean jarri garenetik ikusi dute gai direla, ekarpen oso onak egiten dituztela, beste irakasleengandik ikasten dutela… Lana eta denbora eskatzen du, hori bai, baina gaitasuna soberan dugula esango nuke nik.

    Integrazioaren Pedagogiari dagokionez, ez dut esango gaizki dagoenik, baina dena “egosita” eta oso bideratuta dagoela esango nuke nik. Gainera, curriculum-inflazio ikaragarriarekin, ezinezkoa da proposatutakoa behar bezala jorratzea. Garbiketa sakon bat egiten da edo integrazioa ez da behar bezala burutzen.

    Ikastoletan ikusten diren metodologien artean, nik oso garbi daukat Konfiantzaren Pedagogia izan dela gehien gustatu zaidana: http://www.youtube.com/watch?v=6TDg1Xj8Ykg Haur Hezkuntzako umeentzat da bideoan ikusten dena, baina hori ikusi edo Urtxintxa Proiektuaren fitxak betetzen ikustea… Gainera, beste etapentzat ere jarraipena prestatzen ari dira. Bestalde, enteratu naiz Ikastolen Elkartean interes handia piztu duela eredu horrek eta zer edo zer egitekotan dabiltzala.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora