Natura Faltagatiko Nahastea

Atala: Hezkuntza Egilea:

Nostalgikoentzat jarri dudan bideo horrekin ez dut esan nahi gure haurtzaroa egungo haurrena baino hobea izan zenik, ezta gutxiagorik ere. Baina ezin dugu ukatu sekulako aldea dagoela, batez ere espazioei eta denborari dagokienez. Gaur egun, umeen eskura jartzen diren espazio gehienak artifizialak dira. Ordizia bezalako herrietan edo herri txikiagotan bizi garenok zorte handiagoa dugu, izan ere, erdigunetik espazio natural gehienak desagertu badira ere, aldamenean aukera ugari dugu naturarekin harreman zuzena izateko. Beste kontu bat da umeei aukera eta denbora ematen ote diegun espazio natural horietan askatasunez ibiltzeko eta ez helduon begiradapean aritzeko. Eta, zer esan denborari buruz? Egungo ume gehienen eguneroko “agenda” beldurgarria da. Ordu gehienak hartuta daude

gelanpantailak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Richard Louv-ek “Last Child in the Woods” liburuan “Natura Faltagatiko Nahastea” terminoa izendatu zuen lehenbizikoz. Horrek ez du ezer berezirik esango, baina etiketa hori erabiltzeak gaiarekin nolabaiteko kezka dutenen indarrak batzeko balio izan du.

Sendagileek alerta piztu dute azken ikerketen emaitzetan erreparatuz. Ikerketa horietan naturarekin harremana duten haurrak eta harremanik ez dutenak aztertu dituzte eta emaitzen arabera, naturarekin harremanik ez duten edo oso harreman eskasa duten haurrek, beste arazo batzuen artean, arnasketarekin lotutako gaixotasun gehiago dituzte, obesitate arazo handiagoak, abitaminosia D, estresarekin lotutako gaixotasun gehiago… Eta eskola errendimenduari dagokionez, eragina baduela frogatuta dago.

Umeak ohituta daude, ia eskatu gabe eta inongo esfortzurik gabe, gauzak lortzen. Inoiz baino gehiago, barraskiloen mugimendu geldoa patxadaz ikustea, lore baten hazkuntza behatzea, euri tanta bat ehunzango baten gainetik irristatzen ikustea, kimu berri baten sorrera antzematea, landareak ureztatzea, perretxikoak biltzea, txoriei jana ematea, noizean behin belarraren gainean etzanda eta zerura begira egotea… behar dute.

Gaur egungo umeek, bataz beste, pantaila baten aurrean ia 1.000 ordu pasatzen dituzte urtean eta beste horrenbeste gelaren barruan. Horrek esan nahi du ia 2.000 ordu pasatzen dituztela espazio itxietan, eserita, jarrera pasibo batean eta mundu abstraktu eta birtual batean.

Zenbat denbora gelditzen zaie korri egiteko, saltatzeko eta aire librean jolasteko? Zenbat gelditzen zaie bustitzeko eta lokatzaz “zikintzeko”? Zenbat denbora berdinekin, helduon kontroletik urrun, askatasunean aritzeko? Zenbat denbora tontoarena egiteko? Zenbat denbora hanka sartzeko? Zenbat denbora makil batekin jolasteko? Zenbat denbora pertsona heldurik gabeko testuinguru batean jolasteko? Zenbat aukera dute umeak bezala sentitzeko eta bizitzeko?

Abiadurari eta gehiegizko estimulazioari adikzioa dutela esango nuke, baita helduok ere, eta naturarekin dugun harremana geroz eta urriagoa da. Nolanahi ere, hezkuntzatik hori aldatzeko zer edo zer egin dezakegula pentsatzen dugunok geroz eta gehiago gara eta itxaropen mezu bat luzatu nahiko nuke.

Zer egin dezakegu?

lokatzaerrekan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nik erritmo lasaiago bat proposatuko nuke. Gure ikasgeletan bizi dugun erritmo frenetikoarekin amaitu beharra dago. Eta horretan natura bide-lagun izango dugu beti; adibidez, landareen zaintza bultza dezakegu, baratze bat martxan jar dezakegu, ikastetxearen inguruko espazio berdeak erabil ditzakegu gure ikasgelen espazioak zabalduz, jolas-eremuak inguruko eremu berdeetara zabaldu, garraio baten beharrik ez duten inguruko parke, erreka, mendietara… irteerak burutu, IKT baliabideak erabil ditzagun, baina ez pantaila bati begira geratzeko, kanpora irteteko baizik (inguruko paisaien argazki-aurkezpena prestatu, zuhaitzen enborrek dituzten ehundura ezberdinekin arte-lan digital bat osatu, inguruko basoen audio erregistro bat osatu…), maiztasun jakin batekin tarteak edo saioak eskaini naturan jolasteari, hausnarketa egiteari, behaketari…

Naturarekin harremanak izateak dituen abantailak

Hauek dira, ikertzaileen arabera, natuarekin harremanak izateak dakartzan onura batzuk:

  • AFN-H (Arreta Faltagatiko Nahastea Hiperaktibitatearekin) duten ikasleek kontzentratzeko erraztasun handiagoa erakusten dute naturan denbora bat pasatu eta gero.
  • Mundu naturalarekin harremana dutenean, proba objektiboetan lortzen dituzten emaitzak hobeak dira.
  • Aire librean jolasten duten haurrek askoz ere gehiago garatzen dituzte euren trebetasun motorrak, koordinazioa, oreka, bizkortasuna eta, gainera, gaixotasun gutxiago harrapatzen dituzte.
  • Eremu naturaletan denbora ematen dutenean, jolas eredu anitzagoak eta sortzaileagoak erakusten dituzte, trebetasun linguistiko eta kooperatiboak garatzen dituztelarik.
  • Naturak garapen kognitiboa lagundu eta auto-kontzientzia, arrazoitzeko eta behatzeko gaitasuna hobetzen ditu.
  • Naturak haurren bizitzan ematen den estresaren eragina murrizteaz gain, zailtasunei aurre egiten laguntzen die. Naturarekin kontaktua zenbat eta handiagoa izan, onurak orduan eta handiagoak.
  • Ingurune naturalean burututako jolasak jazarpen arazoak murriztu edo desagerrarazten ditu.
  • Naturak umeei laguntzen die behatzeko gaitasuna eta sormena garatzen eta bake sentsazioa eskaintzen die.
  • Naturan jolasten duten umeek autoestimua handiagoa dute eta besteekiko pentsamendu baikorragoak.
  • Naturan aritzeak umeen independentzia eta autonomia garatzen ditu.
  • Aire librean jolastea espazio itxietan jolastea baino eraginkorragoa da umeen gaitasunak sustatzeko.

zintzilik

Jarraian, gaiaren inguruan gehiago ezagutzeko helbide interesgarri batzuk:

Eta, bukatzeko, La ciudad de los niños” egitasmoari oso ezaguna egin den eta gure artean behin baino gehiagotan izen den Francesco Tonuccirekin uzten zaituztegu. Bideoa, iaz Leioan grabatu zen.

Tags:

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora