Hegazti harrapariak

Atala: Albisteak/Hezkuntza/Lanean Egilea:

Ekosistemen inguruko lanketarekin jarraitzeko eta guraso batek eginiko proposamena aintzat hartuz, Euskal Fauna izeneko taldeko arduradunekin harremanetan jarri ginen, gure artean inoiz burutu ez dugun ekintza bat antolatzeko. Azaroan izan dugun eguraldi kaskarrak ekintza atzeratu digu eta, azkenean, atzo burutu ahal izan genuen hegazti harraparien inguruko ekintza zoragarri hau.

Hotz handia izan genuen arren, denak irrikaz eta, zergatik ez aitortu, beldurrez geunden. Sabeleko harrak, hala ere, baretzen joan ziren hegaztiak lasai lasai bere zutabean jarrita ikusi genituenean. Dena den, lehen ustekabea hasieran izan genuen suge eder bat atera zutenean. Batzuk ikaratu ziren arren, segituan konturatu ginen oso lasaia zela, ez zuela ezer egiten eta denok laztandu ahal atoledo izan genuen.

Jarraian, hegazti harrapariak aterako zirela uste genuenean, triku berezi bat erakutsi ziguten. Amerikarra omen zen eta gure garrasiak entzunda, ikaratu egin zen nonbait. Kontua da bere arantzak baino ezin izan genituela ikusi eta ukitu, noski.

Ondoren, bai, ondoren hegazti harrapariak ikusten, informazioa jasotzen eta ukitzen hasi ginen. Era askotako harrapariak ikusi ahal izan genituen: belatz handi, belatz gorri, hontz handi, hontz zuri, zingira-hontz, arranoak… Harraparien inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, SAIAK izeneko web orria duzu oso aproposa horretarako.

Politena, zalantzarik gabe, arranoekin egin genituen hegalaldi saioak. A ze beldurra guregana zetorrenean! Banan-banan arranoa gure besoan hartzen joan ginen eta ezertxo ere gertatzen ez zela ikusi arren, errespetua ez genion galdu, izugarria baitzen hegoak zabal-zabalik zituenean.

Azkenean, hoztuta baina pozik jaitsi ginen Oiangutik eta etxerako bidea hartu genuen. Ea hurrengoan zer nolako abentura prestatzen dugun.

Bitartean, bideo eta argazki sorta batekin uzten zaituztegu.