2013-2014 ikasturtearen hasiera gerturatzen ari zaigu eta opor garai hau, besteak beste, berrikuntza sakon bat egiteko baliatu nahi izan dugu. Badakizue, berrikuntza gogoko dugunok ezin dugu denbora asko gauza berdinarekin egon eta datorren ikasturtean etorriko diren ikasleei eta gurasoei beste zerbait eskaini beharko geniekeela pentsatu genuen. Pentsatu eta egin!

Ikus dezakezuen bezala, itxura erabat aldatu diogu eta funtzionalitate berriak erantsi dizkiogu gure gune honi. Oraindik bukatu ez badugu ere eta gauza berri batzuk erantsiko dizkiogun arren, gune berriaren aurkezpena egin nahi izan dugu zuetako batzuk beste gune batean sartu zaretela ez dezazuen pentsa.

Itxura ez ezik, azpimarratu nahi dugun beste aldaketa sakon bat aipatu nahiko genuke: gure portfolioa zabaldu dugu. Ikus ahal izango casino duzuenez, bertan gure ekimenaren ezaugarrien inguruko informazio ugari jarri dugu. Oraingoz, horixe da argitaratuta dagoena, baina ikasturtea aurrera egin ahala, portfolio horrek atal bat izango du ikasleen lanak, proiektuak eta ekimen ezberdinak argitaratzeko. Albisteak, orain arte bezala, blogean joango gara argitaratzen eta gure gorabeheren inguruko albisteak ez ezik, hezkuntzari buruzko albiste interesgarriak, arlo ezberdinen inguruko bestelako albisteak, baliabide ezberdinen inguruko informazioa, bitxikeriak… ere protagonistak izango dira blog honetan.

Printzipioz, gune hau, 3. mailako ikasleentzat eta gurasoentzat izango bada ere, orain arte bizitza ematen aritutako ikasleentzat eta gurasoentzat ere ateak irekita mantentzen ditugu eta ez dugu baztertzen noizean behin kuku eginez 5. mailakoak hemendik agertzea. Guretzat pozgarria litzateke eta are pozgarriagoa beste mailakoek bide berdina hartuko balute.

Tira, aldaketa gehiago egin ahala, hemen joango gara argitaratzen. Orain zuen txanda da. Iruzkinak utzi eta zuen balorazioa entzun nahiko genuke. Zer gehituko, kenduko edo aldatuko zenukete?