Ezker VS eskuin hemisferioa

Atala: Guraso eskola/Hezkuntza Egilea:

ezker_eskuin_hemisferioa

Ume askok ikaragarri gozatzen dute “eskola” jolas bezala erabilita. Batek irakaslearen rola, besteak ikaslearena, arbelera atera, lan hau egin… Jolas horretan ari diren bitartean, ez dira kontzienteak, baina jolas horretan erakusten duten pasioa oso esanguratsua da. Gogoan ditut, nire izeba batekin izaten nituen saio zirraragarriak. Artean, eskola nire irudimena eta nire pasioak pizten zituen zerbait zen. Zoritxarrez, horrek ez zuen luzaroan iraun.

“El florido pensil” ereduko eskolaren azken aztarnak bizitzea tokatu zitzaidanean, eskola zerbait beldurgarria, astuna, aspergarria, iluna… bilakatu zen. Gainontzeko umeek bezala, eskola garaia tortura garaia bezala bizi nuen eta, jakina, horrenbeste gustatzen zitzaidan jolas hura nire bizitzatik betiko desagertu zen.

Badakit zuetako askok zer pentsatuko duzuen: egungo eskolak zer ikusirik ez du garai hartako eskolarekin eta umeek ez dute eskola garaia horrela bizi. Horixe bakarrik falta zitzaigun! Egungo eskolara jendea ez doa beldurtuta eta bertan dituzten bizipenak oso bestelakoak dira. Horretan arrazoi osoa ematen dizuet. Hala ere, zenbat ikasle dibertitzen dira egungo gela gehienetan? Zenbat ikaslek eusten diote jakin-minari? Zenbat ikasle iristen dira motibatuta Bigarren Hezkuntzako azken urteetara?…

Gure artean, oraindik ere, oso errotuta dago eskolaren helburua ez dela ondo pasatzea, besterik gabe. Eta ni ados nago baieztapen horrekin. Baina eginiko ikerketa askok erakusten dutenez, ikasleen burmuinetan “itsatsita” gelditzen den ikaskuntza, ia beti, ondorengo hiru elementuetara lotuta doa:

1. Ikasle-irakasle harreman “sanoa” eta konfiantzan oinarrituta.
2. Ikas komunitatearen presentzia eta partaidetza esparru fisikoan nahiz birtualean.
3. Sormena eta berrikuntza, garunaren eskuinaldea estimulatzen dutelarik.

Ebidentzia bat dago: ikasle guztiak Haur Hezkuntzan hasten direnean, maila ezberdinetan bada ere, sortzaileak dira. Baina poliki-poliki ume asko gaitasun hori galtzen hasten dira. Zer egiten dugu eskoletan hori gertatzeko?

Kasu askotan, istorioak kontatzen hasten direnean, isilarazten diegu, oinez ibiltzen erakutsi ondoren, denbora luzez geldi egoteko eskatzen diegu… Honela, ume asko hasten dira egokitu zaien errealitate berri hori ezagutzen eta egoera horretara moldatzen. Eta horretarako, euren burua “erreprimitzen” eta sormenari ateak ixten hasten dira.

Bestalde, arestian aipatu dudan garunaren eskuin hemisferioa gure eskoletan baztertuta dago eta ia ez da inoiz aintzat hartzen. Umeek hori segituan detektatzen dute eta eskolatik airoso ateratzeko behar ez dutenez, ez dute erabiltzen eta galtzen hasten da.

XX. mendeko gizartea garunaren ezker hemisferioarekin eta egungo gizartea eskuinekoarekin pareka daitezke. Bada, “ezker hemisferioan” ari gara prestatzen “eskuin hemisferioa” behar duen mundu batentzat. Eskolak umeei eskaintzen dienak eta ondoren topatuko duten gizarteak ez dute inongo antzik.

Ezker hemisferioa datuena eta jazoerena da. Eskuinekoa, berriz, sormenarena eta irudimenarena da. Ezkerrekoak kalkulatzen du eta estankoa da. Eskuinekoa, berriz, berritzailea eta dinamikoa da.

Gauzak diren bezala, biak beharrezkoak dira, baina gure gizarteak, geroz eta gehiago, eskuineko hemisferioaren beharra du. Zoritxarrez, egungo egoera ekonomikoak hezkuntza duen eraginak gupidarik gabe kolpatzen ditu lehendik ere nahiko baztertuta zeuden esparruak: artea, musika, filosofia…

Einsteinek esan zuen (eta guk hemen jaso genuen) “Irudimena ezagutza baino garrantzitsuagoa da.” Horrekin zera esan nahi zuen: ezagutza mugatua da. Irudimenak ez du mugarik. Ezagutzak bakarrik hartzen du bere baitan dagoeneko lortuta edo garatuta dagoena. Irudimenak berriz, gure ametsetara hurbiltzen gaitu eta hauek ez dute inongo mugarik.

Zoritxarrez, gure hezkuntza ereduak ezagutzen den informazioaren inguruan antolatutako silo independenteetan murgiltzen gaitu. Eta horretarako, testu-liburuak, ariketak, azterketak… muntatuta dauzka. Eredu honi, batzuk “eredu bulimikoa” deitzen diogu. Izan ere, ikasleek ahalik eta datu gehien gorde behar dituzte, ondoren gainditu beharko dituzten probetan berrahoratzeko. Saria emandako eredutik hurbilen daudenentzat izango da. “Plagioa” da gure hezkuntza eredu horrek saritzen duena.

Eta irakasleok? Nola jokatzen dugu gure ikasleekin? Ezker hemisferioko edo eskuin hemisferioko irakasleak gara?

Nik, aitortu beharra daukat ezker hemisferioan hazitakoa eta hezitakoa naizela eta, urteetan, nik ere eskema horiek jarraituz funtzionatu dudala. Baina, azken hamarkada honetan nire kabuz jasotako formazioari esker, nire eskema horiek apurtzen joan naiz poliki-poliki. Oraindik ere, asko daukat esparru hori hobetzeko, baina eskolak urtetan egin duen hori ez nuke nire ikasleekin errepikatu nahiko eta nire esku dagoen guztia jartzen jarraituko dut ikasleen sormena ez zapuzteko.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Guraso eskola

Guk, zergatik ez?

Sarritan esaten dugu ikasleari bere ikaskuntzaren ardura eman behar zaiola, baina ikastetxe

Haurrak aske utz ditzagun

Francesco Tonucci-k botatako esaldi pare bat hona dakarzkizuegu gure umeekin zer egiten

Ebaluazio garaia

Beti bezala, hiruhilabeteko baten amaiera aldean, ikastetxe guztietan betiko errutina edo zeremonia

Etorkizuneko hezkuntza

Hezkuntzak gauza asko ditu birplanteatu beharra. Jarraian doakizuen bideoan, horren inguruko ideia
Igo Gora