Mapa mentalak ekoizteko baliabide digitalak

Atala: Baliabideak/Hezkuntza Egilea:

mapa_mentalak

Ikastolan oso maiz ekoizten dituzue mapa mentalak eta hemen bertan gida labur bat ere argitaratu genizuen. Duela gutxi arte, mapa mental horiek eskuz eraiki izan dituzue eta, kasu batzuetan, euskarri digitalera pasatu dituzue FreeMind izeneko software librea erabiliz. Tarteka, zuetako batzuk, irakaslearen ordenagailua erabiliz, MyThoughts (Mac ordenagailuentzat soilik) izeneko softwarearekin sekulako trebezia erakutsi duzue.

Gauzak horrela, baliabide digitalak geroz eta gehiago erabiltzen joango zaretenez, jarraian, sarean topa ditzakezuen aplikazio batzuen berri eta ordenagailuan instalatu daitezkeen software batzuen inguruko datu batzuk emango dizkizuegu.

Sarean dauden aplikazioak

iMindMap: oso ahaltsua eta estetikoki oso mapa erakargarriak egiten dituena. Doako bertsioan 5 maparen muga du, baina probatzea merezi duen zerbitzu horietako bat da.

Mindomo: nahiko erabilerraza eta aukera ugari eskaintzen duena. Doako bertsioan egin daitekeen mapa kopurua mugatuta dago. Oharrak, irudiak, bideoak, ikonoak… txertatzeko aukera dago. Mapak beste kideekin partekatzeko aukera eskaintzen du eta argitaratzeko aukera ezberdinak ematen dizkigu.

Bubbl.us: oso erraza eta aukera interesgarriak elkarlanean aritzeko eta lana argitaratzeko, baina ez du aukerarik ematen irudiak sartzeko.

MindMeister: hau ere oso erraza da eta irudiak sartzeko aukera ematen du. Gainera, elkarlanean aritzeko aukera emateaz gain, esportatzeko aukera desberdinak ematen ditu.

Mind42: beharbada, besteak baino zailagoa, baina aukera antzekoak eskaintzen ditu.

Text 2 Mind Map: oso bitxia, sinplea eta praktikoa di-da batean mapa mental sinple bat ekoizteko. Ez da beharrezkoa izena ematea eta eginiko mapa irudi edo PDF gisa gorde daiteke.

Spiderscribe.net: zerbitzu honek aukera ematen du irudiak sartzeko, baina besteek eskaintzen dutenaren antzekoa eskaintzen du.

Ordenagailuan instalatzeko softwarea

FreeMind: dagoeneko ezagutzen duzue software libreko aplikazio hau. Linux, Mac eta Windows sistema eragileentzat bertsioa dagoenez, zuen ordenagailuetan instalatzeko arazorik ez duzue izango.

XMind: hau ere software librea da eta sistema eragile guztientzat bertsioa du. Beharbada, aurrekoa baino ahaltsuagoa eta funtzio osagarriak eskaintzen dituen ordaindu beharreko bertsioak ere eskaintzen ditu.

The Brain: hau ere plataforma guztientzat eskura dugu. Doako bertsioaz gain ordaindu beharreko aukera ere eskaintzen du.

iMindMap: aplikazio hau bukaerarako utzi dugu, zalantzarik gabe, osoena delako. Hori bai, softwareari dagokionez, honek ez du doako inongo aukerarik eskaintzen. Horrelako zer edo zer instalatu nahi izanez gero, arestian jarri dugun sareko aukera probatzea aholkatzen dizuegu. Software honek aukera gehiago ditu, baina online dagoen doako zerbitzuarekin probak eginda, software honen ahalmenaz ideia bat egin dezakegu. Gainera, zuek tablet-ak asko erabiltzen dituzuenez, jakin ezazue bertsioa duela Android eta IOS sistementzat.

Askoz ere aplikazio gehiago dago bai sarean bai ekipoetan instalatzeko, baina eskaini dizkizuegun hauekin guztiekin, gure ustez, nahikoa duzuela probak egiten hasteko eta zuen beharretara ondoen egokitzen dena hautatzeko.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Baliabideak

Reglas de ortografía

Aunque somos muy conscientes que este tema aún nos viene un poco

Ordizia lantzen

Ordiziari buruzko ezagutza zabaltzeko hiru unitate didaktikoa atondu ditu Ordiziako Udaleko Euskara
Igo Gora