Ez arriskatzearen arriskua (igarkizunen erantzuna)

Atala: Guraso eskola/Hezkuntza Egilea:

arriskua

Aurrekoan igarkizunak proposatu nizkizuen eta ez nekien oso ondo erantzuna nola eman. Ideia desberdinak nituen baina, Iñazio Irizarren mezu hau irakurtzean konturatu naiz hortxe nuela behar nuena igarkizunen mezuarekin lotzeko.

Nik testu pare bat luzatu nituen esan gabe nondik atera nituen. Jendeak asmatu behar zuen nondik atera nituen testu horiek. Bada, Jolausek iruzkinean esaten duen bezala, lehen testua Curriculumetik (2007 – PDF) aterata zegoen eta bigarrena gure ikastolako Hezkuntza Proiektutik (1994 – PDF).

Eta nola lotzen dut nik igarkizunen mezua Iñazioren mezuarekin? Bada, berak irakurri duen Xesco Espar-ek idatzitako “JUGAR CON EL CORAZON: LA EXCELENCIA NO ES SUFICIENTE” liburuaren inguruko iruzkinak egiten ditu eta oso deigarria egin zait liburu horren aurkibidea:

1- Bikaintasuna ez da nahikoa,
2- Bihotzarekin jokatu,
3- Ez arriskatzearen arriskua,
4- Ikusteko sinetsi,
5- Mugak apurtu,
6- Nor bihurtzen zaren,
7- Taldean nola egin lan,
8- Lidergoa eta zuzendaritza taldean, eta
9- Zure bizitza orain da.

Ikusten duzuen bezala, aurkibide horretan puntu batzuk nabarmendu ditut. Gehiago ere nabarmendu nitzakeen, baina gehiegi ez luzatzearren, lau horietan zentratuko naiz.

Bikaintasuna ez da nahikoa: gure ikastolak ibilbide luze eta emankor egin zuen bikaintasunaren eremuan, baina bide horrek berak erakutsi zigun hori ez zela nahikoa. Horrenbeste ahalegin egin eta gero, kosta egiten da berriro beste planteamendu berritzaile batekin hastea, baina ahalegin ezberdinak egin genituen formula berriak topatzeko. Universitat Politecnica de Catalunya-ko irakasle honek kontatzen duen egoera honetara iritsi baino lehen, aldatu egin genuen eta aldaketa horren arrakasta zenbaterainokoa den jakiteko denbora beharko dugu.

Bihotzarekin jokatu: beharbada, bikaintasunaren esparruan hartutako ohitura batzuk direla medio, esparru emozionala gure erabakietatik nahiko urrun gelditu zen. Neurtzen genituen adierazleak ziren gure erabaki nagusienen motorra. Hori, ezagutzarekin eta pertsonekin lan egiten duen erakunde batentzat arriskutsu samar izan daiteke. Izan ere, pertsonok eta ezagutzak zenbaki edo adierazle hutsekin neurtu ezin daitezkeen erpin ugari ditugu.

Ez arriskatzearen arriskua: ikastolok, tradizionalki, arrisku handiak hartzen zituzten erakundeak izan gara. Ezarritako arauak, legeak, tradizioak… hautsi eta gurasoen (gizartearen) borondatea erantzutera zetorren eredu berritzaile bat proposatzen zuten. Zoritxarrez, denborarekin, espiritu hori galtzen joan da eta burgestu egin gara. Instituzionalizazioak eremu administratiboan onurak ekarri dituen bezala, eremu pedagogikoan enpresaren ikuspegia nagusitu da eta negozio eredua arriskuan ez jartzearren, oso arrisku gutxi hartzen ditugu. “Adituek jakingo dute” edo “Nor naiz ni aditu horien proposamena zalantzan jartzeko” bezalako esaldiak maiz entzuten dira gure ikastoletan. Arriskuak hartzeari diogun beldurraren eta kontserbadorismoaren adibide garbiak.

Mugak apurtu: arriskuak hartzeari beldurra dion erakunde batek, nekez apurtuko ditu mugak. Erakunde “iraultzaileak” izatetik erakunde kontserbadoreak izatera pasa gara.

Igarkizunen mezura bueltatuz, jarritako testuak irakurtzen baditugu, ohartuko gara, urte dezente igaro eta gero, urruti samar gaudela 1994an gure ikastolak planteatzen zuen Hezkuntza Proiektuan esaten ziren gauza askotatik eta 2007tik indarrean dagoen Curriculum Dekretuak dioen horretatik.

Hezkuntza Proiektutik ateratako esaldi batzuk
:

  • Pertsona bakoitzaren egoeratik abiatzen da bere garapena eta heldutasuna lortzeko. Nola lor daiteke hori gure proiektu guztien abiapuntua testu-liburuak direnean?
  • Ikerketa gune da, bertan metodologia desberdinetan oinarritutako pentsamendu zientifikoa lantzen da. Benetan sinesten dugu gure ikastolak ikerketa guneak direla? Paketeetan bildutako ezagutza batzuen transmisoreak ez al gara bihurtu?
  • Irakaslearen zeregina, ikasleen jakin-mina piztea eta gai guztietako zaletasuna bultzatzea da, horretarako behar diren interes zentroak landuz. Errealitatean, irakasleok paketeetan datozen edukien kudeatzaileak ez al gara?
  • Globaltasuna bultzatzen du, diziplina desberdinen arteko lotura bilatuz. Hori HHn eta LHn balio al du bakarrik?
  • Ikasleak ikasten duena, bere bizitzarako baliagarria izan behar du, eta ikaste hori, esanguratsuak diren prozesu eta ikasketen bidez eraikitzen dugu. XXI. mendeko ikasleek izango dituzten beharrak, eskaintzen diegunarekin asetzen al ditugu?
  • Hezkuntza prozesua, bere osotasunean ebaluatzen da, ikasle bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontutan izanik. Oraindik ere, azterketak eta kontrolak jaun eta jabe diren erresuman bizi gara.
  • Ahaleginak egiten ditu hezkuntzaren barnean irudimen, sentsibilitate eta sormena lantzeko. Gehienetan, edukiei ematen zaien garrantzia dela eta, ezinezkoa egiten da egungo gizartean geroz eta balio handiagoa duten balio horiek aintzat hartzea.
  • Ikasleen helburu propioak garatzea ahalbideratu. Helburuak goitik behera ezarrita datoz: Administrazioak → Ikastolen Elkarteak → Ikastolak→Irakasleak → Ikasleak. Honela, ikasleek nekez ezarriko dituzte euren helburuak.
  • Ikasleen interesak ezagutu eta aldi berean abiapuntutzat hartu. Aurrekoari paketeetan datozen edukiak gehitzen badizkiogu, ulertuko dugu ikasleen interesak non gelditzen diren.
  • Ikasleek espiritu kritikoa izan dezaten bultzatu. Emandakoaren aurrean zeresan eskasa daukazunean, espiritu kritikoa pizten da erreakzio gisa egoera hori salatzeko, ez erakundeak bultzatzen duelako.
  • Ahaleginak eta zailtasunak baloratuz prestakuntza autonomoa garatu. Ezarritakoari erantzutera bultzatzen den eredu honekin, ikasleen eta irakasleen prestakuntza autonomoa utopia bilakatu da.
  • Gurasoek, irakasleek, ikasleek eta pertsona ez dozenteak gestioan parte hartzea lortu eta euren artean komunikazioa ziurtatzeko bideak jarri. Ikasleen partaidetza erreala non gelditu da? Eta gurasoen partaidetza esparru pedagogikoan?
  • Irakasleriaren artean talde lana bultzatu eta beraien arteko hausnarketa komunaren bidez, jardueren etengabeko azterketa egin. Zoritxarrez, paketeetan jasotakoaren eta emandakoaren jarraipenerako besterik ez da talde lan hori ematen. Ia inoiz ez da hori ematen gure jardunaren inguruko hausnarketa serio bat egiteko eta, are gutxiago, berrikuntza esanguratsuak edo aldaketa sakonak gauzatzeko.

Tontxu Camposen 2007ko Curriculum Dekretutik ateratako pasarte labur bat:

Hezkuntza hobetzeko xedea du berrikuntza horrek, eta curriculumaren plangintzari, aplikazioari eta ebaluazioari eragiten dio. Hala, curriculum berri hau aplikatzeko, aldaketa handiak egin behar dira, bai metodologian, bai antolakuntzan, bai irakasleen pentsaeran eta prestakuntzan, bai eta beste alderdi askotan ere.

Gure tradizioan begi onez ikusita zegoen administraziotik zetozen inposaketen aurrean, jarrera kritikoa azaltzea eta bide propioak urratzea. Baina, kasu honetan, nekez ulertuko litzateke hori guk bultzatutako eta gureganatutako Euskal Curriculumak (PDF) gauza bertsuak esaten dituenean.

Hezkuntzaren funtzioa ez da bakarrik hizkuntza eta kultura transmitituz gizarteratzea; horrez gain, beste funtzio batzuk ere baditu: bizitzako eremu guztietarako prestatzea (familia, gizartea, lana…), ikasten ikasteko konpetentzia garatzea, gure giza izaera zein den ulertzea, pentsamendu kritikoa bultzatzea, sormen gaitasunak garatzea, gure ekintzen erantzule izaten laguntzea… Hezkuntzaren funtzio horiek eta beste batzuk ezin dira bata bestearengandik bereiztuta ulertu, hezkuntza prozesuaren baitan baizik. (…) Euskal Curriculumaren proposamenaren helburua, batetik, XXI. mendean euskal herritar unibertsal gisara bizi ahal izateko ezinbesteko eta oinarrizko konpetentzia komunak bermatzea da. Ikuspegi horretatik, proposamenak irekia izan behar du, curriculum dibertsifikazioak tokia izan dezan eta gizabanakoen desberdintasunak eta inguru bakoitzaren kultur elementuak kontuan hartzeko. (…) Curriculuma antolatzeko ardatzek ez dute izan behar kontzeptuzko “jakintza”k, pertsonaren dimentsio guztietan jarduteko behar diren konpetentziak baizik. (…) Jakin badakigu guk egindako proposamenak aldaketa sakona dakarrela “zertarako eta zer irakatsi eta ebaluatu” auzian, bai eta “nola irakatsi eta ebaluatu” auzian ere. Gure planteamenduaren arabera, irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta haien funtzioa ikasleak bizitzaren eremu guztietan modu egokian jarduteko prestatzea da. Irakasleen funtzioa ez da “haien” diziplina irakastea bakarrik; gainerako irakasleekin batera, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, egiten eta ekiten ere irakatsi behar baitute. Horrek guztiak hezkuntzari eta hezkuntzaren irakaskuntzari buruzko ikuspegi aldaketa dakar, eta pentsamenduan eta irakasleen jardunean aldaketak eta doitzeak behar ditu. Gai konplexuak eta zailak dira, eta planteamendu berriak beharko dira, bai irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzan, bai curriculumeko diziplinetan.

Tira, bada, arestian aipatutako arriskatzeari hartu diogun beldurra dela eta, aspalditik esaten ditugun eta legeak eskatzen dizkigun gauzak betetzetik nahiko urrun gaude. Kontradikzio hori normaltzat hartu beharko genuke aldaketa prozesu batean, baina prozesu hori ia 20 urteetan luzatzen denean… Abiadura kontua dela esango dute batzuk, baina denboraren kontzeptu oso ezberdina izango dugu, nonbait.

Baina hori ez da okerrena. Nire ustez, okerrena da beldur horrek gure erabakien gidari bilakatu dela, berrikuntzarako aukera bat egon daitekeen egoeretan arriskua besterik ez dugula ikusten eta aldaketa anekdotikoak direnak eta esanguratsuak ez diren horiek erabiltzen ditugula gure immobilismoa justifikatzeko eta benetako aldaketari diogun beldurra ezkutatzeko. Bestalde, horrek ere geure buruarengan konfiantza falta izugarria erakusten du. Nik berriz, ikastoletan sekulako altxorra dugula pentsatzen jarraitzen dut: pertsonak. Eta, zoritxarrez, langileen gaitasuna eta konpromisoa, ikasleen indarra eta irudimena, gurasoen inplikazioa eta interesa, ez zait iruditzen behar bezala aprobetxatzen direnik.

Urte asko (gehiegi) pasa ditugu informazioa eta formazioa jasotzen, eztabaidatzen… eta aukera erreala dagoenean landutako guztia aurrera eramateko eta aldaketa esanguratsuak sustatzeko, beldurra agertzen da eta anekdota hutsa diren gauzei heltzen diegu berriro funtsezkoak diren aldaketei eta erronkei ez heltzeko. Noiz arte jarraituko dugu horrela?

Duela gutxi arte, alderdi politikoak eta euren ordezkariak, Erret Familia, era guztietako iruzurgileak… zigorgabetasun sentsazio batekin bizi ziren. Baina jendearen amorruak #15M edo #occupy bezalako mugimenduetan eztanda egin zuten. Hezkuntzan horrelako zer edo zer gertatu arte egin beharreko aldaketak atzeratuz segituko dugu? Gure jolastokietan kanpaldiak antolatu beharko dituzte gure ikasleek eta gurasoek?

Bai, ahal dugu!!!

bai-ahal-dugu_baina-ez-dute-nahi

Iruzkin 1

  1. Sei urte pasa dira dekretua publikoa egin zenetik. Bitarte horretan, denbora aurrera doala etagzgaudela ari Curriculum biek planteatzen duen errealitate berrira egokitzen planteatu den bakoitzean, erantzuna beti berdina izan da: azkarregi joan nahi duzue, Elkartetik ikasturte honetarako urratsak ematen joateko konpromisoa hartuta dauka, itxaron.

    Urratsak eman diren edo ez, erabakiak haudiren edo ez eta hauek guztiak nahikoak izan diren edo ez, norberaren pertzepzioaren araberakoak izango dira.Baina ukaezina da curriculum bietan planteatzen diren egiturazko aldaketak ez duela inondik ageri eta, okerrena dena, ez direla aurrera eramango. Ikastolaren barne antolaketa, komunitatearekiko harremanak eta antzeko atalak alde batera utziz, irakasleriaren funtzio eta zeregin berriei dagokionez bakarrik, LOGSErekin gertatu zenaren berdina gertatzen ari da orain. Ikasmaterial berria aplikatzea entrenatuko ditugu irakasleak, materialak erabiltzen espezialistak bihurtuko ditugu, edukiak modu jakin batean aplikatzen trebeak bihurtuko dira… ulertu gabe zer den egoera bat definitzea, zer den sekuentzia bati forma ematea, non txertatu behar den ebaluazioa nola eta zertarako, nola komunikatu behar den hortik jasotakoa… Prtzepzio pertsonaietatik baina harago dagoena da, irakaslearen funtzioa erabat desbirtuatuta izaten jarraitzen duela eta jarraituko duela.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Guraso eskola

Guk, zergatik ez?

Sarritan esaten dugu ikasleari bere ikaskuntzaren ardura eman behar zaiola, baina ikastetxe

Haurrak aske utz ditzagun

Francesco Tonucci-k botatako esaldi pare bat hona dakarzkizuegu gure umeekin zer egiten

Ebaluazio garaia

Beti bezala, hiruhilabeteko baten amaiera aldean, ikastetxe guztietan betiko errutina edo zeremonia

Etorkizuneko hezkuntza

Hezkuntzak gauza asko ditu birplanteatu beharra. Jarraian doakizuen bideoan, horren inguruko ideia
Igo Gora