Oporretarako istorioa

Atala: Hezkuntza Egilea:

masifikazioa_pertsonalizazioa
Ander mutil alai eta jatorra da, ezer berezirik ez dauka. Mutiko arrunta da. Bere etxean, gurasoek denbora dezente pasatzen dute sukaldean. Izan ere, bertako produktuak erabiliz eta maitasun handiz prestatzen dituzte bere otorduak. Eta hori ez da kasualitatez gertatzen, aitzitik, kontzienteki hartutako erabaki bat da: eredu jasangarria da, bertako baserritarrak eta arrantzaleak laguntzen dituena eta, horren ondorioz, bertako ingurunea eta kulturari egundoko ekarpena egiten dion eredua da. Hori gutxi balitz, bere gurasoek beste guraso batzuekin elkartzen ziren errezetak partekatzeko menu anitzagoak, sormen handikoak eta, batzuetan, sofistikatuak ere lortuz. Kultura horrekin, trebetasun maila handia lortzen joan ziren eta goi mailako sukaldarien parean zeudela esaten zieten etxera gonbidatzen zituzten lagun guztiek.

Hala ere, irudikatzen zituzten plater zoragarri horiek ez ziren beti ondo ateratzen. Batzuetan, gatz puntuak huts egiten zuen, besteetan, lehorrak ateratzen ziren eta beste batzuetan urtsuak… Baina hanka sartze horietatik, pazientzia eta maitasun handiz, ikasi egiten zuten eta beste gurasoekin zituzten harremanei esker, beti topatzen zuten baten bat egoera horretatik pasatutakoa edo trikimailuren bat ezagutzen zuena.

Ander oso kontzientea zen bere gurasoen ahuldadez, hauek ez baitzituzten euren mugak ezkutatzen, baina are kontzienteagoa zen gurasoek jartzen zuten maitasunaz eta egiten zuten esfortzuaz orain gozatuko lukeen eta bere etorkizun osasuntsua bermatuko lukeen elikadura eta dieta zoragarri bat eskaintzeko.

haurra_liburua_jatenJoseba, 6 anaietatik gazteena da. Adin tarte handia zegoen bere anai-arrebekin. Bere gurasoek seme-alaba zaharrekin, Anderren gurasoek egiten dutenaren berdina egiten omen zuten, baina denboraren poderioz, erosotasunean erortzen joan ziren eta Josebarekin aurrefabrikatutako elikagaiak erabiltzen hasi ziren. Berehala, leku ezberdinetako gurasoak elkartu ziren eta aurrefabrikatutako elikadura eskainiko lukeen “Zentral” bat sortu zuten. Honela, kalitatezko estandarrak errespetatuko lituzketen janariak izango zituzten. Urtetan, irtenbide bikaina zela ematen zuen eta jasotako sari eta errekonozimenduek inpresio hori berretsi besterik ez zuten egiten. Gainera, familia gehienen beharrak asetzen zituenez, denak oso lasai eta seguruak sentitzen ziren.

Baina garbi dago gauzak ez direla betiko eta umeen artean eman zen kirol jardueren praktikaren hedapenarekin batera, lehen arazoak sortzen hasi ziren. Umeen elikadura beharrak aldatzen joan ziren eta Zentralak aspalditik ezarritako estandarretatik urruntzen joan ziren. Gurasoak kontzienteak ziren euren umeen beharrak aldatzen ari zirela eta elikadura ezberdin bat behar zutela, baina horrenbeste urte eginkizun hori Zentralaren esku delegatu eta gero, ez ziren gai sentitzen euren seme-alaben beharrak asetzeko behar zuten menua planifikatzeko, erosketak egiteko eta, are gutxiago, sukaldean prestatzeko. Guraso batzuk sukaldea kenduta zuten eta beste batzuk sukaldeko lanak egiteko behar den tresneria ere ez zuten. Gainera, euren bizitza planifikatuta zuten bezala, ez zuten inongo aukerarik ikusten berriro sukaldaritzako lan horietan hasteko. Ausartenak, edo kontzientzia arazoa zutenak, arrautza frijituekin ausartu ziren eta bakar batzuk patata tortillarekin ere animatu ziren. Horrekin, euren kontzientzia garbitzeaz gain, Zentralak eskaintzen zuen menu bakarrak zituen hutsune batzuk estaltzen zituzten. Okerrena, denek zekitela hori ez zela soluzioa. Egungo gabeziak etorkizuneko arazoak zirela eta euren seme-alaben etorkizunarekin jolasten ari zirela sentitzen zuten.

Egoera horretan, normala den bezala, umeak ez ziren irla batean bizi eta horretaz ere elkarrekin hitz egiten zuten. Ander eta Joseba lagun-minak ziren eta Joseba Anderren etxera bazkaltzera joan zen egunean, zur eta lur geratu zen mahai gainean ikusi eta dastatu zuenarekin.

  • Zure etxean beti horrela bazkaltzen duzue? – galdetu zuen Josebak-
  • Bai, ze ba? – erantzun Anderrek, harrituta Josebak erakusten zuen aurpegiarekin-
  • Nire etxera Zentraletik ekartzen dugu jana eta prestatu beharrik ez dagoen arren, oso aspergarria da, ez dauka zaporerik eta, Atletismoan nabilenez, ez du asetzen nik ditudan beharrak eta beti lehertuta bukatzen dut. Baina desberdintasunik handiena ez da hori, etxe honetako janariari darion goxotasuna eta maitasuna baizik.
  • Eta zergatik ez diezu zure gurasoei esaten nire gurasoek egiten dutena egiten hasteko? Seguru nire gurasoak eta beste batzuk ere laguntzeko prest egongo liratekeela.
  • Esan diet! Baina beti esaten didate beraiek ez dakitela Zentralekoek dakiten bezain beste eta zerotik hasi beharko luketela eta horretarako orain ez duten denbora eta formazioa beharko luketela.
  • Baiiii??? Hori egiteko? -bota zuen harrituta Anderrek- Akaso Zentrala egin aurretik ez zuten beraiek egiten? Bada, poliki-poliki hasteko! Seguru gainontzeko gurasoen laguntzaz euren menua hobetzen joango dela eta euren esperientziak partekatzen badituzte, euren errezetak hobetzen eta osatzen joango dira. Nik ez dut horren zaila ikusten. Nik etxeko planifikazioan parte hartzen dut eta, behin baino gehiagotan, nire errezetak ere egin izan ditut. Ez dut uste zure gurasoak ni baino gutxiago direnik – bukatu zuen, Joseba hitzik gabe utziz-.

liburuak_jatenBitartean, Zentraleko erabiltzailez osaturiko guraso talde txiki bat hasi zen Zentralari soluzioak eskatzen. Izan ere, euren gaitasun eza eta Zentralarekiko menpekotasuna zirela medio, soluzioa handik etorriko zela konbentzituta baitzeuden.

Zentralean, kezkaren lehen zantzuak ikusi ziren eta arduradunek lehen neurria hartu zuten: euren platerak apainduko zituzten. Estetikoki irabazi zuten, baina funtsean ezer aldatu ez zutenez, arazoak bere horretan segitzen zuen. Erabaki sakonagoa hartu zuten orduan: munduko sukaldari ospetsuak ekarri zituzten eta euren errezetak erabiliz, menu anitzagoak eskaintzen hasi ziren. Zentralaren jarraitzaile sutsuenak oso pozik agertzen ziren eta Zentralaren erabakiak zalantzan jartzen ausartzen ziren gurasoei ezjakintasuna leporatzen zieten. Nola ausartzen dira kritikatzen munduko sukaldari ospetsuenetakoak egindako menu horiek? -esaten zuten harrotasunez-.

Zalantzarik gabe, menuak hobeak ziren, baina biziraupena eta mozkinak bilatzen dituen enpresa logikari erantzuten jarraitzen zuten eta sukaldaritzan oso garrantzitsuak diren goxotasuna eta maitasuna falta zitzaien.

Hori gertatzen ari zen bitartean, guraso batzuk, Zentralaren menuak alde batera utzi gabe, euren errezeta propioak prestatzeari ekin zioten urtetan pilatutako armiarma sareak hautsiz. Guraso horien seme-alabak pozik txoratzen zeuden euren etxean ikusten ari ziren aldaketarekin eta gainontzeko umeekin komentatzen hasi ziren. Logikoa den bezala, gainontzeko umeek inbidiaz ikusten zuten ume horien poza eta euren etxeetan gauza bera eskatzen hasi ziren. Guraso gehienek “traiziotzat” hartu zuten Zentralaren esklusibitatea hausten zuten guraso gutxi horien jokabidea. Izan ere, euren utzikeria nabarmen gelditzen ari zen euren seme-alaben aurrean eta ebidentziaren aurrean ezer gutxi zuten esateko. Horregatik, gozoki batzuk ematen hasi ziren seme-alaben haserrea leuntzeko eta euren lasaitasuna ez hausteko.

liburuak_afaltzenZoritxarrez, beste guraso gutxi horiek etxean ekoiztutako platerekin lortutako arrakastarekiko interesa erakutsi ordez eta aukera bat ikusi beharrean, arrisku edo mehatxuzko egoera besterik ez zuten ikusi. Jakin, bazekiten, euren jokabidea desegokia zela eta arrakasta zuten beste formula horiek euren rola guraso gisa zalantzan jartzen zuela besterik ez zuten ikusten. Gainera, Zentralaren sorreran eta ibilbidean lanean aritutako gurasoek urte askotako eredua erortzeko arriskuan ikusten zuten eta ez zuten ulertzen horren sarituta izan zen proiektuarekiko sortzen ari zen mesfidantza. Horregatik, umeen beharren aldaketen aurrean beste motako erantzuna beharrezkoa zela garbi ikusten bazen ere, euren etxeetan menuak prestatzen zituzten guraso “afizionatuak” kritikatzen zituzten euren dohainak zalantzan jarriz eta Zentraleko “sukaldea” betetzen zuten adituekin alderatuz.

Zentralaren inguruan bazegoen inguratzen zuen kalitatezko halo moduko bat bere kontra emandako argudio guztiengandik babesten zuena, nahiz eta hauek sendoak eta taxuzkoak izan. Fedeak mendiak mugiarazten omen ditu, bada, Zentralarekiko zegoen fedeak bere kontrako ekimen guztiak oztopatzen zituen eta bere oinarriak sekula ez ziren zalantzan jarri.

Nolanahi ere, obesitate kasuak, anemiak eta nutrizio desegokiarekin lotutako beste osasun arazoak ugaltzen joan ziren, nahiz eta osasun estandarretan oinarritutako probetan agertzen ziren emaitzak kontrakoa esan. Zoritxarrez, proba estandar horien baliagarritasuna zalantzan jartzen zutenei ez zitzaien kasu handiegirik egiten. “Friki” batzuk besterik ez ziren.

Hala ere, guraso batzuk osasun proben emaitzei garrantzia erlatiboa ematen zieten eta proba horiek neurtzen ez zituzten beste aldagaietan ikusten zuten koherentzia faltagatik, beste motako analisiak egiten hasi ziren. Emaitzak oso argigarriak izan ziren eta etxean egindako menuak askoz ere osasuntsuagoak zirela egiaztatzen zuten. Egia esan, analisi horien beharrik ez zuten, egunero ikusten baitzuten hori.

Egoera oso bitxia zen; umeek beste motako elikadura eskatzen zuten, gero eta guraso gehiago egiaztatzen ari ziren Zentralak ekoiztutako elikadura industriala ez zela inongo panazearik eta Zentralarekiko distantziak areagotzen ari ziren. Gainera, guraso batzuk hasi ziren sukaldaritzako saioetara joaten eta bertan jasotzen zituzten gainontzeko gurasoen esperientziak, trukuak… Uholdea geldiezina zen. Zentralak eskaintzen zuen dieta uniformearekiko mesfidantza hedatzen joan zen eta familia gehienetara iristen hasi zen. Zentralak muzin egiten zion gurasoen eta familien aldarriari.

Horregatik, uholdea tsunami bilakatu zenean, Zentrala gaindituta ikusi zuen bere burua eta urtetan eraikitako “inperioa” inpotentziaz erortzen ikusi zuten. Garai batean zutabe sendoak ziruditenak buztinez eginikoak bezala erortzen hasi ziren. Deskalabrua itzela izan zen eta, denbora gutxian, familia gutxi batzuk baino ez zuten hartzen han prestatutako jana. Zentralak bere ateak itxi egin behar izan zituen eta familia guztiak elkartu ziren sukaldaritzako saioak antolatuz.

Gaur egun, gure herrian, guraso guztiek prestatzen dituzte euren menuak eta, partekatzen duten informazioari esker, hauek etengabe hobetzen jarraitzen dutenez eta bakoitzak dituen seme-alaben beharretara egokitzen direnez, seme-alaben osasun egoera nabarmen hobetu da eta, gainera, hemengo gurasoek lortu duten kultura gastronomikoak ez dauka parekorik mundu guztian. Erreferente bat bihurtu gara munduko beste gurasoentzat eta garapen jasangarria aldarrikatzen duten mugimenduko kide guztiek goraipatzen dute gure jokabidea.

Hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila ikastolako plazan.

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora