Hiruhileko honetan landu dugun proiektuan, beste gaien artean, osasunaren gaiak berebiziko protagonismoa hartu du eta jorratu ditugun baliabideen artean, aurreko mezuetan “Jendaurreko aurkezpena” eta “Mapa mentala lau bandatan” azpimarratu genituen bezala, oraingo honetan ELKARRIZKETA nabarmendu beharrean gaude.
Gauzak diren bezala, gaia lantzeko ez dugu denbora gehiegirik izan eta aurreikusita genuen prozesua laburtu eta sinplifikatu behar izan genuen. Hala ere, gure ustez, nahiko lan txukuna atera zaigu eta ikasleek ikaragarri gozatu dute.
Lanari hasiera emateko, elkarrizketaren inguruko mapa mental bat osatu genuen denon artean. Seguru, munduko hoberena ez dela, baina gure ikasleentzat izugarri ondo geratu zen. Eskuz eginiko mapa hori FreeMind izeneko aplikazioa erabiliz digitalizatu genuen. Bakoitzak berea eraiki zuen eta, gutako batzuk, irakaslearen iMac-en beste bat osatu genuen. Denak ezin hemen sartu eta FreeMind-ekin eginiko lau eta irakaslearen ordenagailuan eginikoa jartzen dizkizuegu.
Mapa mental hori egin eta gero eta adibide batzuk aztertu ondoren, praktika txiki batzuk egin genituen gure artean. Ondoren, Arantxa Arza Euskadi Irratiko kazetaria eta ikastolako ama gonbidatu genuen eta oso interesgarriak ziren gaiak ezagutzeko parada izan genuen.
Eta ia ezertarako astirik izan gabe eta mikrofonoarekin arazo tekniko batzuk tarteko, prestatutako elkarrizketak burutzeari ekin genion. Hor bai gozatu ederra gure ikasleek hartu zutena. Aditu ezberdinekin, eskarmentu handiko pertsonekin, beste ikasleekin, herriko jendearekin… hitz egiteko aukera paregabe hau oso aberasgarria suertatu zen eta ikasleak antzeko zer edo zer errepikatzeko gogoz gelditu dira.
Gu ez gara gehiago luzatuko eta argitaratutako elkarrizketekin uzten zaituztegu. Konklusioak zuek atera. Aurki, osasunarekin lotutako proiektuaren amaierarako prestatzen ari garenaren berri emango dizuegu 🙂 eta, ondoren, ikasturte honetan egiten ari garenaren balorazio orokor bat. Erne egon eta ez galdu gure blog honetan argitaratzen joango garena.
Gorka Eraso, Fisioterapeuta
Aitziber Barandiaran, Sendagilea
Juanito Rubio, Kirolaria
Lehen Hezkuntzako ikasleen ikuspegia
Arantxa Arrieta, Erizaina
Helduen ikuspegia
DBH 4ko ikasleen ikuspegia
DBH eta Batxilergoko ikasleen ikuspegia
Kalean eginiko elkarrizketen argazkiak