Etxerako lanen inguruan dugun iritzia hemen argitaratu genuen eta, askotan, gure iritziaren aurkako lanak bidaltzen ditugun arren, oraingo honetan ezagutzera eman nahi duguna, gure ustez, betetzen du etxerako lan bati eskatu behar zaiona.

Alde batetik, ikaslearentzat curriculumetik at dagoen gai bat planteatzen da, erronka bat suposatzen duena eta bere jakin-mina pizteko baliagarria izan daitekeena.

Bada, Gabonetako oporretan “Soma Kuboa” izeneko jarduera proposatu genien. Guk emandako kartulinazko txantiloia erabiliz, kuboa osatzen duten zazpi pieza eraiki eta dekoratu behar zituzten. Behin pieza guztiak eraikita zituztela, kuboa osatzen ahalegindu behar zuten. Gainera, beste motako irudiak osatzeko aukera ere eskaini genien. Hori bai, inoiz ez genien “Soma kuboa” aipatu. Izan ere, hori jakinda, oso erraz topatuko baitzuten “erronka” horren soluzioa.

Emaitza, espero genuena baino hobea izan zen. Ikasle guztiek lortu baitzuten kuboa osatzea eta talde handi samar batek bestelako irudiekin ere ausartu zen.

Jarraian, kuboa osatzen grabatutako bideoa eta kubo batzuen piezak ikus ditzakezue.