Jendaurreko aurkezpena lantzen

Atala: Hezkuntza Egilea:

aurkezpena

Gaur egun ez dago lanbiderik, noiz edo noiz jendaurrean hitz egitera behartzen ez gaituenik. Gure ikasleen eguneroko lanean ere, asko eta askotarikoak dira egokitzen zaizkien komunikazio egoerak: dela proiektu bat aurkeztu behar dutela, edo ikastolako aldizkarirako artikulu bat idatzi, edo gelako batzarra gidatu, edo lagun baten ospakizunean hitz batzuk esan…

Gauzak diren bezala, ahozko komunikazioaren esparrua bigarren plano batean egon da hezkuntzako lehentasunetan urte askotan. Izan ere, idatziz egin beharreko azterketez beteriko oztopo lasterketa gisa ulertu izan da ikaskuntzaren prozesua. Horrek, noski, idatzitako komunikazioari egundoko garrantzia ematen zion, gainontzeko komunikazio bideei garrantzia kenduz.

Horregatik, “ikasle bikain” asko (emaitza bikainak lortzen dituzten horietakoak, noski) jendaurrean aritzeko unean, erabat galduta ikustea, egoerari aurre egiteko bitartekorik gabe aurkitzea… ohikoa izan da.

Bestalde, formazio saioetan, hitzaldietan eta antzeko eremuetan ordu asko eman behar izan ditugunok, “PowerPoint”-en erresuma madarikatuaren biktimak izan gara. Zenbat saio jasanezinak bihurtu zaizkigu hizlaria pantailako testua irakurtzen ari zen bitartean? Zenbat aurkezpen “ezinezkoak” jasan behar izan ditugu?

Horregatik, esparru bikoitz hori jorratu nahi izan dugu lan hau egiterakoan gure 4. mailako ikasleekin. Alde batetik, ahozko komunikazioa eta, bestetik, aurkezpen baten ekoizpen prozesua. Gure ikasleek beharko dituzten gaitasun horiek garatu nahi ditugunez, egoera ezberdinak proposatzen dizkiegu gaitasun horiek lantzeko eta garatzeko aukera izan dezaten. Gaur aurkezten dizuegun adibidean, osasunaren gaia lantzen ari garenez eta gripea gure geletan jotzen hasita zegoenez, horixe izan zen proposatu zitzaien gaia eta egoera. Alegia, gripearen inguruko ikerketatxo bat egin eta ikasitakoarekin ikasle txikiei aurkezpen bat eskaintzea. Horrekin batera, konpetentzia digitala landu nahi izan dugu, baina elkarlana burutzeko ikuspegiari garrantzia emanez. Horregatik, Google Drive erabili genuen partekatutako aurkezpenak burutzeko. Ikusgarria da 9 urteko ikasle hauek zein erraz moldatzen diren eta zein ederki erabiltzen duten tresna honek eskaintzen dien txata lana antolatzeko, aldaketak burutzeko, laguntza eskatzeko…

Tira, burututako prozesua labur-labur azalduko dugu eta, jarraian, eginiko lan eta aurkezpenekin utziko zaituztegu.

Lehenbiziko pausua, gaia hautatzea izan zen, baina behin hori egin eta gero, gaiaren inguruko informazioa biltzea eta ikaskideekin partekatzea izan zen. Gripearen inguruan “jantziagoak” zeudenean, aurkezpenaren gidoi bat prestatu eta aurkezpenean luzatu nahi zituzten mezuak zehazten joan ziren. Gainera, ikasturte honetan gure ikastolako irakaslea den Jokin Lacallek argitaratu zuen gune honekin, osatu genuen gure lanaren prestakuntza. Jokinek proposatzen dituen urratsak emanez, eskema eta transmititu nahi genituen ideia nagusiak finkatu ondoren, baliabide bisualak bilatzeari ekin genion. Horretarako, blog honetan argitaratu genuen “Aurkezpen digitalak ekoizteko aholkuak” izeneko mezua erabili genuen, beste batzuen artean. Diseinuak, irudiak, mezuak… modu kolaboratzailean zehazten joan ziren eta lanketa hori amaitutakoan, jendaurreko agerraldia prestatzeari ekin zioten. Entseguak burutzeko, gauzak diren bezala, ez genuen nahiko astirik izan, baina ikasle batzuk etxeko guztiak “mareatu” zituztela jakin dugu.

Talde bakoitzak bere aurkezpena gelan bertan eskaintzeko unea iritsi zenean, gu harrituta eta pozik geunden talde batzuk prestatuta zituzten aurkezpenekin. Aurkezpen horien maila bereko diskurtsoa prestatua bazuten, lan bikaina izango zen. Baina gelan burututako aurkezpen horietan agerian gelditu zen ikasleak diseinuan zentratu zirela eta transmititu beharreko mezuak bigarren plano batean utzi zituztela. Horregatik, egin genuen balorazioan, hori oso modu nabarmenean agertu zen eta hautatu zituzten gelako ordezkariekin ahalegin bat egin genuen diskurtsoa aberasteko. Talde batzuk itxura ederreko “oparia” prestatuta zuten, baina kaxa irekitzean, opari eskasa topatu genuen. Alegia, aurkezpen horiei “mamia” falta zitzaien.

Esan dugun bezala, aurkezpen horretatik, baloraziorik onena izan zituzten ikasleak izan ziren gelako aurkezpena prestatu eta aurkezteko ardura hartu zutenak. Talde guztietatik hartutako ideia interesgarrienak jaso behar zituzten eta gehien gustatzen zuen diseinua errespetatuz prestatu behar zuten lan berria. Horretarako ere, denboraz nahiko eskas ibili ginen eta entseguak egiteko oso aukera gutxi izan genuen. Hala ere, dena martxan zegoenez, egoerari aurre egin behar genion eta “A” gelako ikasleek 1. mailako gela batekin hitzordua adostu zuten eta “B” gelakoek 2. mailako beste gela batekin.

Jarraian, emaitza ikus eta balora dezakezue. Gela bakoitzak prestatu zuen aurkezpena eta saioaren bideoa ere jartzen dizkizuegu.

4.A gela

4.B gela

Hasieran, talde bakoitzak prestatu zuen aurkezpena ikusteko, klikatu ondorengo esteketan:

Pinguinoak, Diamanteak, Loroak, Google Team, Banpiroak, Jakintza City, Ordizia City eta Ninjak.

Iruzkin 1

Utzi erantzuna

Zure posta ez da argitaratuko

*

Azkenak atal honetan: Hezkuntza

Ebaluaziorekin jarraituz

Atzo Ebaluazioaren paradoxak izeneko mezua argitaratu nuen eta, ebaluazioaren gaiarekin jarraituz, gaur

Ebaluazioaren paradoxak

Azken bolada honetan ebaluazioaren inguruan lanean aritzea tokatu zaidanez, hortik zehar gordeta

Osasun ohiturak indartuz

Giza gorputza eta osasuna ardatz dituen proiektuaren lanketaren barnean, Aitziber Barandiaran, mailako
Igo Gora