Jabekuntza, ahalduntze edo boteretze ingelesezko empowerment edo gaztelaniazko empoderamiento termino horren ordain gisa, euskaraz topatu ditugun adierak dira. Gehiengo handi batentzat ez dira oso ezagunak. Horregatik, gure ekimenaren berri ematen hasi baino lehenago, hitz horien esanahia argitu nahiko genuke.

Horra hor topatu dugun definizio bat:

“Erakundeko pertsona bakoitzak duen jakintza, esperientzia eta motibazioa kanporantz proiektatuz askatzea; prozesu horren bidez, pentsamolde aldaketa gertatzen da: kontrolatzean eta beste batek kontrolatua izatean oinarritutako pentsamoldea baztertu eta pertsona guztiek beren onena emateko aukera izango duten egoera bideratu nahi duen ikuspegia nagusitzen da.”

Eta beste hau Espainiako Wikipediatik hartu duguna:

“Empoderamiento o apoderamiento, se refiere al proceso por el cual las personas aumentan la fortaleza espiritual, política, social o económica de los individuos y las comunidades para impulsar cambios positivos de las situaciones en que viven. Generalmente implica el desarrollo en el beneficiario de una confianza en sus propias capacidades.”

Ahalduntze prozesua

Ahalduntze prozesua jarraian doazen gaitasunez osatzen omen da:

  • Norberak erabakiak hartzeko ahalmena
  • Erabaki zuzena hartzeko, beharrezkoak diren baliabide eta informaziora eskuratzeko ahalmena.
  • Hautaketa egiteko aukera ezberdinak izatea.
  • Erabaki kolektiboak hartzerakoan, asertibitatez jokatzeko trebetasuna.
  • Pentsamendu positiboa izan eta aldaketak eragiteko gaitasuna.
  • Norberaren ahalmena edo taldearena ikasteko eta hobetzeko trebetasuna.
  • Pertzepzioak, bide demokratikoak erabiliz, aldatzeko trebetasuna.
  • Autoestimua hobetzea eta estigmatizazioa gainditzea.
  • Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza barne-prozesu batean sartzea.

Bada, ikuspegi hori hezkuntzara eramanda, bizikidetza eraikitzeko beharrezkoak diren gaitasunak jorratzeaz gain, norbanakoen interesak eta interes kolektiboen uztarketarako estrategiak garatzen dituzte. Bestalde, egitura piramidalek sortarazten duten interes eta konpromiso faltarekin amaitzeko bide ezinhobea da. Izan ere, esparru berri bat eraikitzen da non ikasleek, aldaketaren eragile proaktiboak bilakatuz, euren autoestimua hobetzen duten eta euren eskolarekiko duten pertzepzioa aldatzen den.

Arrazoi horiek eta beste batzuk izan ziren gure ikasleak gisa honetako ekimen batean murgiltzera eraman gintzuztenak.

Ekimen nagusia hori izanik ere, hiru zati ezberdinetan banatu dugu, hiruhilabete bakoitzean proiektu bana burutzeko.

Hasteko, saio batzuk egin genituen ikasleekin egitasmoaren nondik norakoak argitzealdera eta, nola ez, ikasleen ikuspegia eta nahiak ezagutu nahian. Oso saio aberatsak suertau ziren eta, besteak beste, honako esaldiak atera zitzaizkigun saio hauetatik:

  • Ikastola guretzat eginda badago, zergatik ezin dugu gure iritzia eman?
  • Helduek erabakitzen badute, zergatik ez digute inoiz ezer galdetzen?
  • Gure ideiak aurrera eramaten baditugu, ikastola guk nahi dugun bezalakoa izatea lortuko dugu.
  • Elkarlanean, gauza handiak egiteko gai garela erakutsi nahi dugu.

Esaldi horiek ikusita, garbi dago, gure ikastolaren inguruan aritu ginela. Honako hau izan zen luzatu genien galdera:

Zer egin dezakegu Jakintza Ikastola hobetzeko?

Hemendik aurrera, ikasleen txanda da eta beraiek azalduko dizuete eginikoa.

Kaixo, gu LH 4ko ikasleak gara eta hilabete honetan egin duguna kontatuko dizuegu.

Gehien gustatu zaigun lana AUZOLANA izan da eta ideia nagusia zer egin dezakegun ikastola hobetzeko izan da.

Lehen lanketan atera ziren esparruak ondorengo mapa mentalean bildu genituen:
Jakintza hobetzeko esparruak

Norberak pentsatutako ideiekin, ideia-jasa bat egin genuen gela bakoitzean eta beste bat bi gelak elkarturik elkarren berri izateko eta azken erabakiak hartzeko.

Hurrengo egunean, zuzendariari (Manuri) baimena eskatu genion eta horretarako eskutitz bat idatzi genuen, eta ahal zuen azkarrena erantzuteko esan genion. Berehala erantzun zigun eta bilera bat egin genuen.

Batxilergoko gela batean denak elkartu ginen eta hasieran Manuk esan zizkigun gauzak asko gustatu zitzaizkigun. Gero, gure eskaera eta proposamenekin hasi zenean, guk jarritako gai batzuk (ordutegiak aldatu, proiektuen bidez lana egitea beste mailatan ere, Alemana erakusten hastea, Frantsesa 3. mailatik hastea, etxerako lanak murriztea…) potoloak zirela bat bateko erantzuna emateko. Zin egin zigun gai horiek aztertuko dituztela eta erantzun bat izango dugula. Baina beste proposamen guztiekin arazorik ez zegoela eta laguntzeko prest zegoela esan zigun.

Azken bilera honetatik, ikastolaren esku gelditzen ziren gaiak kendu eta gure zereginak izango ziren gaiekin utzi genuen gure buru mapa.

JAKINTZA HOBETZEKO AUZOLANA

Ikastolako zuzendaritzak gure ekimenaren berri zuen, gure proposamenek zuzendaritzaren oniritzia jaso zuten eta gure ideiak aurrera eramateko prest zegoen dena. Astebete genuen dena egiteko. Proiektuko orduak eta Matematikakoak (15 guztira) erabili behar genituen dena egiteko.

Astea iritsi zenean, gauza batzuk fala zitzaikigun arren, lanak planifikatzen eta antolatzen hasi ginen. Gure ustez, hori ez genuen oso ondo egin eta gero zailtasunak izan genituen gauza batzuk garaiz bukatzeko. Adibidez, rokodromoko piezak oso berandu iritsi ziren eta oraindik ez dugu bukatu. Zirkuitua marraztea ez genuen uste horren zaila zenik eta zintarekin hasi ginenean konturatu ginen lan handia zela eta denbora asko behar zela. Armairuak margotu baino lehenago, lixa pasatu behar zela ez genekien eta horrekin espero genuena baina askoz ere lan gehiago hartu genuen. Eta horrela beste gauza askorekin.

“A” gelako talde batek pasilloak apaintzeko eta kotxe telegidatuaekin ibiltzeko zirkuito bat egiteko ardurak hartu zituen, beste talde batek rokodromo bat egiteko ardura, beste batek zakarrontziak apaintzekoa eta azkeneko taldeak ikastolako landareei plaka bana jartzekoa.

“B” gelan, armairuak apaintzeko ardura hartu zuen talde batek, beste talde batek Goierriko mapa erraldoi bat egitearena, beste batek jolas eremuan Xake erraldoi bat eta Tokoan ibiltzeko eremua margotzeko ardura hartu zuen eta beste talde batek ….

Hori egiten aritu ginen bitartean, bideoa grabatu eta argazkiak atera genituen. Jarraian, ikus ditzakezue. Ea gustatzen zaizkizuen.